Neven Spahija aulkian dela jokatuko du azkenean Saski Baskoniak Unics Kazanen aurka
«Positibo faltsu» bat dela-eta entrenatzaile kroaziarra osteguneko partidan ez azaltzekotan izan da. David Gil bigarren entrenatzailea gasteiztarren erasoak «sinplifikatzearen» alde azaldu da. Hilaren 13tik partidarik jokatzeke, «burua pentsamendu txarrak kentzeko» erabili dute denbora hau guztia.
Fitxaketak egiteko merkatua Euroligak asteazken honetan –Euskal Herriko 18.00etan– itxi du eta Bitci Baskoniari dagokionez, fitxaketa berririk ez eta gaitzerdi Neven Spahija aulkian izango delako ostegun gaueko 20.30etan Unics Kazan taldearen aurkako Euroligako partida. Asteazken goizean PCR positibo bat eman badu ere, «positibo faltsua» izan dela konfirmatu du klub gasteiztarrak arratsaldean. Ez dira, ez, garairik onenak talde Baskoniarentzat.
Denboraldia hasi bezperan Fase Erregularreko bi herenen bueltan Baskonia zazpigarren lekuan egongo zela eta Unics Kazan berriz azken postutik ihes egin ezinik ibili beharko zela esan izan baligute, begiak itxita sinetsiko genueen; ez ordea sailkapena batezkoz bestera egongo zela esan izango baligute. Izan ere, Velimir Perasovicek zuzentzen duen talde tartariarra Euroligako behin behineko sailkapenean zazpigarren postuan baitoa 13-12 balantzearekin, Saski Baskonia hamaseigarren postuan dagoen bitartean 7 garaipen eta 17 porrot pilatu eta gero.
Hilaren 13tik hona partidarik jokatzeke egon da Baskonia, ez baita Koparako sailkatu eta Europako lehiaketak ere joan zen astean geldirik egon zirelarik, oraindik ere abenduaren 30eko garaipen hura da talde gasteiztarrak Europan erdietsi duen azkena. David Gilen aginduetara Bartzelonaren aurka erdietsi zuen hura, hain justu.
«Abenduan pasa zuen covid-19 haren arrastoren bat izango ote den itxaropena dugu; positibo faltsua izango ote den, alegia», bota du entrenatzaile gasteiztarrak partida jokatu bezperako prentsaurrekoan, eta asteazken arratsaldeko proben emaitzek teoria hori berretsi dute.
Baina horrez gain, partidarik jokatu ez duen aste eta erdi honetan, taldeak zer egin duen adierazi du entrenatzaile gasteiztarrak. Alde batetik, klubak makina bat bideo bidali ditu, jokalarien eguneroko lana eta giro ona azpimarratu nahian. Matt Costellok berak ere, «Kopa eta gero emango dugun aurrerapausoak jendea harritu egingo du», ziurtatu zuen bideo horietako baten. David Gilek, ere, noski, taldea «prest» ikusten du Unics Kazanen aurka lehiatu eta irabazteko.
Bere aldetik, «Euroliga aurrerantz doa eta gure erreakzioa iritsi behar da noizbait», gaineratu du Gilek. «Burutik pentsamendu txarrak kentzeko erabili dugu denbora hau eta, nolabait esatearren, jokoa sinplifikatzera joko dugu hurrengo neurketetan», aurreratu du.
«Unics Kazanek aukera desegokiak hartzera behartzen du aurkaria, sekula ez du amore ematen eta gaitasun fisiko handia dauka. Horren aurrean onena gure erasoa sinplifikatzea da, azken orduan jendeak garbi izan dezan egoera bakoitzean zer egin behar duen eta horren arabera, erabaki logikoak hartzen joateko», gaineratu du.
Boladari begira
Baskoniaren bolada txarra bada, azken aldian Unics Kazanena ez da askoz hobea. Euroligako azken sei neurketetatik bost galdu dituzte Perasovicenek eta tartariarren une txar hori bere alde baliatu nahiko dute gasteiztarrek.
«Beraiek baloi asko berreskuratzen dituzte eta zentzu horretan pase lerro egokiak bilatu behar ditugu. Horrez gain, blokeo hobeak burutu behar ditugu baloia baldintza egokietan eskuratzeko», azpimarratu du David Gilek, jakitun Lorenzo Brown, John Brown eta enparauak finak direla aurkariari hankasartzeak eragiten.
Gogoan izan behar da Kazanen jokatu zen partidan 83-69 nagusitu zirela errusiarrak, tarteka 25 puntuz goitik ibili zirelarik gainera.
«Defentsako balantzea ere oso ona izan behar da, aurreneko segunduetan saskia erraz bilatzen baitute», azpimarratu du David Gilek azkenik. OJ Mayo, Isaiah Kaanan eta Mario Hezonjaren eskutik min handia eman dezaketela jakitun trantsizio azkar horietan –trantsizioa jokatuy baino gehiago, «aurreneko aukera» baliatzeko nahia–. «Baloi jabetzaren aurreneko segunduetan 34 puntu sartu zizkiguten han», bota du David Gilek.
Osteguneko partida izango da, bide batez, sarrea kopuru mugatua izan behar duen azkena. Hala, Buesa Arena gehienez %85 bete ahal izango da. Aurtengo denboraldia nolakoa izaten ari den ikusita, ordea, handia litzateke hainbesteraino beteko balitz Zurbaoko pabilioia, talde gasteiztarrari ongi etorri dakiokeen arren.