INFO

Eba Blancok baieztatu du EAren idazkari nagusi kargurako aurkeztuko dela

Eusko Alkartasunak kongresua egingo du asteburu honetan. Egungo idazkari nagusiak, Eba Blancok, berriro kargurako aurkeztuko dela baieztatu du eta biltzarra «berme guztiekin» egingo dela ziurtatu.

Eba Blanco, Gasteizko Legebiltzarrerako bidean. (Raúl BOGAJO/FOKU)

Otsailaren 19 eta 20an egingo du XIII. Kongresua EAk. Telematikoa izango da eta eztabaida eta bozketak internet bidez egingo dituzte, baina igandean Gasteizko Europa Jauregian ekitaldia egingo dute, bukaera emateko.

Eba Blanco da egun alderdiko idazkari nagusia eta Euskadi Irratian gaur goizean baieztatu duenez, berriro aurkeztuko da kargurako. «Alderdia berpiztu behar da, ilusioa berpiztu behar da alderdikideen artean. Inportanteena da ez hainbeste zuzendaritza eta nortzuk jartzen dugun hor aurpegia, baizik eta larunbatean ponentzia politikoan aterako dena», esan du.

Ez du argitu nahi izan nortzuk osatuko dute berarekin batera zuzendaritzarako aurkeztuko duen lantaldea eta «bere momentuan» iragarriko duela zehaztu du. Blancoren esanetan, EAren «altxorra» herrietan dauden afiliatu eta militanteak dira eta haien babesa sentitu du. «Ea lortzen dugun alderdiaren izena berreskuratzea», erantsi du.

Bera eta bere lantaldearen nahia EH Bilduren proiektuaren baitan jarraitzea dela berretsi du, «EH Bilduren barruan EA indartsu bat» izateko.

Kongresua telematikoki egiteagatik jaso dituzten kritiken inguruan, Blancok ziurtatu du biltzarra «berme guztiekin» egingo dela eta biltzarkide guztiek «eskubide guztiekin» parte hartuko dutela. Zailtasunak izan dituzten pertsonei laguntzeko alderdiak «tresna guztiak» jarri dituela nabarmendu du. «Prozesua oso gardena izan da, gure araudiek esaten duten moduan. Arazoak beti sortzen dira baina etorri zaizkigun guztiak konpondu egin dira».

Biltzarraren biharamunean Maiorga Ramirez, Iratxe López de Aberasturi, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korresi militantzia etengo zaiela eta, Blancok ez du uste horrek kongresua bera baldintzatuko duenik.

Sektore kritikoarekin komunikazio zubirik badagoen eta kongresutik krisia bideratuta ateratzeko aukerarik dagoen galdetuta, ezkor mintzatu da. Azaldu duenez, 2019tik «saiakera asko» izan dira egoera konpontzeko, baina «eurek salaketa aurkeztu zuten epaitegietan». «Gauzak gogortu egin dira azken aste honetan eta giroa ez da ona», onartu du.

Carlos Garaikoetxea lehendakari eta alderdiaren sortzailea kritikoekin lerratuta dagoela eta, Blancok honako gogoeta egin du: «Errespetua zor diot, onartu behar da Garaikoetxeak zer suposatu duen herri honetan, oso pertsona inportantea da herri honetan eta alderdian, baina nire iritziz alde batean egotea ez da ona. Norbaitek josi behar bazuen alderdi hau bera zen pertsona aproposa hori egiteko, erdigunean kokatzeko eta gatazka honekin amaitzeko. Alde horretatik pena dut, alde batean agertzen delako eta nik uste horren gainetik egon beharko lukeela».

Bestetik zuzendaritzarekin kritikoa den sektoreak «iparraldeko ordezkaritza 20 konpromisariora puztea» leporatu dio Eba Blanco alderdiko idazkari nagusiari, «babes artifiziala handitzeko». Era berean, Blancok bere kargua berretsi nahi duela salatu du, «afiliazioak botoa zuzenean ematen duen primario prozesu bati aurre egin gabe».

Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, atzo arratsaldeko azken orduan, EAren Kongresua hasteko 48 ordu besterik geratzen ez zirenean, Blancok konpromisarioen zerrenda bidali zuen tokiko erakunde bakoitzeko, eta harekin batera «irregulartasun berri bat azaleratu zuen, Iparraldeko lurraldeari Kongresuan botoa emateko eskubidea zuten 249 konpromisarioetatik 20 esleitzen baitizkio».