INFO

Soldata arrakalarik gabeko hitzarmenen alde mobilizatu da LAB

LABeko emakumeak Confebask patronalaren egoitzan mobilizatu dira soldata arrakalaren aurkako eguna dela eta. Lanbide feminizatu eta maskulinizatuen arteko desberdintasunarekin bukatzea «beharrezkoa» dela adierazi dute, baita emakumeen lanetan soldata-arrakalarik gabeko hitzarmen duinak lortzea ere.

Confebasken egoitzaren aurrean egindako mobilizazioa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Lakuako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzatik Confebask patronalaren egoitzaraino mobilizatu dira LAB sindikatuko emakumeak astearte honetan, soldata arrakalaren aurkako eguna dela eta. «Soldata arrakalarik gabeko hitzarmen duinak» eta feminizatuta dauden lanbideei «merezi duten balioa eta aintzatespena ematea» eskatu dute.

Sektore desberdinetako ehun emakume inguru eseri dira mahaietan lan hitzarmenen negoziazioaren alde. Izan ere, patronalak eremu feminizatuetako 20 bat hitzarmen blokeatuta dituela jakinarazi du LABek. Kaltetutako sektore horietako batzuk irudikatu dituzte gaurko mobilizazioan: helduen egoitzak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, jangelak, garbiketa, merkataritza eta etxeko langileak...

«Negoziazio kolektiboan arrakala ematen da hitzarmen maskulinizatu eta feminizatuen artean. Patronala eta instituzioentzat, emakume hauek bigarren mailako langile dira. Beraz, hitzarmen hauek bigarren mailako hitzarmenak direla dirudi, eta LAB ez dago egoera hau ontzat emateko prest», esan du Garbiñe Aranburuk LAB sindikatuko idazkari nagusiak.

Bide batez, Eduardo Zubiaurre Confebask patronaleko presidentearen jarrera salatu dute. Idazkari nagusiaren adierazpenen arabera, «inolako lotsarik gabe behin baino gehiagotan adierazi du lanbide hauek balio erantsi gutxiago daukatela, eta horren bidez soldata baxuagoak izatea justifikatu nahi du».

Erakundeei deia

Egoera honen aurrean, erakundeek «entzungor» egiten dutela salatu du LABek. Horrela, «mezu argi» bat bidali dute: «Bada garaia instituzioek haien erantzukizuna bereganatzeko, bustitzeko eta erabakiak hartzeko».

«Ez gara konformatuko hitzarmenen negoziaketa agenda politikoan kokatzearekin, ez da nahikoa», azpimarratu du Garbiñe Aranburuk. Horrela, «konponbidearen parte» izan daitezen eskatu dute, erakundeek patronala «presionatzeko beharra» nabarmenduz.