INFO

Trans Legearen erreforma bultzatu dute EAJ, PSE eta EP-IUk Gasteizko Legebiltzarrean

Trans Legearen erreformak sei hilabeteko epea ezartzen du pertsona transei bideratutako Lehen Arretako Zerbitzuak martxan jartzeko. Testuaren arabera, Transexualitateari Lehen Arreta Zerbitzu bat ezarriko da gutxienez EAEko lurralde bakoitzean.

Pertsona trans batek kontrako eraso bat salatzeko elkarretaratzea Gasteizen. (Endika PORTILLO/FOKU)

EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk Trans Legea deritzona erreformatzeko testu bat erregistratu dute Gasteizko Legebiltzarrean. Testu honek pertsona transen «eskubideak eta bermeak handitzea» dakarrela segurtatu dute taldeek.

Jakinarazpen batean, Lakuako Gobernuko alderdiek –EAJ eta PSE– adierazi dute testu bat aurkeztu dutela EAEko Ganberan ekainaren 28ko 14/2012 Legea aldatzeko, genero-identitateagatik bereizkeriarik ezari eta transen eskubideak onartzeari buruzkoa.

Erreformak pertsona transexualek EAEko administrazio publikoetatik beren hezkuntza, osasun, zuzenbide edo lan beharretara egokitutako arreta integrala jasotzeko duten eskubidea erabat bermatzea bilatzen du, talde sustatzaileen arabera.

Hala, osasun arloan, arauak transexualei zuzendutako zerbitzuak zabaltzea eta aurrerapen mediku nahiz zientifikoetara egokitzea ezartzen du. Bestetik, sei hilabeteko epea ezartzen du transexualitatera bideratutako Lehen Arretako Zerbitzuak eta Unitate espezializatua martxan jartzeko. Testuaren arabera, Transexualitateari Lehen Arreta Zerbitzu bat ezarriko da gutxienez lurralde historiko bakoitzean.

Erredakzio berriak adingabeko transek erabaki medikoetan parte hartzeko duten eskubidea ere jasotzen du. Tratamenduen norainokoa ulertzeko gai ez bada edo 16 urtetik beherakoa bada, baimena bere legezko ordezkariak emango du.

Hezkuntza eta lana

Hezkuntza sisteman, sexu identitateagatiko bereizkeriarik ezaren protokoloak garatuko dira, eta transak dauden ikastetxeetan, Lakuak hezkuntza komunitate osoaren prestakuntza bermatuko du, irakasleak, administrazio langileak, familiak eta ikasleak barne.

Bereizkeriaren aurkako planak lan arloan, eremu publikoan eta pribatuan ere aplikatuko dira. Hala, lan ikuskatzailetzaz eta arriskuen prebentzioaz arduratzen diren langileen prestakuntza espezifikoa sustatuko da.

Lege proposamenak familia arloko, kulturako, aisialdiko eta kiroleko neurriak edo bulego judizial eta polizialetako arreta ere arautzen ditu.

Oztopoak

EAJk eta PSEk gogorarazi dute 2012an, genero arrazoiengatiko bereizkeriarik ezari eta transexualen eskubideei buruzko araudi propioa duen Estatu espainiarreko lehen autonomia erkidegoa izan zela EAE.

2019an, halaber, despatologizaziorako lehen erreforma eta norberaren nortasunari buruz erabakitzeko eskubidea onartu ziren. «Aurten, transexualen eta transgeneroen komunitatearen aldeko kolektiboen eta elkarteen eskutik, legearen aldaketa integral bat aurkeztu dugu Legebiltzarrean, pertsona horien bizi baldintzak hobetzeko eta erakunde publikoek haien beharrei erantzuteko», adierazi dute.

EAJk eta PSEk iritzi dute «lortutako aurrerapenak gorabehera», pertsona transen «garapen osoa» eragozten duten oztopoak daudela oraindik ere.

Testua sinatu dutenek, Iñigo Iturratek (EAJ-PNV) eta Gloria Sanchezek (PSE), adierazi dute Gasteizko Ganberan aurkeztu duten lege-testua «trans komunitatearen eta hura ordezkatzen duten kolektiboen bultzadarekin eta lankidetzarekin» osatu dela.