Kopako serie-buru izateko, Lointek Gernikak Cadi La Seuren kantxan irabazi behar du
Bere garaian covid-19a zela-eta atzeratutako partida jokatuko dute bizkaitarrek eta katalanek larunbatean 18.00etan. Irabazten duenal Endesa Ligako aurreneko itzulia laugarren postuan amaituko du eta Kopako final-laurdenetan Perfumerias Avenida, Girona eta Valentzia Basket saihestuko ditu.
Aurreneko itzuliko partida bat bakarra falta zaio Lointek Gernika Bizkaiari: larunbatean 18.00etan Cadi La Seu taldearen etxean jokatu behar duena talde katalanaren kontra.
Talde biek jakin badakite martxoan Valentzian ospatuko den Koparako txartela eskuan dutela, baina zapatuko neurketa hau ez da tramite hutsa, irabazlea Kopako serie-buru izango delako; hau da, aurreneko itzulia aurreneko lau barruan amaituko duenez, final-laurdenetako kanporaketan areriorik zailenak –Perfumerias Avanida, Spar Girona eta Valentzia Basket– saihestuko ditu. Galtzailea, berriz, IDK Euskotren, Zaragoza eta Estudiantesekin batera, zozketan zer aterako zain geratu beharko da.
Ez dauka lan makala Mario Lopezen lantaldeak, aurrean Irati Etxarri lider duen taldea baitauka. Egia da hasierako txispa –hegal-pibot nafarrari bereziki– apur bat itzali zaiola, baina baita Bernat Canutek zuzentzen duen taldean beste izen propio batzuek aurrera pauso bat eman dutela: direla Raventos eta Peña antolatzaileak, direla Ariadna Pujol, Pivec eta Tunstull hegaleko eta pibotak.
Ariztimuño gabe
Partidak bestela ere izango duen zailztasunaz gain, aintzat hartu behar da gernikarrek ezingo dutela Itziar Ariztimuñorekin jokatu aurtengo denboraldia amaitu bitartean.
Asteon kirofanotik pasa behar izan du antolatzaile bilbotarrak Leganesen aurkako partidaren amaieran kolpe baten ondorioz eskuin eskuko laugarren eta bosgarrek hatzak hautsita amaitu zuelako. Ondorioz, Roselis Silva eta Roso Buchen artean banatu beharko dituzte jokoa antolatzeko lanak.
Lointek Gernika Bizkaiaren webguneak ere «Finala» dela adierazten du larunbat arratsaldeko neurketa. Aipatu hiru «erraldoien» atzetik, laugarren postua bermatuko du garaileak, eta horrek finalerdietarako txartelik emango ez badu ere, dezente erraztuko dio bidea irabazleari.