INFO

‘Patio de un parador’ margoa urtebetez jarri da ikusgai San Telmo Museoan

San Telmo Museoak Elena Brockmann de Llanosen ‘Patio de un parador’ margoa jarri du Arte Ederretako aretoetan. Tamaina handiko lana, zaharberritu egin dute orain eta urtebetez egongo da ikusgai bertan.

Jaime Otamendi, Carlos G. Navarro eta Susana Soto, margoaren aurkezpenean. (SAN TELMO MUSEOA)

Elena Brockmann de Llanosen (Madril, 1865-1946) ’Patio de un parador’ lana urtebetez ikus ahal izango da San Telmo Museoko Arte Ederretako aretoetan. Tamaina handiko koadroa da, (151x300 zentimetro) eta Museo del Pradok 1901ean utzi zuen gordailuan San Telmo Museoan, museoa bera inauguratu aurretik.

Artisten eta partikularren dohaintzak eta hainbat erakunderen gordailuak funtsezkoak izan ziren Donostiako udal museoaren (gaur egungo San Telmo Museoa) sorreran. «Bere ibilbideko lehen urteetan Museo del Pradoren laguntza aipagarria izan zen, 1901ean interes handiko bost lan gordailuan utzi baitzituen (1901eko abuztuaren 3ko Errege Agindua), horien artean Elena Brockmannen Patio de un parador», gogoratu dute astelehen honetan museoaren arduradunek.

Museoan sartzen den lehen obretako bat da, eta emakume batek margotutako lehena; egoera horrek berezi bihurtzen du. Orain, ’Baginen Bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak’ erakusketa dela eta koadroa zaharberritu egin da eta urtebetez ikusgai izango da arte bilduma historikoaren aretoan.

‘Baginen bagara’ erakusketak, San Telmo Museoko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bildumen bidez, XIX. mendetik artearen sistemak artistak baztertzeko erabili dituen estrategiak ikertu eta erakutsi ditu. Hasierako proiektuan ‘Patio de un parador’ obra ere bertan izatea aurreikusita zegoen, baina azkenean ideia baztertu egin zen bere tamaina handiagatik. «Hala ere, obraren kalitateak eta bere historiak, museoarenarekin hain lotuta dagoenak, kokaleku berri batean eta erakusteko denbora gehiagorekin ezagutzera emateko modu bat bilatzea eragin dute», argitu dute.

Carlos G. Navarro, Museo Nacional del Pradoko XIX. mendeko Pintura Arloko teknikaria, San Telmo Museoko zuzendari Susana Sotorekin eta Donostia Kulturako zuzendari Jaime Otamendirekin izan da museoko aretoetan koadroaren sarrera aurkezten.

San Telmo Museoko arte-bilduma historikoaren aretoan jarri da ikusgai, eta Joaquín Sorollaren zenbait lanetatik gertu kokatu da, bere garaikidea. Brockmannen obrarekin batera, bilduma pribatu  bateko taula bat dago ikusgai. Bertan, artista bera ikus dezakegu ‘Paso de una procesión por el claustro de San Juan de los Reyes, Toledo’ koadroa margotzen, bere tailerrean, lanabesez inguratuta.

Era berean, Gordailuan azken hilabeteetan egin den azterketa eta zaharberritze prozesua jasotzen duen bideo bat aurkeztu da. «Artelana egoera onean zegoen, baina bernizen oxidazioa zela eta, jatorrizko koloreak halo horixka opako batean bilduta zeuden. Garbitasunak freskotasuna itzuli die, eta orain koadroa bere ñabardura guztiekin ikusteko aukera dugu», azaldu dute.

Aldez aurretik, obraren azterketa zabal bat egin zen, argazki eta argiztapen teknika desberdinekin. Teknika horiek obraren zati ez ikusgarriak aurkitu dizkigute: berpinteak, garbiketa partzialak, galerak...  Lucía Martinez Valverde Prado museoko zaharberritzailea, XIX. mendeko pinturan aditua, San Telmoko taldearekin lankidetzan aritu da zaharberritze lanetan.

Lanak Gordailuko zaharberritze tailerretan egin dira. Bertan zegoen koadroa gordeta 2011tik. 1901etik ordura arte, koadroa San Telmo Museoko biltegietan gordeta egon zen, eta behin bakarrik erakutsi zen.

XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, arteak eta sormenak beren lekua zuten emakume burgesen heziketaren barruan, eta ez baziren horretara profesionalki dedikatzen, jendarteak ondo ikusten zuen hori; testuinguru horretan kokatu behar dugu, hain zuzen ere, Elena Brockmann de Llanos, familia dirudun eta intelektual bateko alaba. Hala dio erakusketa gelan irakur daitekeen testuak.

Brockmannek San Fernandoko Arte Ederren Erret Akademian ikasteko aukera izan zuen. Naturaleko Marrazkia izan zen ikasi zuen irakasgaietako bat, eta horrek zalaparta handia eragin zuen garaiko gizartean, irakasgai horretan giza gorputzaren anatomia ikasten baitzen, eta hori debekatua zegoen emakumeen prestaketa artistikoan. Akademia horretan ikasi ondoren, Erromara joan zen Elena Brockmann, eta Mariano Benlliure izan zuen irakasle bertan.

Prestakuntza horri esker, bere garaian bizirik zeuden artisten artean ospe handien lortu zutenen artean egon zen eta zenbait generotan aritzeko aukera izan zuen, historiako pintura nabarmentzen delarik genero horien artean, debekatuta baitzegoen emakumeentzat.

Bere ibilbidearen inflexio-puntuetako bat 1887ko Arte Ederren Erakusketa Nazionala izan zen: lehiaketa horretan aurkeztu zuen ‘Patio de un parador’ (Paradore bateko patioa) obra, ‘La vuelta de la Caza’ (Ehizatik itzuleran) eta ‘La Chochara’ obrekin batera. Erakusketa horretako sari-banaketak polemika sortu zuen, izan ere, epaimahaiak hainbat artistaren obra nabarmendu baitzuen –tartean Brockmannena eta beste emakume artista batzuena (‘emakume erakusketariak’)–, saria jasotzea merezi zutelakoan, baina araudiak ez zuen horrelakorik ahalbidetzen. Honek eragindako polemikaren ondorioz, araudia aldatu egin zen ondorengo edizioan.

Obra hau Madrilgo Sustapen Ministerioak erosi zuen 1887tik 1894ra luzatu ziren negoziazio zailen ostean. Negoziazio horietan Brockmannek ez zuen etsi, eta 1894an 3.000 pezetaren truke erosi zioten lana. Horrela, Pradoko Museoaren bildumari gehitu zitzaion koadro hau eta gordailu bezala sartu zen 1901ean San Telmo Museoan.

Erakusketaren harira Barne Begiradak zikloan hitzaldia antolatu da maiatzaren 10ean 19.00etan, gaztelaniaz. Mari Fe Schmitz Brockmanni buruz arituko da. Sarrera librea lekuak bete arte. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da.