INFO

Herri esperimentu bat abiatu dute Beasainen, benetako kontziliazioaren bila

Gizon eta emakumeek zaintzan egiten duten ekarpena orekatzeko, proiektu pilotu bat abiatu dute Beasainen. Kontziliazio falta auzi konplexua da eta egitasmoa hasiera bat da, inguruan eragiteko aukera ematen duena. Balantzea ederra da.

Argi optikaren ataria, «Beasainen berdintasunean bizi» kanpainako kartelarekin. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Beasainen berdintasunean bizi” leloarekin garatzen ari diren Herrilaben proiektu pilotuak adar ezberdinak ditu eta horien artean otsailean merkatariekin egindakoak izan du hedapenik handiena. 35 merkatarik arratsaldeko ordutegia aurreratu dute: 17.00etan zabaldu eta 20.00etan itxi beharrean, 16.00etan ireki eta 19.00etan jaitsi dituzte pertsianak.

Gustura daude. Batzuek diote 16.00etan ez dela hainbeste jende etortzen; besteek, animatzen hasi direla. Baten batek aipatu du 19.00etan itxi ordez 19.30ean ixtea hobea litzatekeela. «Inkestak egin dizkiegu merkatari zein erosleei. Orain horiek aztertu eta etorkizunari begira zer neurri har ditzakegun ikusi behar dugu», azaldu dio Leire Artola alkateak GAUR8ri.

Orokorrean, balorazioa «oso ona» dela baieztatu dute herri laborategi honen parte diren guztiek. Hasteko, funtsezkoa iruditzen zaie eragile ezberdinak elkarlanean aritzeko bildu izana: erakundeak, merkatariak, ikastetxeak, elkarteak, enpresak eta herritarrak. Seme-alaba, adineko edo mendekoen zaintzan eta etxeko arduretan gizon-emakumeek modu orekatuan parte hartzea da helburua, baita bakoitzak bizitzeko eta bere burua zaintzeko denbora gehiago izatea ere. Izan ere, 19.00etatik 20.00etarakoa ordu bat da, baina ordu garrantzitsua. Lehenago afaltzeko aukera ematen du, lasaiago egoteko, kirola egiteko, aisialdiaz gozatzeko...

2017an Gipuzkoako Aldundiak eta Beasaingo Udalak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten kontziliazio erantzunkidea sustatzeko. Itun horren baitan azterketa sakonak egin ziren, batik bat merkataritzaren, industriaren, hezkuntzaren eta elkarteen ikuspegitik. Eragile horiekin talde motor bat osatu eta ekintza plana jarri zen martxan.

Beasaindik harago

Merkataritzaren arloan, eredu izan dituzte Kataluniako Salsona eta Cardona. Herri horiek pandemian hasi ziren ordutegi berriarekin eta 19.00etatik 20.00etarako ordu hori bakoitzak nahi zuenerako erabiltzeak zer garrantzi zuen ikusi zuten. Gainera, frogatu zuten orokorrean ez zekarrela erosketak eta fakturazioa murrizterik.

Beasainek 14.000 biztanle inguru ditu, elkartegintza aberatsa du eta industriak pisu handia du eskualdean. Esperimenturako baldintza egokiak betetzen dituelako hautatu zuten lagin gisa. Miren Elgarresta Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak azaldu duenez, zabaltzeko bokazioa du Herrilabek. Udazken aldera, emaitza guztiak baloratzean, aztertuko dute zein esperientzia aplika ditzaketen beste herrietan.

Aktibatze fase honetan, hiru gako ikusten ditu kontziliazio erantzunkidea lortzeko: «Sentsibilizatzea, komunikatzea eta herritarrek parte hartzea».

Merkatarien beharrak

Ainhoa Arce Argi optikaren jabea da. Neguan ordutegi murriztua eduki ohi dute, 19.30ean ixten dute, beraz, «ez da sekulako aldaketa izan». Ideia ona iruditu zitzaion lana aurreratzea, bereziki jendea merkatarien tokian jartzera eta pentsatzera bultzatzeko, ohar dadin haiek ere eskubidea eta beharra dutela aldaketa txikiren bat egiteko eta bizitzeko denbora gehiago izateko. «Hala esplikatuta bezeroek ulertzen dute».

Optikariak ez du uste ordutegi aldaketagatik jendea gehiago joanen denik berandu ixten duten saltoki handietara. Saltoki txikietan beste zerbitzu bat bilatzen dutelako bezeroek, arreta pertsonalizatuago bat, hurbilagoa. Hori eskaintzen dute besteen aldean.

«Aldaketak ondo iruditzen zaizkiela komentatzen dute. Bada jendea arratsaldez lan egiten duena eta berandu etortzen dena. Ordutegi barnean etor badaiteke primeran eta bestela berarekin gelditzen gara».

