Real Madrilen aurkako ligako partidak kanporaketa kutsua dauka Athleticentzat
Zuri-gorriek Real Madril bisitatuko dute garaipena lortzeko beharrarekin Txapeldunen Ligarako sailkapena lortzeko aukerak mantendu nahi badituzte.
Kopako ilusioa desagertuta, Athleticek indar guztiak erabili beharko ditu Ligan duen erronka zailari aurre egiteko. Zortzi jardunaldi geratzen dira denboraldia amaitzeko eta hau erregulartasunaren txapelketa bada ere, datozen partidek kanporaketa itxura hartuko dute zuri-gorrientzat, sailkapenak akatserako tarterik ez baitie eskaintzen.
Larunbat honetako kasua da argigarriena. Real Madrilen kontrako partida (17.00, Athleticen Youtubeko kanalean) partida bakarrera jokatuko den kanporaketa izango da. Txarrerako, gainera, galduz gero karanbola pentsaezina beharko lukeelako Athleticek eta irabaziko balu, borrokatzen jarraitzeko aukera mantentzea izango litzatekelako bere sari bakarra, madrildarrek puntu bat gutxiago baitute baina atzeratutako hiru partida berreskuratu behar baitituzte oraindik ere.
Baina «behin egoera edukita, eta oso zaila dela dakigun arren, borrokatu egingo dugu; ez daukagu beste aukerarik», esan du Iraia Iturregik. «Helburu anbiziosoak jarri behar ditugula uste dut. Liga hasieran ez zen gure helburua baina behin posible izanda, zergatik ez gara joango bere bila? Gainera ez dugu ezer galtzeko».
Epe ertaineko erronka zaila bada, gauza bera esan daite biharko helburu zehatzari buruz baina entrenatzaile bizkaitarraren diskurtsoa bera da. Azken lau hilabetetan partida bakarra –Bartzelonaren kontra– galdu duen Real Madril «faboritoa da. Baina guk ere gure armak ditugu, Ligan zehar erakutsi dugu partida gehienetan. Badakigu gure bertsiorik onena eman beharko dugula eta gero zelaian ikusiko da taldea prest dagoen erronka horretarako ala ez». «Ligako bigarren talde onena dute –gaineratu du–, Txapeldunen Ligan ere final laurdenetan daude, edonori irabazi diezaiokete. Guzti hori badakigu baina taldeak, bai Bartzelonaren kontra, bai Atleticoren kontra, bai Real Madril beraren kontra lehen itzulian, nola lehiatu zuen kontuan hartuta, helburua posible dela uste dut».
Helburu teoriko hori gauzatu ahal izateko, «alde batetik defentsan oso sendo egon behar gara. Jokalari askorekin erasotzen du Real Madrilek eta horrek zailtasunak sortzen dizkie beren aurkariei. Baina beste alde batetik, adibidez, kontraerasoan Bartzelonari eta Atleticori min dezente egin genien eta Real Madrilen kontra ere lehen itzulian oso ondo aprobetxatu genituen beren akatsak. Eta aukerak sortzeaz gain, aprobetxatu behar ditugu. Sevillaren aurka zortzi gol aukera sortu genituen baina ez genien golik sartu eta Ligan lauzpabost talde daude garaiezinak direla aukerak ez badituzu aprobetxatzen».
Iturregik bigarren taldeko jokalari bakarra eramango du oraingoan, Mariana Cerro. Etxean geratuko dira Naroa, Istillart, Monente eta Unzue, min hartuta.
Jardunaldi erakargarria
Menu erakargarria eskainiz itzuliko da Liga asteburuan. Athleticek Real Madrili bihar egingo dion bisitaz gain, igandean Zubietak Realaren eta Eibarren arteko derbia hartuko du (12.00, RSTV) eta Alaves Bartzelona gainditzen duen lehen taldea bilakatzen saiatuko da Ibaian (12.00, Teledeporte).
Gaur eguerdian, bestetik, Kopako final laurdenak zozketatu dira. Zorte txarra izan du euskal ordezkari bakarrak, Realak Bartzelonaren aurka jokatuko baitu.