INFO

«Zapaltzen gaituen sistemari sua» emateko deiarekin antolatu dute Martxoaren 8a

Euskal Herriko Mugimendu Feministak aurtengo Martxoaren 8a aurkeztu du Iruñean, emakume guztioi «martxan» jartzeko gonbita luzatuz. «Ez gaitezen egun solte honetan geratu, antolatu gaitezen dena aldatu eta kaleak betetzen jarraitzeko, denak aske izan arte», adierazi du.

Aurtengo Martxoaren 8ko mobilizazioak aurkeztu ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak. (Iñigo URIZ | FOKU)

‘Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra’ lelopean aterako da kalera Euskal Herriko Mugimendu Feminista martxoaren 8an. «Den-dena erraustu nahi dugu, bizitzea merezi duen mundu bat eraikitzeko. Horretarako, feminismoa da bidea», adierazi du Ane Zaldua Larrazak Iruñean egindako aurkezpenean.

Euskal Herriko hiri, herri eta auzoetan egingo dituzte mobilizazioak martxoaren 8an. Gaur hiriburuetako ordutegien berri eman dute. Baionan elkarretaratzea 18.00etan izanen da, Merkatu plazan; Donostian, Antiguako tuneletik abiatuko da manifestazioa, 18.30ean; Gasteizen, 19.00etan, San Anton plazatik; Bilbon, 19:30ean, Jesusen Bihotzetik; eta Iruñean, 20:00etan, Antoniuttitik.

«Jendartearen zati handienarentzat eta bereziki emakumeontzat kriminala eta jasanezina den eredu honekin bukatu nahi dugu», adierazi du Zalduak. Horretarako antolatzeak duen garrantzia ere nabarmendu du. «Lan kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu, gutasunetik lan egitekoa». Eta mugimendu anitz bat dute horretarako. «Emakume guztioi irekia izan behar da. Elkarrekin, indartsu eta batuta egon behar gara hainbeste esfortzuri esker lortutako eskubide sozialen atzerapausoei aukerarik ez emateko».

Era berean, «egunerokotasuna borroka eremu bihurtzea» eskatu dute, «bizitza politizatzea» eta «erdigunean jartzea» defendatu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Bide horretan, atzerritartasun legearen derogazioa eskatu dute. «Ez ditugu mugak onartzen, ezta gorrotozko diskurtsoak edo xenofobia ere».

Etxeko eta zaintza lanen aldarrikapena ere egin dute. «Pandemia urte hauetan agerian geratu den bezala, funtsezkoak dira bizitza sostengatzeko», baina gaur egungo eredua «emakumeon gain esplotazioan» oinarritzen dela salatu dute, bereziki emakume migratuek pairatzen dutena. «Aliantza heteropatriarkal, kapitalista eta kolonialista da».

Soldata arrakalarekin bukatzeko enplegu duin baten beharra ere izan dute mintzagai eta pentsio sistema publikoaren defentsa egin dute.

Modu berean, ezgaitasun bat duten pertsonek, «bereziki emakumeek», pairatzen duten «indarkeria espezifikoa» ekarri dute gogora. «Emakume guztiontzako jendarte irisgarria exijitzen dugu».

Hori dela eta, «sistema honi su» eman nahi diotela berretsi dute. «Ezin dugu onartu emakume bakar bat gehiago eraila izatea. Instituzio publikoak ere indarkeria honen erantzule dira, ez baitute baliabide nahikoa jartzen ez arretan ez prebentzioan». Zentzu berean, feminismoaren kontra «gorrotoz eta amorruz iraultzen den, askatasunaren esanahia hutsaldu duen eta feminismoa jopuntuan duen faximoak tokirik ez duen» jendarte baten aldeko apustua egin dute.

Bestetik, produkzio eta kontsumo eredu desberdinak aldarrikatu dituzte. Beraz, errotik egungo sistema iraultzeko beharra azpimarratu dute, «zapaltzen gaituen sistemari sua» leloa nabarmenduz.