Otsaila ez da hilabeterik jendetsuena. Horrexegatik aukeratu zuten martxan jartzeko. Merkatari batzuek uste dute udan gehiago kostako dela ordutegi honi eustea, jendea beranduago ibiltzen baita. Kontzientziazio lana egin behar dela defendatu du Arcek. Oreka bilatu. 19.00ak arte ez daki, baina 19.30 arte ziurrenik jarraituko du.

«Gure ordutegia beti izan da txarra. 20.30 arte ez naiz iristen etxera. Dutxa, afaria… tartetxo txikia izaten dut haurrekin egoteko eta estres bat izaten da. Ordutegi berriarekin etxean gehiago egoten naiz, gusturago, lasaiago. Lehentxeago ailegatzen naiz eta ez dut korrika eta presaka ibili behar. Alde horretatik aldaketa sumatzen dut». Eguerdian hainbesteko tartea edukita, hori murriztu eta arratsaldean lehenago itxi dezaketela pentsatzen du.

«Nire kasuan haurrek 10 eta 12 urte dituzte eta gure arreta behar dute. Aurrera begira, gurasoak ere hor daude. Ez da bakarrik umeak dauzkagunentzat, guraso helduak dauzkatenentzat ere bada». Norbere buruarentzat ere bai. Horregatik ere parte hartu du, bizitzeko eskubidearen alde. Arratsaldea da jende gehiena libreago dagoen partea eta familia edo lagunekin egoteko aukera ematen du.

Lehenengo deia, aitari

Hezkuntzaren adarrari dagokionez, ikastetxeetan umea gaixotu delako edo oharren bat emateko, aita duten familietan lehendabiziko deia berari egiten hasi dira amari egin beharrean, genero rolak hautsi nahian. Hiru zentro batu dira egitasmora. Tartean Murumendi.

Arrate Leunda bertako ikasketaburua da. Balantze ona egiten du. «Berriz etorri da gaia, baina gu aspaldi hasita gaude eta nabaritzen da atzetik egindako lana». Oroitzen du duela urte batzuk gehienbat amak etortzen zirela umeen bila zein bileretara. Garaiak aldatzen doaz eta aitak gero eta gehiago inplikatzen ari dira. Halere, hurbiltzen diren erdiak baino gehixeago amak dira oraindik. Hiru kasutik batean bi gurasoak etortzen dira eta gutxi batzuetan aita bakarrik. Aitari ere lekua eta indarra emateko, berari hots egiten diote.

«Ondo hartzen dute. Batzuetan esaten digute: ‘Niri deitu didazu, lanean nago, ama etxean dago’, eta guk: ‘Esango diozu bikotekideari?’. Gustatzen zaie aita kontuan hartzea, eurak ere inportanteak dira. Gurasoen foroetan sartzen saiatzen gara. Bada foro bat guraso elkartearena eta beste bat ekintza zehatzetarako, inauteriak antolatzeko kasu. Gehienbat emakumeek parte hartzen dute eta batzuetan arrotz sentitzen dira».

Aplikazio bat dute sakelakoaren bidez tutoreak familiarekin harreman zuzena izateko. Bi guraso dauden kasuetan, biek jasotzen dute mezua eta bietako batek idazten badu biek irakur dezakete. Banandutako bikoteek aplikazio bera edo bakoitzak berea izateko aukera dute. Kasu hauetan ere biei deitzen diete eta behar izanez gero bi bilera egiten dira.

Erreferenteak

«Haur Hezkuntzako umeak oraindik emozionalki amaren inguruan daude, murrizketak ere amek hartzen dituzte normalean. Etorkinen kasuan ere gehienetan gizonak kanpoan ari dira lanean eta emakumeak librexeago daude. Saiatzen gara ordutegiak malgutzen, arratsaldean zain gelditzen edo goizean lehentxeago hasten, biak etortzen badira aberatsagoa delako bilera», agertu du Leundak.

Ate irekiak egiten dituzte metodologia erakusteko, ez baita berdina kontatzea eta ikustea, eta gurasoek aukera dute umeak lanean ari direla etortzeko. «Goizetan eta arratsaldetan egiten ditugu saioak, aita pila bat etortzen dira eta pozik gaude. Batez ere hirugarren zikloan, aitari begira daude mutilak, erreferente dira».

Ikasleen informazioa jasotzeko aitaren ikuspuntua osagarria izaten da: «Amak gauza bat ikusten du eta aitak beste bat, bultzada ematen du gizarterantz. Aita ez dagoenean ere topatzen dute erreferentea: aitona, osaba… Aitonak asko inplikatzen dira. Zer pozik ikusten ditugun! Berria da, orain ari dira gozatzen bilobekin».

