INFO

«Musikartzela», presondegi barruko doinua hitzez bildua

Mixel Etxekopar musikariak Lannemezango espetxean ematen dituen musika ikastaroetako bizipenen kronikak “Musikartzela” liburuan bildu ditu. Bertan preso guztiekin egindako lana kontatzen du, baina Didier Agerre preso politikoarekin izandako harremana bereziki ageri da, 2021ean atera zen arte.

Mixel Etxekoparrek azken hilabeteotan argitaratu dituen bi liburuekin. (BOB EDME)

«‘Musikartzela’ abentura bat da; 2008an hasi zen Lannemezaneko kartzelan euskal presoekin, eta bildu ziren beste batzuekin, musika ikastaldiak ematen hasi ginelarik», azaldu du Mixel Etxekoparrek. Liburua «hitzezko argazkiz» osatuta dagoela baieztatu du artistak; urteetan zehar izan diren esperientzien kronikez, hain zuzen ere.  

Baina proiektua lehenago abiatu zen; 2004an hasi zen, Didier Agerre preso zuberotarrak Fleury-Merogis espetxetik Etxekoparri eskutitza igorri ziolarik txirula jotzen ikasi nahi zuela esateko. Liburua ere momentu horretan hasten da: «Obra poema batekin abiatzen da, eta beste batekin bukatzen. Bukaera data 2021eko ekainaren 24a da; azkena orduan idatzi nuen, preso pagolarra atera zelarik».

Gutunean pagolarrak txirula nola eskuratu ez zekiela esaten zion; musikariak ez bazekien ere, bat egin zuen proiektuarekin: «Bihotzak arrapostua eman zidan berehala, eta baietz erran zuen. Bistan dena zuzendaritzak idorki ezetz esan zuen, arriskutsua baita».

Proiektu horrek aurrera egin ez bazuen ere, presoa bisitatzera joatea erabaki zuen. Hortik bien arteko harremana sortu zen, eta aukera izanen zelarik, proiektu bat egiten entseatuko zirela adostu zuten. Agerre 2007an Lannemezaneko kartzelara hurbildu zutelarik izan zen hori. Proiektua ofizialki 2008an abiatu zen, eta geroztik musikari zuberotarrak presondegian egiten duen lana ez da eten.

Ikastaroen hasierarekin liburuko kronikak ugaritzen dira, eta antolatu zituzten beste ekimen batzuen berri ere ematen da bertan: «Orrialde bat edo bikoak dira; badira ere kartzelan kontzertuak antolatu genituenekoa; horiek hiruzpalau orrikoak. Bada data emana, eta izen batzuk, norekin zen, eta afixak edo elementu batzuk ere badira batzuetan. Anitzetan Diderren gutunak edota kanturen baten hitzak agertzen dira; beste batzuetan, oihartzuna egiten duen poema bat; hau da, badira poesiazko leihoak ere».

Kartzelatik ateratzean autobide bazterrean

Idazlan horiek ez ziren liburu bat osatzeko sortuak, idazleak bere baitarik eta berarentzat idatzitakoak baizik: «Handik ateratzean egiten nituen horrelako idazlan txikiak. Autobide bazterreko ostatuan gelditzen nintzen eta idazten nuen kronikatxo bat, kafetxo bat hartzen nuen bitartean, eta deskonpresio pixka bat lortzen nuen horrela. Karpeta batean gordetzen nituen, eta 10 urtez ez dut ukitu orain arte».

Berriz eskuetan hartu eta irakurtzen hasita “hitzezko argazki” horrekin «film moduko bat» ikusi zuen. Orduan, ZTK argitaletxeko editore Paxkal Indori aipatu zion proiektua, eta liburu bilakatu dute elkarrekin.

Obra osatzen duten kontakizunen baitan, gertakari zehatzek idazlearen izaera artistikoarekin bat egiten dute: «Bietarik bada, batzuetan zalantzak, norbait heltzen delarik lehenbiziko aldiz ikastaldietara eta egiazki gaizki baino gaizkiago, eta batzuetan, txori bat presondegiko pareta gainean, eta batzuetan barnera badoa, edo batzuetan ezkerretara, eta zantza badu, eta hortik abiatzen nintzen, horrelako gertakari txikietatik».

Finean, denetarik eta bizipen propioetatik egina dagoela nabarmendu du Etxekoparrek: «Tonu arina ibili dut, sentitzen nuen bezala, bihotzarekin. Batzuetan gertakari serios bat izan da, baina gehienetan gertakari arinak ere bai».

Kartzelako proiektuak

Agerrerekin abiatu proiektuak oihartzun zabala izan du. Egitasmoaren oinarri ziren musika ikastaldiekin batera, espetxean bestelako ekimenak ere egin dituzte, eta horien berri ere ematen du Etxekoparrek liburuan: «Barruan kontzertuak gomitekin antolatu ahal izateko, nik nuen zubia egiten, eta orduan konturatu nintzen musikaz haratago doala bizia. Zubi-lana egitea gustuko dut, eta horrela egiten nuen musikalki, baina batzuetan ere anitzez urrunago joan da afera; adibidez, kabaret oso bat antolatu genuen musika, antzerkia eta kantua elkarturik 2014an, eta denen artean prestatzeko entsegu andana egin behar izan ziren».

