Alta jaso du Mikel Otegik baina isolamenduan egon beharko du tuberkulosiagatik
Mikel Otegi Unanue Itsasondoko presoa Iruñeko espetxera eraman dute berriro, biriketako tuberkulosi baten ondorioz ospitalean egon ostean. Orain 21 egun eman beharko ditu isolamenduan, eta gaixotasunari aurre egiteko tratamendua sei hilabetez luzatuko da.
Etxeratek ohar bidez jakinarazi duenez, Iruñeko espetxean dago berriro Mikel Otegi. Joan den otsailaren 15ean jakin zen Itsasondoko 49 urteko presoa astebete lehenago ospitaleratu zutela urgentziaz, biriketako tuberkulosia diagnostikatu eta gero.
📌🟢 Mikel Otegi Unanue presoak alta jaso du. Nafarroako Ospitalean ospitaleratu zuten eta tuberkulosi bat diagnostikatu zioten.
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) February 28, 2022
Iruñeko espetxera itzuli dute, eta 21 egunez isolatuta egon beharko du. Tratamendua sei hilabetez luzatuko da
Oharra 👇https://t.co/1rqJP0wuVV
Ospitaleratu zutenean, covid-19an positibo eman zuen, eta, beraz, hura tratatzeko gunera eraman behar izan zuten.
21 egunez isolatuta
Nafarroako Ospitalean alta jasota, 21 egunez isolamenduan egon beharko du espetxean eta, horrez gain, sei hilabetez egon beharko du tratamenduan.
Etxeratek azpimarratu du orain «beste aukera on bat» dagoela Otegi aske gera dadin «gainerako euskal preso politikoak bezala». Ildo horretan, elkarteak gogoratu du oraindik gaixotasun larri eta sendaezinak dauden beste 18 preso daudela.
«Osasunerako eskubidea bermatu behar da, eta, gaixotasun larriak dituzten presoen eta 70 urtetik gorakoen kasuan, haien kondenak eten behar dira», adierazi du Etxeratek.