INFO

Donostiako Ikatz kaleko bi tabernatako banderak lapurtu dituzte

Donostiako Alde Zaharreko Ikatz kaleko bi tabernatan kanpoaldeko mastetan zeuzkaten banderak lapurtu dituztela salatu du Herria Kultur Elkarteak. Horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia ez dela nabarmendu du elkarte honek, «jarrera politikoa batzuekiko gorrotoa» salatu aurretik.

Herria tabernako kanpoko mastetatik ikurrina eta arrano beltza lapurtu dituzte. (HERRIA KULTUR ELKARTEA)

Donostiako Alde Zaharreko Ikatz kaleko bi tabernatan «berriz ere» kanpoko mastetan jarritako banderak lapurtu dituzte, Herria Kultur Elkarteak salatu duenez.

Elkarte honek nabarmentzen duenez, ez da horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia eta ez du aparteko harridurarik sortu Ikatz kaleko tabernani eta auzokideen artean. «Duela aste gutxi ere egin zuten hori. Auzokide batzuk izan ziren ‘ekintza’-ren lekuko; zazpi pertsona inguruk erakunde politiko eta sozialen kartelak eta banderak amorruz kendu zituzten», azaldu du Herria elkarteak ohar batean.

«Ez da kaltea bera, jarrera politiko jakin batzuekiko gorrotoak eraginda jarduten duten pertsona horien jarrera baizik, haserretzen gaituena. Gorroto delitutzat har liteke?», gaineratu du Herriak.

«Ikurrina, Arrano Beltza edo Presoak Etxera bezalako banderak lapurtzeak adierazten du egileak aurka daudela eta, gainera, badakitela poliziaren patruilaren bat ikusiz gero ez zaiela ezer larririk ekarriko», salatu du Ikatz kaleko elkarteak.

«Herria Elkarteak egoera hori salatzen du, Euskal Herrian ezker abertzaleari hainbestetan eskatzen zaion adierazpen askatasunaren eta bizikidetza sozialaren mesedetan», erantsi du.