INFO

Kandido Sasetari lore eskaintza egin diote Hondarribian, gudalburuaren heriotzatik 85 urtera

Agurrarekin hasi eta ‘Txikia’ abestuz amaitu da Kandido Sasetari bere herrian, Hondarribian, egin dioten omenaldi hunkigarria. Gudalburuaren heriotzaren 85. urteurrenean, Olaso Dorrea Fundazioarekin batera, hainbat ekitaldi antolatuko ditu Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan Elkarteak aurten.

Kandido Sasetari egindako omenaldia, Hondarribiko hilerrian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Asteazkenean, otsailak 23, 85 urte bete ziren Kandido Sasetaren heriotzatik. Euzko Gudarosteko Lagun Gudalburua oroitarazteko intentzioz, lore eskaintza herrikoia egin du larunbat honetan Kepa Ordoki–Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, Hondarribiko hilerrian.

Gudalburua oroitzeko ekitaldian, ohiko legez, Telesforo Monzonen ‘Txikia’ abestu dute eta, antolatzaileen erranean, momentu benetan hunkigarria izan da. Jatorrizko bertsioa jarri dute, Monzonen piano doinuak dituena, eta zera ondorioztatu dute: «Aurrerantzean gehiago sustatu beharko genuke elkarren artean abestea».

Izanen da horretarako aukera, iragarri dutenez, gudariaren 85. urteurrena dela eta, Olaso Dorrea fundazioarekin batera, memoria elkarteak poesia, kantua eta dantza ardatz izan dituen emanaldiak eginen dituelako 2022 honetan.

Agurra dantzatuz hasi da ekitaldia, Sasetaren bizia laburbildu dute gero, eta tartean bi minutuko audio bat paratu dute, bere garaian gorpuzkiak topatu zirenekoa, garaiko hedabideen lerroburuak irakurriz.

Lagun Gudalburu hondarribiarra

Elkarteak oroitu duenez, Kandido Saseta Hondarribian jaio zen 1904ko abenduaren 12an. Donostiako institututik Avilako akademia militarrera pasa zen, 15 urte zituela. 1936ko uztailaren 18an, Gasteizko garnizioko intendentziako kapitaina zen eta estatu-kolpearen ondorioz, kuartela utzi zuen. Azpeitian, Euzko Gudarostearen sorreran parte hartu zuen. Bere gain hartu zuen esperientzia militarrik gabeko zibilak armen erabileran trebatzeko ardura Loiolako santutegian.

1937ko urtarrilean, Jose Antonio Aguirre lehendariak Asturiasera bidali zuen, Eusko Jaurlaritzak bidalitako Euzko Indarra (ANV), Amaiur (EAJ) eta Prieto (alderdi sozialista) brigadak zuzentzera. Zailtasun handiz iritsi ziren Nalon ibaira Euzko Indarrako kideak, Amaiurren laguntzarekin. Bidean, Eusko Indarrak gudarien %34 galdu zituen.

Areceseko borrokaldietan (Trubia) hil zen Kandido Saseta, 1937ko otsailaren 23an. Tokiko hainbat bizilagunen arabera, ia ehun gudari ‘el Pradón de los Vascos’ izeneko zelaian lurperatu zituzten. Gudalburua, aldiz, Areceseko etxe nagusitik 500 metrotara ehortzi zuten, bide bazterrean. Heriotzak samin handia eragin zuen eta Estatu ohoreak jaso zituen Bilbon egindako hiletan, nahiz eta gorpuzkiak ez berreskuratu.

Gorpuzkien itzulera

1999an, Hondarribiko Olagarro eta Muara elkarteek ‘Kandido Saseta. Eusko Gudarosteko Lagun Gudalburua. Bere oroimenez’ liburua kaleratu zuten, prentsak gudalburuaz idatzitakoa eta garaiko hunkipena jasoaz.

Gerora, 2006ko irailean, datu guztiak Arantzadi Zientzia elkarteari helarazi eta senideen eta hainbat eragileren laguntzaz, Sasetaren gorpuzkien bilaketa hasi zen. 2007an, geo-radar bidezko lehen bilaketak egin ziren. Urtebete geroago, Ramon Valdes Areceseko bizilagunaren testigantzari esker, Sasetaren gorpuzkien kokapena identifikatu zen.

«Herriko gizonak aipaturiko txokoan, 30 edo 40 zentimetrotara eta alboko horma baten harriekin estalia topatu dugu», adierazi zuen Paco Etxeberria antropologo forentseak. Gorpuzkiekin batera, pizgailu batzuk, bolaluma bat eta Sasetarena izan daitekeen identifikazio plaka harrapatu zituzten.

Bakearen eta Berraskidetzearen Aldeko IV. Gernika Saria eman zioten Sasetari 2008ko apirilaren 26an. Egun berean Hondarribiko Udalak omenaldia eskaini zion eta bere gorpuzkiak jaioterrian lurperatu zituzten.