INFO

Ehungarren porrota jaso du Italiak Sei Nazioen txapelketan, azkenekoa Irlandaren aurka (57-6)

Irlandako selekzioak iragarpen guztiak bete eta garaipen lasaia eta handia lortu du igande honetan Italiaren aurka, zeinek 2015eko otsailetik ez duen txapelketa honetan irabazten.

Italiako Monty Ioane, punturen bat eskuratu nahian Irlandaren kontra. (Paul FAITH | AFP)

Sei Nazioen txapelketak aurrera darrai. Larunbatean Ingalaterrak eta Frantziak garaipenak erdietsi zituzten Gales (23-19) eta Eskoziaren (17-36) aurka. Igande honetan Irlanda izan da puntuak eraman dituena. Noren aurka? 2015eko otsailetik txapelketa honetan irabazten ez duen Italiaren kontra (57-6).

Transalpinoek Eskoziaren aurka lortu zuten azken garaipena eta gaurkoa jasotzen duten ehungarren porrota da. Eta a zer nolakoa gainera! Saint Denisen galdu ostean, Irlanda porrot gehiagorik ez jasotzea derrigortuta dago titulua eskuratu nahi badu edo horretarako borrokatu nahi badu, baina Frantziak du lehentasuna kasu honetan. Hurrengo jardunaldian Ingalaterrari bisita egingo diote eta azken neurketan Eskozia jasoko dute.

Gaurko lehia erraza izan da irlandarrentzat. Hasieratik bukaera arte nagusitasuna erakutsi dute. Bestalde, Italiak jarraian jasotzen duen 35. porrota da eta, berriro ere, “egurrezko goilara” irabazteko aukera ugari ditu. Punturik eskuratzen ez duen taldeak eramaten du ‘sari’ hau.

Entseguak bata bestearen atzetik erori dira. Joeo Carbery, Jamison Gibson-Park, Michael Lowry eta Peter O'Mahonyk lehen zatiko puntuak lortu dituzte. Irlandan, Paolo Garbisiren zigor kolpeek markagailua txukundu dute (24-6 atsedenaldian).

Bigarren zatian beste bost entsegu lortu ditu Irlandak. Lowryk eguneko bere bigarrena egin du, James Lowek beste bi sinatu ditu, eta Ryan Baird eta Kieran Treadwellek osatu dituzte beste guztiak. Johhny Sextonek amaiera bikaina eman dio partidari lau bihurketa eskuratuz.