INFO

Mutrikuk Berdel Eguneko ospakizunak berreskuratuko ditu

Bi urteko etenaldiaren ostean, Mutrikuko Udalak iragarri du datorren apirilaren 2an Berdel Eguna ospatuko dutela.

Gizon bat berdelak sukaldatzen ari da 2019ko Berdel Egunean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

2019az geroztik, pandemia tarteko, mutrikuarrek ez dute Berdel Egunik ospatu. Baina hori aldatzear dago; izan ere, ostiral honetan, Mutrikuko Udalak iragarri du datorren apirilaren 2an, larunbatean, Berdel Eguna ospatuko dutela herri gipuzkoarreko portuan. Hori horrela, Berdel Egunaren XXV. urteurrena, 2020an egitekoa zena, ospatuko dute aurten Mutrikuko bizilagunek.

Hala ere, egitarauko ordutegiei dagokionez, aldaketa txiki bat aurkeztu du Mutrikuko alkatea den Joseba Palenzuelak: «Ohiko arratsaldeko dastaketa eguerdira aldatu dugu aurten, egun pasako jai gastronomikoa izan dadin». Hala ere, udaletxeak argitu du dastaketa zertxobait aurreratu arren, horrek ez duela Berdel Eguna gaueko egitaraurik gabe utziko. «Aldaketa honek ez du eguneko jai batera mugatuko aurtengo Berdel Eguna, gaualdean kontzertuak ere egongo baitira Beheko Plazan», azaldu du ohar baten bidez.

Berdel Egunaren antolatzaileek behin-behineko egitaraua argitaratu dute, baina ohartarazi dute oraindik ekitaldi eta kontzertu batzuk zehazteko daudela. Oraingoz, Artisau eta Sortzaileen azoka, Mutrikuko belaontzien arteko txapelketa, zesta punta partiduak, abesbatzaren kontzertua, berdel pintxoen dastaketa, trikitilarien kalejira, Gravni binakako txapelketa eta Errietan taldearen kontzertua konfirmatu ditu Udalak apirilaren 2rako. Hortaz gain, elektrotxaranga bat eta beste kontzertu bat ere egotea aurreikusten du, baina ez ditu musika taldeak iragarri.

Berdel Egunaren bezperako egunetan ere ekintza dezente antolatu ditu udalak. Hala nola, argazki eta kartel erakusketak, arrantza eta gastronomiari buruzko hitzaldiak eta mahai-inguruak.

Mutrikuarrak berdela promozionatzeko ekimen bezala hasi ziren duela 27 urte Berdel Eguna ospatzen, zeina, pixkanaka-pixkanaka, herriko jai garrantzitsuenetariko bat bihurtu den.