INFO

Errusiaren erasoa salatu dute EH Bilduk eta EAJk, irtenbide ezberdinak planteatuz

Errusiak ostegun honetan hasi duen erasoaren kontra azaldu da EH Bildu, Nazioarteko Harremanetarako zuzendari den Gorka Elejabarrietak egindako adierazpenen bidez. Eragile guztiei gerra saihesteko egin beharreko esfortzuak egiteko eskatu die.

Gorka Elejabarrieta, Senatu espainolean.

«Euskal Herria Bilduk Errusiak burututako eraso militarra gogorki salatu nahi du, eta berehala bertan behera uzteko eskatu», adierazi du talde abertzalearen Nazioarteko Harremanetarako zuzendari Gorka Elejabarrietak, EH Bilduren izenean.

«Azken asteetako tentsioen igoerak eta eraso honek ez dio inori mesede egiten. EH Bildutik berriro esaten dugu horrelako gatazkak konpontzeko esparrua Nazio Batuen Gutuna dela, beti bide baketsu eta diplomatikoen bidez», gaineratu du Elejabarrietak.

«Dei egiten diegu nazioarteko eragile guztiei gerra saihesteko egin beharreko esfortzu guztiak egiteko», nabarmendu du EH Bilduren senatariak.

Bere aldetik, Aitor Estebanek, EAJk Kongresuan duen bozeramaileak, Errusiak Ukrainari egindako «erasoa» gaitzetsi eta Pedro Sanchezen Gobernuari dei egin dio Europa mailan hartzen diren erabakietan «zuzenean parte hartzeko», horiei babesa bermatuz.

Estebanek azpimarratu du Putinen hitzak ez duela «ezer» balio, «esan zuenaren kontrakoa egin duelako», eta XXI. mendean «erabateko gerraren» alde egitea deitoratu du, arazoak «herritarrei galdetuz» konpondu beharrean.

EAJko bozeramaileak nabarmendu du mundua geoestrategikoki aldatu egin dela, baita «Europar Batasunaren disuasio-gaitasuna» ere, eta Europak lehengaien eta energiaren hornidura bermatzeko jardun behar duela azpimarratu du. «Krisi honetan faltako den lehen gauza izango da», esan du, eta prezioen gorakada segurua ere izango dela aipatu.

Bere ustez, NATOk ez du «beroan» jardun behar, baina bai etorkizunean pentsatuz eta kontuan hartuz Errusia, «potentzia nuklearra», ez dela geldituko eta «Ukraina osoa konkistatzen saiatuko dela», nahiz eta errusiar herriari «asko sufritzea» eragin diezaioketen zigor ekonomikoak ezarri. «Ukraina ahula da, Errusiako armada askoz boteretsuagoa da», azpimarratu du, eta Putinek «NATOren posizioekin harreman zuzena» izango duela uste du.