INFO

Ipar Euskal Herrian bizitzeko eskubidea aldarri, Oaren aurkako auzia salatzeko ekimena

Oier Oari ukatzen zaion Ipar Euskal Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko ekimena deitu dute heldu den asteartean, Baionan. Hainbat eragilek preso ohien aurkako salbuespen neurriak salatzeko protesta babestu dute. 

Iazko otsailaren 4an Bernat Etxepare lizeoko ikasleek eginiko elkarretaratzea. (Guillaume FAUVEAU)

Bernat Etxepare lizeotik zabaldutako gonbidapenak gero eta sostengu gehiago bildu ditu. Ikasleek beraiek elkarretaratze batean parte hartzeko deia egin zuten heldu den asteartean, egun horretan Oier Oari auzia eginen diotelako Baionan.

Goizean ikastetxean antolatu duten ekimenari segida emanez 13.15etik aurrera auzitegiaren atarian protesta egiteko asmoa agertu zuten sare sozialen bidez.

Horren ondotik, Seaskako lizeoan hezitzaile bezala lan egiten duen Oaren 58 bat lankidek elkartasunean antolaturiko protesta babestu zuten gutun batez bidez.

Hainbat eragilek bat egin dute azkeneko egunotan preso ohiei ezartzen ohi zaien zigor amaigabea salatzea xede duen protesta horrekin.

Hala, Bake Bidea elkarteak eta Bakegileek asteartean iraganen den mobilizazioa babestu dute.

Agiri batean azaldu dutenez, «Oierri bezala beste dozenaka preso ohi eta iheslariri ukatua zaie Ipar Euskal Herrian bizitzeko eskubidea».

Eragile horiek oroitarazi dutenez, «hamar urte dira lurralde hau, egunez egun, bake iraunkorra lortzearen bidea jorratzen ari dela eta aipaturiko egoera horiek borondate horrekin ez dute bat egiten».

Horrendako frantses Justiziari «testuinguru politiko berria kontuan har dezala» galdetu diote eta agintari politikoei, berriz, «lurralde honen gehiengoaren borondatea entzun eta horren alde jardun dezatela».

Bestalde, Euskal Herria Baik agiria zabaldu du Oier Oari eta bere familiari bere sostengua emateaz gain, bere aurkako auzia salatzeko.

«Lurralde debekuak eta, oro har, euskal preso politiko ohiei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak bertan behera uzteko eta Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu», gehitu du mugimendu politiko honek heldu den asteartean Baionako auzitegian antolaturiko protestan parte hartzeko dei eginez.

Euskal Herria Bilduk, LAB sindikatuak, Enai, Iparra Hegoak elkarteak eta GKSk bat egin dute, baitaere, Oier Oari elkartasuna adierazteaz gain euskal preso horiei ezarritako salbuespen neurriak bertan behera uzteko garaia dela aldarrikatzeko xede duen deialdiarekin.

Fijait fitxategiaren itzal luzea

Frantziar Estatuko kartzeletan dauden euskal presoei islamismoaren aurkako borrokaren baitan frantziar Gobernuak sorturiko neurria aplikatzen zaie. Behin Fijait izeneko fitxategian izena sartuta haien eskubideak mugatuak ikusten dituzte, baita libre daudenean ere.

Ondorioz, epe mugarik ez duten neurri murriztaile sorta betetzera behartuta daude.

2016. urteaz geroztik martxan dagoen Fijait fitxategia ez zegonean ere, euskal presoak jakitun ziren kartzelako azken egunak ez zuela nahitaez askatasuna berreskuratzera eramaten.

Espainiar Estatuan epaitu gabeko auziak dituztenek kanporatzeko prozesuari aurre egin behar diote behin Hexagonoan ezarritako zigorra beteta.

Zer gertatzen da, ordea, kanporaketa gauzatu ostean Auzitegi Nazionalak frantziar espetxe sistematik urteak igaro dituen euskal herritar baten aurka auzi berririk ez badu zabaltzen?

Oier Oaren kasuak erakusten duenez, bi estatuen oniritziarekin auzibideak agortzen direnean ere bizimodu normala eramateko aukera ez da beti irabazten.

2015ko uztailaren 2an Barajaseko aeroportuan bertan libre utzi zuten donostiarra.

Auzitegi Nazionalak aste batzuk lehenago bere aurkako auzia artxibatu zuenez, Oak atzean utzi behar zituen behin betirako kartzelatik atera ondoren bizitako gorabeherak. Izan ere, lau hilabetez luzatu zen bere askatasuna berreskuratzeko prozesua.

Hala, 2012ko otsailaren 24an Angelun atxilotu zutenetik preso izan zen euskal militanta lau urteko kartzela zigorra beteta aske geratu zen 2015eko apirilaren 4an.

