INFO

LABek greba deitu du Trapagarango Amazoneko kontratan hurrengo astelehenean

Amazon-Trapagaranen paketeak banatzen dituen kontratetako baten langileek hiru greba egun deitu dituzte. Lehenengoa hilak 14an izango da, datorren astelehenean. Helburua langile baten kaleratzea eta enpresak LABen afliliazioaren aurka jartzen dituen zigorrak salatzea da.

Amazonen pabiloia, Trapagaranen. (Luis Jauregialtzo | FOKU)

E-BOX Last Mille enpresako langileek greba deialdia egin dute datorren astelehenerako, hilak 14. Grebaren asmoa enpresak LABen afiliazioaren kontra jarritako zigorren eta langile baten kaleratzearen aurka egitea da.

Sindikatuak ohar baten bitartez azaldu duenez, urtarrilaren 8an E-BOX-eko langileek hauteskunde sindikalak egin zituzten eta hauetan, «langile gehienek LABeko proiektu sindikalaren inguruan antolatzea erabaki zuten». Ondorioz, Amazonen azpikontrataren lan-baldintzan duintzeko hainbat ekintza egin dira, bai lan ikuskaritzan, bai epaitegietan ere.

«Zigorra jaso duten langile guztiek, hala nola kaleratutako langileak, ekintza judizialak hasi zituzten lan-baldintzak hobetzeko eta aplikazio-hitzarmena aldatzeko. Neurri errepresibo gisa, zigorrak eta langile klasearen aurkako erasorik handiena den kaleratzea pairatu dituzte», salatu du LABek.

Hori dela eta, langileek BI-3746 errepidean dagoen Trapagarango Amazoneko biltegiaren aurrean mobilizazioak egingo dituzte lehenengo greba egunean, kaleratutako lankidea berriz hartzeko eta zigorrak kentzeko eskatzeko. Mobilizazioa goizeko 09.15ean hasiko da. Gainera, mobilizazio gehiago iragarri dituzte.