INFO
Iñigo Martinezek penalti bat egin zuen azken derbian eta kaleratua izan zen.
GORKA RUBIO (FOKU)

Iñigo Martinez, derbirako indarberriturik


Ondarrutarra sekulako maila ematen ari da azken sasoian. Realaren kontrako partidetan aldiz, ez du zorterik izan. Jokatutako zortzi derbietatik bakar bat irabazi du eta zorigaitzeko protagonista izan da penalti edo jasotako txartelengatik. Arantza kendu nahiko du igandean San Mamesen.

Otsail hasieran lau urte bete dira Iñigo Martinezek Athleticekin lehen partida jokatu zuenetik. Gironan egin zuen debuta eta 2-0 galdu zuten Zigandak zuzentzen zituen zuri-gorriek. Laportek utzitako hutsunea betetzeko etorri zen Bilbora, 32 miloi euroko etete klausula ordaindu ostean eta hasieratik postua bereganatu zuen hamaikakoan.

Ondarrutarrak maila handiko jokalaria dela erakutsi du iritsi zenetik eta Athleticen atzeko lerroaren liderra bilakatu da. Are gehiago, azken sasoian taldeko jokalari garrantzitsuena dela ere esan daiteke. Lau gol daramatza aurten eta bikain jokatzen ari da erasoan zein defentsan. Eurokopa jokatzeari uko egin zion udan agortuta zegoelako fisikoki eta mentalki eta guztiz indarberriturik itzuli da.

Mallorcan ez zuen jokatzerik izan zigorturik baitzegoen eta bere falta asko igarri zen. Alboan dituen jokalariak hobeak egiten ditu eta aspaldi ikusi gabeko akats larriak egin zituen taldeak defentsan.

Iñigo Martinez atseden hartuta helduko da Realaren kontrako derbira. Orain arte ez du zorte gehiegirik izan bere talde ohiaren aurka jokatutako partidetan. Anoetan jokatutako azkenengoan kaleratua izan zen bi txartel hori ikusita eta penalti bat ere egin zuen.

Urduri sumatzen zaio gehienetan, bere mailarik onena eman ezinik, eta sikologoarekin hitz egin duela ere aitortu zuen azken derbiaren ondoren, nahiz eta egoera gainditu duela ziurtatu.

Bost porrot, bi berdinketa eta garaipen bakarra

Emaitzak hor daude ordea, zortzi derbi jokatu ditu bost denboralditan eta bakar bat irabazi du. Gainontzekoetan bi berdinketa eta bost porrot jaso ditu.

2018ko apiril amaieran aritu zen lehen aldiz Realaren kontra kamiseta zuri-gorriarekin. Ziganda zen entrenatzailea eta Athletic sailkapenean ezer egiteko aukerarik gabe zegoen Liga amaiera triste hortan. Anoetan jokatu zen partida eta, espero zen bezala, zale txuri-urdinek ez zioten harrera samurra egin. Hala ere, San Jose izan zen protagonista nagusia bi gol egin baitzituen bere atean. 3-1 galdu zuten eta talde zuri-gorriaren gola Iñigo Martinezen burukada baten ondorioz lortutako penalti batean iritsi zen.

Iñigo Martinez burumakur Athleticekin jokatutako lehen derbian. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Hurrengo denboraldi hasieran, Berizzo argentinarrarekin aulkian, Realaren aurka San Mamesen estreinatu zen. 1 eta 3 galdu zuten zuri-gorriek Asier Garitanok zuzentzen zuen taldearen kontra eta txuri-urdinen lehen gola Iñigo Martinezek egindako penalti baten ostean egin zuen Oyarzabalek. Bigarren itzulian Anoetan jokatutako partidan ere porrota jaso zuten zuri-gorriek Garitanorekin. 2 eta 1 amaitu zen partida eta Realaren bigarren gola ondarrutarrak gaizki urrundutako baloi batean heldu zen. William Josek bikain astindu zuen baloia area ertzetik eta sareetan bukatu zuen.

Athleticek indartsu hasi zuen 2019-20 denboraldia San Mamesen. Lehen jardunaldian Bartzelona gainditu zuten Aritz Adurizen gol bikain batekin eta hirugarrenean Realaren kontrako partidan gailendu ziren 2 eta 0. Iñigo Martinezen lehen partida izan zen denboraldi hortan eta orain arte derbi batean lortu duen garaipen bakarra erdietsi zuen. Zuri-gorriak nagusitasun osoz gailendu ziren Williams eta Raul Garciak egindako golei esker. Illarramendik lesio larri bat izan zuen partida hartan.

Iñigo Martinez, Elustondo eta Illarramendirekin lehian San Mamesen. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Anoetan jokatutako bigarren itzuliko partida gatz eta piperrik gabekoa izan zen. Bi taldeak Kopako finalerdietan pentsatzen zeuden eta ordezkoekin aritu ziren. 2 eta 1 irabazi zuen Realak, baina Iñigo Martinezek ez zuen partida hortan parte hartu. Garitanok Granadaren kontra Kopan jokatu behar zuten norgehiagokarako gorde zuen.

Imanolek zuzentzen duenetik, Realak ondo hartuta dio neurria Athletici eta iazko denboraldian San Mamesen (0-1) zein Kopako finalean gailendu zitzaion. Bilbon jasotako porrotak Garitanoren kaleratzea suposatu zuen egun batzuk geroago nahiz eta Elcheren aurkako hurrengo partida irabazi.

Iñigo Martinez Garitanoren aginduak jasotzen Anoetan. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Kluba apirilean jokatu behar zuten finalari begira zegoen eta Marcelino fitxatu zuten irabazten saiatzeko. Asturiarrarekin Superkopa irabazi zuten ezustean, baina Realaren kontra huts egin zuten. Iñigo Martinezek egindako penalti bati esker lortu zuen Oyarzabalek garaipenaren gola eta taldea atsekabeturik geratu zen.

Egun gutxi batzutara Ligan mendeku hartzeko aukera izan zuten zuri-gorriek. Villalibrek aurreratu zituen markagailuan bigarren zatian, baina Unai Simonen akats larria egin zuen eta berdinketarekin amaitu zen (1-1).

Emaitza berberarekin bukatu zen lehen itzuliko derbia. Iñigo Martinezek Realaren gola suposatu zuen penaltia egin zuen eta taldea hamar jokalarirekin utzi zuen bi txartel hori ikusi ondoren. Irainak eta isekak jasan behar izan zituen. Hala ere, azken jokaldian puntu bat erreskatatu zuen Muniainek Remiroren hutsegite baten laguntzarekin.

Esan bezala, Iñigo Martinez sikologo batekin elkarlanean aritu da azken hilabeteetan joan den denboraldi amaieran jasandako presio eta porrotei buelta emateko. Indarberriturik itzuli da eta arantza kendu du dagoeneko futbol zelaian. Hurrengo igandean erronka berriari egin beharko dio aurre, Athleticekin Realaren kontrako derbietan lortutako emaitza kaskarrak alboratzea izango du helburu nagusia.

Iñigo Martinez iazko denboraldian Anoetan jokatutako derbian. (Jon URBE / FOKU)