Izan ere, ez zuten ez aske utzi ezta espainiar Estatura bidali. Lehenik eta behin Paris inguruan dagoen Saint-Germain-en-Laye herrian konfinatu zuten. Ekainaren 17an berriz atzeman zuten eta erretentzio zentro batera eraman zuten uztailaren 3ra arte. Egun horretan Madrilgo Barajas aireportura eraman eta aske geratu zen donostiarra.

Lehen unetik Larresoron zuen familiarekin bere bizitza antolatzeko asmoa agertu zuen askatu berriak.

Nahikeria horrek kartzelatik atera zenean frantses lurraldean bizitzeko ezarri zioten debekuarekin topo egiten zuela jakin arren berriz ere Ipar Euskal Herrian plantatu, lana bilatu eta, anartean, Justiziari muga hori kentzeko desmartxari ekin zion donostiarrak Amaia Rekarte bere abokatuarekin laguntzaz.

Lurralde debekua altxatzeko eskaera bi errefusatu ondoren, 2020ko azaroaren 25ean Oaren egoera oraindik ere zailago bilakatu zen. Egun horretan Baionako Bernat Etxepare lizeora lan egitera zihoala frantses Poliziak kontrol batean gelditu eta atxilotu egin zuen preso ohia.

Jerome Bourrier prokuradoreak Fijait delakoa ez errespetatu izanagatik atzeman zutela jakinarazi zion.

Baionako auzitegian izan zuen agerraldiaren bezperan Oak argiki azaldu zuen bete beharrik gabeko espetxe zigorra ezartzeko Fiskaltzak eginiko proposamenarik ez zuela onartuko.

Emaztea eta hiru seme Larresoron utzita Hego Euskal Herrira bizitzera itzuli zen ondoko bataila lurralde debekua ezarri zion Parisko Dei auzitegian jokatuko zela jakinik.

Bere abokatuak ezarritako hirugarren helegiteari buruz aipaturiko auzitegiak hartuko zuen erabakiaren zain geldirik geratu zen, bide batez, Baionan egin behar zioten auzia, jujeak ebazpen hori ezagutu arte auzia gibelatzeko Rekartek luzaturiko eskaera onartu zuelako.

Baionan eginiko auzi saio horren bezperan Oaren aldeko ekimena aurkeztu zuten Larresoron.

Auzitegiaren aitzinean, berriz, preso eta errefuxiatu ohiek agerraldi jendetsua egin zuten militante donostiarrari auzitegian ezarritako hitzorduaren egun berean.

Bai Oaren aurka baita beste preso eta iheslari ohien kontra estatuek harturiko salbuespen neurriak bertan behera uztea exijitu zuten. «Baionako epaitegian izanen gira aplikatzen zaizkigun salbuespenezko neurriak bertan behera uzteko eta Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko», iragarri dute gaur zabaldu duten agiri batean.

Lurralde debekua altxatzeko eskaerak

Iazko azaroan 8an Parisen igaro zen auziak ez zuen aldaketarik ekarri Oier Oaren auzian. Rekarte abokatuak agiri berriak jasotzen zituen dosierra defendatu zuen, frantses legeak ezartzen duen baldintzari erantzunez. Lurralde debekuak Oaren familiari sortzen zizkion ondorio txarrak izan zituen aipagai, baita Euskan Herrian dagoen testuinguru berria ere.

Hain zuzen Oaren auziaren ibilbidea jorratzen duen ‘Zigor bat gehiago’ dokumentala estreinatu zuen Kanaldude telebistak auzi erabigarri horren testuinguruan.

Auziaren harira Amaia Rekarte abokatuak NAIZi azaldu zioenez, familia zein lan jardueraren aldetik Oa Larresoron sustraiturik zela frogatzeko elementu sendoak aurkeztu zituen azaroaren 8ko auzi saioan. Alferrik. Fiskaltzaren ohiko jarrerarekin egin zuen topo donostiarraren defentsak.

Abenduaren 6an jakitera eman zuen ebazpenaren bidez epaitegiak lurralde debekua atxikitzea erabaki zuen.

«Juridikoki nekez ulertu daitekeen erabakia hartu du auzitegiak», nabarmendu zuen erabakia ezagututa Amaia Rekartek.

Finean, heldu den otsailaren 15ean Oaren auzia aztergai izanen du Baionako epaitegiak.

ETAk bere jarduera armatua bertan behera utzi zuenetik hamar urte bete direnean kartzelan izan diren herritarrek berriz ere bere herrian bizi eta lan egiteko eskubidea duten edo, alderantziz, amaierarik ez duen erbesteratze antzeko bat behar duten pairatu deliberatu behar du epaileak.

Ipar Euskal Herriak bakea eta bizikidetza eraikitzeko jorratu duen bidea aintzat harturik lehen aukerari heltzeko eskaera luzatuko diote epaitegiaren aurrean «Oier gurekin» leloa zabalduko duten Etxepare lizeoko ikasleek zein elkartasun ekimenarekin bat egin duten eragileek.