INFO

Biktimen oroimenak eta langileen aldarrikapenak bat egingo dute Gasteizen martxoaren 3an

Martxoaren 3an gehiengo sindikala kalera irtengo da 1976an Poliziak Gasteizen eraildako langileak oroitzeko eta beraien borroka «bizirik» dagoela aldarrikatzeko.

Ostegun honetan Zaramagan egindako agerraldia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Martxoaren 3an, 46 urte beteko dira Gasteizen langileek pairatutako sarraskitik. Poliziak bost langile erail zituen Zaramagan, eta urtero bezala, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek omenaldi eta manifestazio bateratua egingo dute, 18:30ean eta 19:00etan, hurrenez hurren. Kalera aterako dira «langile borroka bizirik dagoela aldarrikatzeko».

Ostegun honetan egindako agerraldian azaldu dutenez, «urte bat pasa ondoren, gauza asko gertatu dira, asko dira patronalak langile klasearen aurka egindako erasoak, EEE edo ERE basatiak, prekarietatea ohiko praktika bihurtuta, lan-istripuak, nolanahiko gabeko kaleratzeak, transfobia, jazarpen sindikala, generoagatiko soldata-diskriminazioa».

Horren aurrean, «langile-mugimenduak egoera bakoitzak eskatzen zuen bezala» erantzun duela ohartarazi dute: «Tubacexeko plantillaren moduko borroka eredugarriak ikusi ditugu, baina baita egoitzetako, etxez etxeko laguntzako, garbiketako, hezkuntzako langileak eta funtzio publikoko langileak ere».

«Batzuek, irakurketa sinplista eginez, borroka bakoitza independentea dela interpretatzen dute, eta ez dute euren ondar aletxoaren ekarpena egiten aldaketa globalago bati, bai ekonomikoari, bai sozialari. Aldiz, guk badakigu mobilizazio bakoitza, greba bakoitza, lan-erantzun bakoitza kapitalaren urdailari emandako kolpe bat dela», gaineratu dute.

Eta Martxoaren 3ko mobilizazioak, «justizia eta erreparazioaren oroitzapena eta aldarrikapenaz gain, borroka horiei guztiei eta azken urteotan borroka historikoak izan dituzten sektore guztiei, pentsiodunen mugimenduari eta mugimendu feministari, tartea emango die». «Guztiok ibiliko gara Gasteizko kaleetan», azpimarratu dute.