INFO

Amazoneko furgonetei banaketak egitea galarazi diete «errepresio sindikala» salatzeko

E-Box Last Milleko, Amazonek azpikontratatutako banaketa enpresako, beharginek Amazonen paketeak banatzen dituzten 500 furgonetei bidea moztu diete enpresak ezartzen dien «errepresioa» salatzeko eta kaleratutako langile baten berkontratazioa exijitzeko. 

E-Boxeko langileak Amazoneko Trapagaraneko biltegien aurrean protestan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

E-Box Last Mille Trapagarango banaketa enpresako beharginek lehen greba eguna izan dute astelehen honetan. LAB sindikatuak ordezkatuta, Amazonen azpikontratatutako plantillak Jeff Bezosen Trapagarango biltegiko sarreran egin du protesta, BI-3746 errepidearen parean, 500 furgonetari banaketak egitea galaraziz. Greba egunarekin bi helburu nagusi plazaratu dituzte langileek: «Langile baten kaleratzea eta enpresa gure afiliazioaren aurka jartzen ari den zigorrak salatzea».

LABek zehaztu du E-Boxek soldatapean 26 langile dituen arren, lan poltsa batean dauden beste 30-40 langilek eta beste hainbeste «autonomo faltsuk» egiten dutela lan banaketa enpresarentzat. Gainera, LABeko Ezkerraldekao Zerbitzu Pribatuen Federazioko arduraduna den Gotzon Mardaratsek zehaztu du E-Boxez gain, beste banaketa enpresa batzuk ere egiten dute lan Bizkaian Amazonentzat eta, beraz, guztira «500 furgoneta» ibiltzen direla egunero Trapagarango Amazonen biltegitik joan-etorrian.

LABek deitoratu duenez, «azpikontrata horren lan baldintzek beraien ausentziagatik egiten dute distira». Konkretuki, sindikatuak salatu du beharginek ez dutela lan egutegirik, egunean 150 banaketa baino gehiago egin behar dituztela eta E-Boxek ez duela dagokion Bizkaiko garraioko lan hitzarmena betetzen. Beraz, beharginek 800 euroren bueltan kobratzen dituzte hilero, Estatu espainiarreko mezularitza hitzarmena aplikatzen baitiete.

Egoera honi buelta emateko, iragan den urtarrilaren 8an E-Boxeko langileek hauteskunde sindikalak antolatu zituzten eta LABen proiektu sindikalaren inguruan antolatzea erabaki zuten. Hori horrela, sindikatuak jakinarazi du, lan baldintzak hobetzeko asmoz, beharginetako batzuek bide judizialari ekin ziotela eta, ondorioz, enpresak «neurri errepresiboak» hartu dituela beraien aurka. Tartean, langileetako baten kaleratzea eta plantillako kideen «jazarpena».

Jazarpenari dagokionez, sindikatuak ohartarazi du joan den ostiralean, greba baino bi egun lehenago, enpresak bi langile «mehatxatu» zituela eta hori grebara jotzeko arrazoi bat gehiago dela. Testuinguru honetan, astelehen honetakoa ez da E-Box enpresako beharginek egingo duten mobilizazio bakarra izango, datorren otsailaren 21ean eta 28an, astelehenak hauek ere, plantilla protestan irtengo da eta.

Bezeroen puntuazioak «aitzakia»

Mardaratsek NAIZi azaldu dionez, E-Box enpresak Amazoneko bezeroen asetze eta zerbitzuaren puntuazio txostenak «aitzakiatzat» erabiltzen ditu beharginak jazartzeko. Bezeroek banaketari buruzko kritika kaskarrak ezartzen badituzte (paketea berandu, kaltetuta edo helmugara iritsi ez dela argudiatuz) E-Boxek faltak ezartzen dizkie langileei. Horrela, langileek hilabete bateko epean hiru falta pilatzen badituzte, enpresak astebetez enplegua eta soldata kentzen die.

«Langileak babesgabe daude kritika hauen aurrean. Izan ere, bezeroak Amazonenak direnez, ezin dituzte kritikak begiratu erreklamazio posibleak ezartzeko», deitoratu du Mardaratsek. Gainera, metodo hau erabiliz dagoeneko hiru langile zigortu dituztela azpimarratu du Ezkerraldeko Zerbitzu Pribatuen Federazioko arduradunak.

Horretaz gain, Mardaratsek jakinarazi du zigortuak izan diren «langile guztiak LABeko afiliatuak» izan direla eta hauteskunde sindikalak egon aurretik puntuazio eta bezeroen kritika hauek existitzen baziren ere, E-Boxek ez zituela «langileak zigortzeko erabiltzen».

Bukatzeko, Amazoni langileen egoeraren erantzukizunaren zati bat esleitu dio Mardaratsek: «Amazon E-Box bezain erruduna da. Amazonek ez balitu jartzen dituen prezioak jarriko, langileek baldintza hobeak izango lituzkete».