INFO

EH Bilduren esanetan, «eskola publikoak gehiago izatera pasatu behar dira»

EH Bilduko Pello Otxandianok azaldu duenez, «eskola publikoan abandonu sentsazio bat» dago, eta horri aurre egin beharko lioke EAEko Hezkuntza Lege berriak. «Eskola publikoak gehiago izatera pasatu behar dira», adierazi du. Halaber, Kontseiluak eta LABek zuzenketak aurkeztu dizkiote proposamenari.

Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkidea eskola publikoaren aldeko manifestazio batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Pello Otxandiano EH Bilduren Programa arduradunak adierazi duenez, «eskola publikoak gehiago izatera pasatu behar dira», eta horretarako ezinbestekoa da EAEn Hezkuntza Lege berrian publikoa ardatz izatea; izan ere, bere esanetan, «eskola publikoan abandonu sentsazio bat» dago.

«Ez zaio atentziorik eman eta ez dira ematen ari eman behar ziren aldaketak. Eta errekonozimendua ere merezi du herrigintzaren alde egindako lan guztiagatik, are gehiago, dituen baliabide urriak kontuan izanda», azpimarratu du Euskadi Irratian.

Bere ustez, Gasteizko Legebiltzarrean jorratu den legearen helburua «izan behar da salto kualitatibo bat ematea eta segregazioaren auziari erantzutea behar den seriotasunez. Behar dira baliabide pedagogikoak, zuzendaritzak formatu eta ahalduntzea, eskoletan garatu behar diren hizkuntza proiektua garatzeko baliabideak...».

«Benetan autonomia pedagogiko hori garatzeko baldintzak egon daitezen sistema aldatu behar da, arkitektura bera», ohartarazi du, eta gaur egungo sistema «disfuntzionala» dela kritikatu. «Eta hori da akordio honek ekarri behar duen jauzia: aldaketa estruktural bat eskola publikoek baldintza eta baliabide nahikoa izan dezaten hezkuntza kalitatean salto bat emateko».

EH Bilduk egindako ekarpenei dagokionez, kontzertazio unibertsalarekin bukatu behar dela nabarmendu du, azaldu duen bezala, «diru publikoa jasotzen duenak konpromiso batzuk» hartu behar dituelako, «eta administrazioak horiek betearazi».

«Bigarrenik, ekitate falta larria dago eta neurriak hartu behar dira. Planifikazio estrategiko bat behar da, doakotasun erreala, finantzazio publikoak jasotzen dituenak ezin ditu kuotak kobratu, eta hirugarrenik, sistema bera eraldatu behar da», dio.

Euskararen garrantzia

Halaber, eskola mapa «berdimentsionatu» behar dela nabarmendu du. «Jaiotza tasa behera doa eta erabaki behar dugu zenbat eskola behar ditugun eta nolakoak izan behar diren eta hori planifikatu behar da», esan du euskalduntzean jauzia eman beharra dagoela azpimarratu ostean.

Zentzu honetan, kritikatu du A eta B ereduek eta baita D ereduak hainbat kasutan ez dituztela legeak ezarritako helburuak betetzen; «beraz, jauzia eman behar da irakasteredu beri baterantz, non euskara izango den ardatza». «Etxetik euskara gutxi zekarrenari eskolan euskara gutxi eman zaio eta guk uste dugu alderantziz izan behar dela, hizkuntza gehiago eman behar zaio, hori da helburua», dio.

Halako neurriak Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatuko dira. «Egon dira elkarrizketak alderdien artean eta badago oinarri bat partekatzen dugula eta ponentziatik pasatu diren eragileen iritzia kontuan izanda, hori ponentzian jartzen saiatu gara, baina orain bakoitzak bere ekarpenak egin behar ditu. Orain horretarako epea luzatu da hala eskatu dutelako, baina behin epe hori amaituta ere, hori lege bihurtzeko bidea ere luzea da eta aldaketak jasoko ditu proposamenak», azaldu du.

