INFO

Bezeroek jaten ez duten hori etxera eramateko aukera sustatuko dute Uribe Kostako jatetxeetan

Uribe Kostako Mankomunitateak janari-xahuketaren prebentziorako kanpaina bat jarri du martxan eskualdeko jatetxeetan. Besteak beste, baliabideak eskainiko dizkie bezeroek platerean uzten duten jatekoa etxera eraman dezaten.

Elikagai-xahuketa ekiditzea izango da kanpainaren helburu nagusia. (Jon URBE/FOKU)

“Etxerako modukoa” lemadun kanpainaren bitartez, jatetxeetan platerean sobran gelditzen diren janari-hondarrei balioa eman nahi die Uribe Kostako Mankomunitateak. Astelehen honetan aurkeztu dute eta janari-xahuketa prebenitzea izango du helburu.

«Jatetxeek lan handia egiten dute hainbat hondakin-frakzioren gaikako bilketan, baina, badute potentziala beste batzuen prebentzioan lan egiteko, eta, bereziki, janari-xahuketaren alorrean», agertu du Mankomunitateak ohar batean.

Horrela, eta kontuan izanda hiri-hondakinen zatirik handiena materia organikoa dela, bezeroei platerean soberan geratzen zaien janaria ontzi berezietan sartu eta etxera eramateko aukera sustatu asmo du Bizkaiko Aldundiak diruz lagundu duen kanpaina honek. Elikagai-xahuketa ekiditzea izango da helburu nagusia.

Horrela, Mankomunitateak jakinarazi duenez, hainbat baliabide emango dizkie parte hartzen duten establezimenduei, hala nola, ontzi konpostagarriak, ontziak eramateko paperezko poltsak, informazio txartel bat aholkuekin eta eranskailua, establezimenduaren atean jartzeko, kanpainako parte-hartzaile modura identifikatzeko.

Nazio Batuen Erakundearen (NBE) helburuekin bat egin nahi du horrela, hau da, «erdira murriztea mundu mailako elikagai-hondakin kopurua, txikizkako salmentari eta kontsumitzaileen mailari dagokionez, bai eta elikagai-galerak murriztea ere, ekoizpen- eta hornikuntza-kateetan».