INFO

Oinatz Bengoetxea, gozatuz gozarazi, ibilbide bikain baten azken muturreraino

Labrit ikaragarrizko «festa» izan da leitzarraren frontoi industrialetako azken partidan eta agur hunkigarria jaso du aurrelariak, tartean koadro profesionaleko 22 pilotariena, elkarrekin pasatako une txar eta onen esker onez.

Bi enpresetako koadro profesionaleko ordezkaritza zabal batek oroigarri bat eman dio Oinatz Bengoetxeari. (Iñigo URIZ/FOKU)

Festa nahi zuen eta sekulako festa izan du Oinatz Bengoetxeak Labriteko bere agur partidan. Oinatzekin gozatu duguna, gozatzen ari garena eta oraindik ere gozatuko duguna –urriaren 8an erantziko ditu betirako galtza zuriak Leitzako plazan–, horren berea duen «gozatu» hitza izan da ziurrenik gaur goraino bete den pilotaleku batean –eskaeren arabera beste hiru ere bete zitezkeen– gehien errepikatu den hitza. Azken hilabeteetan izandako agur omenaldietako batean ere hala abestu zion eskuko min malapartatu batek leitzarraren azken partidan jokatzerik utzi ez dion Iñaki Artolak; «gozatzea dok baldintza» eta horixe izan da gaukoa, muturrerainoko gozamena. «Pilotari bizia bikaina da eta ez gozatea pena ikaragarria», esaldiak ederki borobiltzen du leitzarrak txapelez harago utzi duen ondarea eta pilotalekuan, eta handik kanpo, bere ondoan egoteko zortea izan dutenek nekez ahaztuko dute gaur bizitakoa.

Bere izaera ausart, alai eta elektrikoak debutatu zuenean erabat egin zuen bat pilotazaleekin eta Labriteko azkenekoan ere konexio horrek ez du batere intentsitaterik galdu gaur Bonboneran argi geratu den gisan. Duela hilabete izandako lesioa, txarrerako baino, ia hoberako ere izan du leitzarrak, osasun neurriak lasaituta, frontoia goraino bete ahal izan delako, baita gaueko Leitzako afaria ere, eta saltsa horretan beti bezain gustura mugitu delako aurrelari fina.

Joan den leku guztietan lagunak egiteko dohain berezia ere izan du Bengoetxea VI.ak eta etapa honi ere lagunek inguratuta eman dio, garai eta modalitate guztietako pilotariak guztien buru.

Halakoetan sarri gutxienekoa izaten den arren, kantxan ere dena borobil irten da eta Mariezkurrenak lagunduta, 22-15 irabazi diete Erik Jaka-Arangureni. Izterreko lesioak molestia txikiren bat eragin badio ere, maila bikainean aritu da eta horren ohikoak dituen sotamanorik eta txokoko sakerik ez da falta izan. Hala egin du partidako azken sakea, frontoi osoa zutik eta kantuan zela, eta ondoren hasi da halakoetan ohikoa den opari banaketa.

Txaloak eta txistuak

Karlos Arguiñano, Baikoren aurpegirik sinpatikoena izan da lehenakoadrobat ematen eta txistu batzuk ere entzun behar izan ditu, baita partidan zehar ere sarri samar errepikatu diren «Baiko entzun, Oinatz txapeldun» oihuak ere. Pilotariak bere agurrean ez du inolako hitz txarrik izan enpresarekiko, baina jendeak ez ditu ahazteko bere ibilbidean Bengoetxea VI.ak bizitakoak.

Enpresan izandako greba izan zen horietako gogorrenetako bat eta horregatik bereziki hunkigarria suertatu da gatazka horren ondoren sortutako Pilotarien Elkarteak –bi enpresetako 22 pilotari irten dira kantxara– emandako oparia eta elkarrekin atera duten argazkia. Bihar Binakakoan partida erabakigarria jokatzen duten arre, Jon Ander Peña, Jon Ander Albisu eta Unai Lasok ez dute hutsik egin.

Eta zer esan pilotalekuetan Oinatz Bengoetxeak kantxetan egindako lagunik onenetako batek,  Iñaki Izak dantzatutako aurreskuaz? Leitzarrak inork baino hobeto daki keinu horrek zer suposatzen dion zornotzar atzelari finari eta dantzaria nor zen ikusi duenean leitzarrak jarritako harridura aurpegia ere tamainakoa izan da.

Iruñeko lagunen opariak, Felipe Uriarte mendizaleak jarritako txapela, Juan Mari Luzeren bertsoak, Asier Garciaren detailea –Buruz Buruko lehen txapela irabazi zueneko kamiseta itzuli dio–... lagunez inguratua nahi zuen agurra eta halakoxea izan du. Baina oraindik Bengoetxea VI.az gozatzeko beste 70 bat aukera izango ditugula ahaztu gabe. Eta Oinatzez bizi ia oso bat.