Kontseiluaren zuzenketak

Euskalgintzaren Kontseiluak, bere aldetik, ostiral honetan aurkeztu ditu EAEko hezkuntzaren eraldaketarako zirriborroaren zuzenketak; hamazortzi guztira.

Bi atal bereizi ditu zuzenketetarako. Lehenik eta behin, hezkuntza komunitateko eragile nagusienekin adostutako Euskaraz Hazi Berdintasunean Hezi adierazpenari lotutako bi ekarpen, eta bestetik, Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen proposamena oinarri gainerakoak.

Kontseiluak gogorarazi du abenduaren 16an Ehige, EHko Ikastolak, Heize, Kristau Eskola, Hik Hasi, ELA, LAB eta Steilas eragileek, Kontseiluarekin batera, ekarpen bateratua aurkeztu zutela.

«Egun, eragile sozialen, sindikalen eta euskalgintzaren aldetik ez da lortuko horrelako adostasunik hitzarmenaren beste edozein puntutan. Horrexegatik, hezkuntzaren gehiengoaren eskaerak oinarrien zirriborroan jaso ez izana, harriduraz ez ezik, kezkaz ere hartu du Kontseiluak», agertu du.

Horrela, aipatutako eragileek adostutako adierazpena bi ekarpenetara ekarri du Kontseiluak. Lehenaren arabera hitzarmenak jaso beharko luke orain dela momentua «hizkuntza ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora jauzia egiteko». Bigarrenak, aldiz, «hurrengo legeak ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko duela jasotzeko eskatzen du».

Bi ekarpen horiez gain, Kontseiluak beste hamasei ekarpen egin dizkio dokumentuari, 2008an hezkuntzako eragile nagusienekin jorratutako Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen proposamena oinarri hartuta.

Hala, beharrezkoa deritzo euskara ardatz duen sistema eleaniztunaren ezaugarriak modu zehatzagoan jasotzea, «baldin eta hizkuntza berdintasuna helburu izango duen legea idatziko bada».

Bestalde, Kontseiluak dei egin die alderdiei «hurrengo legearen oinarri izango den hitzarmenean ikasle guztiei euskara ezagutzeko eskubidea bermatzeari lehentasuna ematea, inor atzean utzi gabe».

Euskal eskola publikoan aurrera

LAB sindikatuak ere eman du aurkeztu dituen zuzenketen berri, «azken hamarkadetan euskal hezkuntzan sortu diren arazo eta arrakalak» gainditzeko asmoz onduak.

Agertu du, hala ere, Hezkuntza Batzordeak aurkeztutako zirriborroan badirela «norabide egokian» kokatzen diren hainbat kontu, hala nola, kuotak desagertzeko asmoa, euskalduntzearen aldeko borondatea edota herri mailako eskolaratze eta planifikazio batzordeak sortzea esaterako.

Hala ere, hezkuntza hitzarmenaren helburu nagusiak gehiago definitzeko beharra azpimarratu du, hori egin ezean, «kontrakoak izan daitezkeen bi bide» har daitezkeela iritzita: «Ituntze sistemaren kontsolidatu ala egungo eredu duala gainditze bidean jarri».

Bigarrena da LABen apustua, agertu duenez: «Euskal eskola publiko komunitarioko konfluentzian aurrera egitea».

Horrela, eskola publikoa erdigunean jarri eta berau ardatz duen hezkuntza sistema eraikitze galdegin du LABek. «Egun indarrean dagoen eredu dualetik sare bakarrerako bidea egitea», kontzertazio unibertsalarekin amaitzea eta «deszentralizazioan oinarrituriko publikotasun berri baten alde» egitea planteatu du zirriborroari aurkeztutako zuzenketetan.

Bestalde, sindikatuaren ustez, «euskararen murgiltze eta mantentze eredua definitu eta ezarri behar da hezkuntza komunitate osoarentzat 0 urtetatik Lanbide Heziketa bitarte».

Kritikatu du, halaber, soilik irakasleen lan baldintzei buruz hitz egiten duela zirriborrak, eta gainontzeko hezkuntza langileak ere barne hartzea galdegin du LABek.