INFO

Izaskun Lesaka presoari baldintzapeko askatasuna ematearen kontra agertu da prokuradorea

Martxoaren 1ean Parisko Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak Izaskun Lesakak aurkezturiko eskaera ontzat eman arren terrorismoaren aurkako prokuradoreak helegitea aurkeztu du, baldintzapeko askatasuna oztopatzeko asmoz.

Joan zen otsailaren 18an Baionako Suprefeturaren aurrean eginiko desobedientzia ekintza. (Bob EDME)

Bake Bideak eta Bakegileek gaur plazaratu duten agiri baten bidez jakitera eman dutenez, martxoaren 1ean Parisko Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak ontzat eman zuen Izaskun Lesaka presoak baldintzapeko askatasuna lortzeko aurkezturiko eskaera.

Are, elkarte horiek nabarmendu dutenez, «Euskal Herriko testuinguru politikoan izan den aldaketa berretsi eta bake prozesua zalantzan ezartzeak ez duela zentzurik» adierazi zuen auzitegiak euskal presoari buruz harturiko bere erabakia oinarritzeko.

Hala ere, argudio horiei muzin eginez, PNAT-eko prokuradoreak 24 orduko epea agortu aitzin helegitea ezarri zuen, epaileak Izaskun Lesaka baldintzapeko askatasunean uzteko harturiko erabakia bertan behera utziz.

Bake Bideak eta Bakegileek oroitarazi dutenez, 2021ean aipaturiko auzitegiak Ekaitz Sirvent presoak baldintzapeko askatasuna lortzeko aurkeztu zuen eskaera ontzat eman zuen. Orduan ere prokuradoreak helegitea ezarri zuenez, laster bere kondena osorik beteko duen Sirventek Mont de Marsango kartzelan jarraitzen du.

Horrendako, Bakegileek eta Bake Bideak gogor salatu dute gaur PNAT-eko prokuradoreak Lesakak eginiko eskaera blokeatzeko harturiko erabakia.

«Beste behin ere argi eta garbi erakusten du zein den Ministerio Publikoaren jarrera politikoa», gaineratu dute aipaturiko eragileek.

Ezinbestean, korsikar presoek bizi duten egoera, eta, bereziki, asteazkenaz geroztik hilzorian den Yvan Colonna gogoan izan dute euskal eragileek gaur plazaraturiko agirian.

Justizia Ministerioak Korsikako eta Euskal Herriko presoak DPS estatuspean atxikitzen dituela preseski, lehenik eta behin lekualdatzeak baina hortik haratago ere baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukerak saihesteko nabarmendu dute Bake Bideak eta Bakegileek.

Salbuespen nerriak altxatzeko premia

«Presoen egoerari ezin zaio konponbiderik atxeman, salbuespen neurriak mantentzen diren bitartean», nabarmendu dute, ordea, aipaturiko eragileek haien agirian.

Hala ere, espetxe politika horren aurka borrokatzen jarraitzeko engaiamendua berretsi dute Bakegilkeek eta Bake Bideak.

Joan zen otsailaren 18an Baionako Ssuprefeturaren aitzinean egin zuten desobedientzia ekimenari jarraipena emanez Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal –Unai Parot bezala– kartzelan sartu zituzten 32. urtemugaren testuinguruan heldu den apirilaren 1ean eta 2an hitzordu berria eman dute bake ekintzailek.