Bide ezberdinen bitartez sartu da musika: «Batzuetan izan dira sartze oso puntualak, baina oso biziak; adibidez, Xiberoots taldea sartu zelarik. Prestatu genuen Didier Agerrerekin taldearen ‘Elkarri mokoka’ kantuaren zati bat, eta ez ziren mokoka aritu, baina elkarrekin egin zuten, nahasiz kantuaren erritmoan. Hori biziki baliosa izan zen, horrelako gazte tropa bat sartzen delarik presondegian, zein odol berria izan zen. Horrelako zubi ederrak izan dira batzuetan; gero izan zen arras ederra Niko Etxart eta Anje Duhalderekin».

Euskal presoak dira nagusi ikastaroetako parte-hartzaileen artean, baina ez soilik: «Horietarik bat, Sebastien, izan da zutabe bat taldean, bai jendetasunez, bai gu eta haiek animatzeko proiektu horrek iraun dezan. Badira gorabeherak, kanpoan bezala, eta proiektuen arabera izan dira lau eta zazpi preso. Batzuetan besterik ere bai, frantsesak edo kanakiar duin bat ere bagenuen, oso musikari fina, eta gizarteratzea egiten zuena ere, bere etxetik 20.000 kilometrora. Badira euskal koloreekin, ortzadar koloreak».

Agerreren gutunak irekitako  bideak pertsonalki egin dion ekarpena azpimarratu du Etxekoparrek: «Hasi nintzelarik, gaztetxo nintzela, txirula ezpelezko txotx batean mugatzen, ez nuen pentsatzen ahal horrekin hainbeste bidaia eginen nuela. Bai fisikoki, zeren ibili izan naiz hantxe-hortxe, baina baita moralki ere. Ez nuen pentsatuko ere horrelako galderarik izanen nuenik. Zeren bidaia bat gehiago izan da enetako abentura dorpe hori, aberasgarria izan da».

Presoekin partekatzen dituen une horiek abiapuntu hartuta, beste proiektu bat ere sortu zuen musikariak duela bi urte, eta emaitza “Musiheska” diskoa izan zen. Liburuan diskoaren berri ere ematen da, eta horrela azaltzen du musikariak egitasmoaren ibilbidea: «Joaten nintzen autoz France Culture irratia entzuten, eta ohartu nintzen bazutela mikrofonoa presondegian, eta haiek egiten bazuten, nik ere egingo nuela. Bistan dena, hilabeteak edo urtea pasa ziren lortu ahal izateko, baina hori ere onartu egin zuten, eta disko oso bat grabatu genuen».

Diskoan grabatu zutenari buruz hau gaineratu du: «Ohartu nintzen kurtsoetan presoek kantatzen zutela Anje Duhalde, Niko Etxart, bai eta Calogero… ere, baina haiek bazutela beste zerbait esateko. Hasi ziren hiruzpalau idazten, eta taldearekin musikatzen, eta ederra zen afera. Proiektua anbizio handikoa zen: mikroekin sartzea, grabatzea gure kantu berriak, eta lekukotasunak, eta kartzelako ahotsa, eta horiekin kartzelatik ateratzea eta horiekin disko bat egitea, eta publikatzea». Hortik sortu zen eta 2018an kaleratu zen.

Txiki eta handientzat

“Musikartzela” bezala, askatasuna hizpide duen liburua da “Txori M”, Etxekoparren arabera: «Funtsean konturatu nintzen bi liburuak gauza berari buruz mintzo zirela, eta aipatzen zutela libertatea». Justuki askatasun hori eskas zen momentuan sortu zen egitasmoa: «Bigarren itxialdiko denboran oso beltz ikusi genuen; hori dela-eta proiektua egitea pentsatu genuen». 

Lagun duen Rene Martinez ipuin kontalariak frantsesez sortutako istorio batetik abiatzen da obra, “Txoria kaiolan”. Bi artistek elkarrekin egiten dituzten emanaldietatik ezagutzen zuen kontakizuna, eta itzulita bertsio berri bat egitea pentsatu zuen, euskarazko erreferentziak eta kantuak gehituz, eta borobiltzeko, Christian Vieussensen margoek ilustratzen dute. Ahozko bertsioa ere badu, non musikak ipuina laguntzen duen;, artistaren alaba den Maika Etxekoparrek ere parte hartzen du bertan kantari.

Obra denetariko publikoari  zuzendua dagoela nabarmendu du Etxekoparrek. «200 urte arteko pertsonei» zuzenduta dago, eta Euskal Herri osokoei, «Santa Grazitik Santurtziraino». Hala ere, jatorri duen Zuberoako euskalkian idatzita dago, besteak beste, euskara aberasteko bidean. «Irakasle izan nintzen urte luzeez, eta preziatzen da zubereraz materiala izatea».