INFO

Poliziak Kanadaren eta AEBen arteko zubi estrategiko bat zabaldu du

Kanadako Poliziak Windsor eta Detroit arteko zubi estrategikoa blokeatzen zuten txertoaren aurkako manifestariak bertatik bidali ditu. Beste zubi batzuek itxita jarraitzen dute eta Otawako zentroan protestak ez du etenik.

Poliziak Ambassador zubi estrategikoaren blokeoari amaiera eman dio. ( Jeff KOWALSKY | AFP)

Kanadako Poliziak Windsor eta Detroit hiriak lotzen dituen Ambassador zubia guztiz zabaldu du astelehen honetan, ia astebete itxita egon ondoren.

Kamiolariek bultzatu duten pandemiaren aurkako txertoaren kontrako protestek Kanadaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko hainbat zubi estrategiko blokeatu dituzte. Bide batez, Otawa hiriburuan eta Kanadako beste hainbat hiritan protestek jarraitu egiten dute.

Ambassador zubia, Ontarioko probintzian dagoen Windsor hiria eta AEBetako Detroit hiria lotzen dituena, guztiz estrategikoa da eta astebete egon da itxita.

Ipar Amerikako herrialdeen arteko merkatal trukearen produktuen %25a zubi horretatik igarotzen da, batez ere ibilgailuen industrian. Gainera, 40.000 pertsonek zubia zeharkatzen dute egunero, batez ere Detroiteko ospitaleetan lan egiten duten erizainek.

Bi egun behar izan ditu Poliziak Kanadaren eta AEBen arteko zubi estrategikoena zabaltzeko. 23 pertsona atxilotu ditu eta geratzen ziren 10 kamioietatik 7 atoian eraman behar izan dituzte.

Horretarako larrialdi egoera ezarri behar izan du Ontarioko probintziako Gobernuak eta epaile batek oneritzia eman behar izan dio Poliziari.

Gobernu federalaren Larrialdietarako ministroak ez du baztertu eskumena bereganatzea protestei aurre egiteko. «Poliziak bere lana egitea behar dugu. Horretarako daude legeak», ziurtatu du Bill Blairrek. Segurtasun konpententziak deszentralizatuta daude Kanadan.

Hirugarren astea

Txertoaren aurkako protestak hirugarren astean sartu dira eta manifestazioak izan dira aurreko asteburuan Otawan, Toronton eta Montrealen. Bide batez, Albertako eta Manitobako probintzietan AEBetara joateko hainbat zubik itxita jarraitzen dute.

Protestalariek Justin Trudeau lehen ministro liberalaren dimisioa exijitzen dute. Honek lasaitasunerako mezua zabaldu du Twitterren bidez. «Lanean irmo jarraitzen dugu lanpostuak, segurtasun publikoa eta ekonomia bermatzeko eta gure auzoak babesteko», esan du Trudeauk.