Gurasoentzat hitzaldiak ematen dituzte berdintasunaren inguruan. «Gizon moderno asko dago, baina ez dira konturatzen guk ere behar dugula aisialdi pixka bat, lana eta umeez gain. Gaurko gurasook dena nahi dugu: lagunak mantendu, aisia, umeak, lana… Zainketa partekatzea da gakoa, umeak ez baitira gureak bakarrik».

Umeekin ere lan egiten dute, Haur Hezkuntzatik hasita Lanbide Heziketara. Adibidez, neskato batek suhiltzaile izan nahi duela-eta, lagun batek «ezin duzu, neska zara» esaten badio, «nola ezetz?» sartzen dira. Handixeago direnean, tutoretzetan rolak puskatzen saiatzen dira. Etorkizun hurbilean beraiek izango dira guraso. Galtza puskatzean, «aitak josiko dizu», esaten diete.

Murumendin, Haur Hezkuntzako langile guztiak emakumezkoak dira; Lehen Hezkuntzan ere bai gehienak. «Zainketa guztietan emakumeak ari gara eta ez gara ailegatzen, beti presente daukagun gaia da kontziliazioarena. Orain gurasoak dauzkagu delikatu samar, laguntza beharrean», adierazi du ikasketaburuak.

Azpimarratu duenez, enpresetako ordutegiak malgutzea behar da. «Covid egoerak argi utzi du: gaixotzean zein gelditzen da umeekin? Nik 50 urte ditut. Lankide gazteak ikusten ditut ume txikiekin. Aita seietan sartu da lanera eta antolatu ezinik etortzen dira. Oraindik ere falta zaigu, gaurko aitek erreferente gehiegi ez zituzten. Baina ari dira. Indarra ematen badiegu, zainketan lekua uzten badiegu, gusturago sentitzen dira».

Amonak

Ana Asla Asmube Beasaingo emakume taldeko kidea eta amona da. Bat dator Leundarekin malgutasunaren ideian. Duela 42 urte Beasaingo haur eskola sortzeko prozesuan parte hartu zuen. «Argi dugu ez dela haur aparkaleku bat, hezkuntza proiektu bat baizik. Baina ez du eskola egutegi eta ordutegia izan behar, ez dielako etxetik kanpo lan egiten duten gurasoen beharrei erantzuten. Asko zerbitzuetan ari dira; zeinek zaintzen ditu haurrak bitartean? Besteak txandaka ari dira kooperatibetan, goiz, arratsalde eta gauez. Nor etorriko zaizu etxera txikiak zaintzera txandaka? Premia ugari dago eta lan arloan malgutasuna behar da».

Erantsi duenez, telelanak lagundu du hein batean, baina ez da konponbidea izan, enpresara konektatuta egon behar duelako langileak ordu batzuetan eta ezin duelako eskapo egin eta gerorako utzi inguruan dabiltzan haurrei arreta eskaintzeko.

«Elkartekide askok gaztetatik sufritu izan dugu kontziliazio erantzunkidearen falta. Baina tristeena da, poliki-poliki neurriak hartzen ari diren arren, gure seme-alabentzat apenas hobetu dela egoera. Izurritearekin agerian gelditu da. Administrazio eta enpresek ez dute baliabiderik ematen lana eta familia uztartzeko. Hortaz, aitona-amonak ordezkaezinak gara».

Elkartean hainbat tailer eta talde dituzte martxan eta ez dute bat ere itxi behar izan konfinamenduagatik. «Baina harrapatuta gaude, batzuetan itota, nahiz eta gehienak jubilatuta egon. Zuloak tapatzen gabiltza eta ez dugu erraza batzea».

1953an jaio zen Asla. «Gure belaunaldian neska eta mutikoek bananduta ikasten genuen eta zeuden desberdintasun eta diskriminazioez kontziente ginen. Gure alabek, ordea, eskola mistoetan ikasi dutenez, unibertsitatera ere neska-mutilak iristen direnez, ikasketak bukatzen dituztenean lan aukera berak izango dituztela pentsatzen dute. Eta nik uste oker daudela. Emakume eta gizonek ez dituzte lan aukera berdinak».

Arazoa hain denez konplexua, Udaletik harago joan behar dela uste du Asmubeko kideak, instituzio handiagoetara. «Hainbat frontetatik saiatu behar dugu arazoa konpontzen».

Herrilaben proiektua Beasainera etorri zenean itxaropen leiho bat zabaldu zitzaiela kontatu du. «Eremu ezberdinetako eragileekin biltzeko eta mintzatzeko aukera bat da, eta erabakiak hartzekoa. Urrats txiki bat da, baina baikorra, batez ere gure inguruan eragin dezakegulako. Eremu eta denbora jakin batean gauzatzen delako. Hasiera bat da eta ikusiko dugu nola jarraitu», adierazi du.

 

Bizi itxaropenean sendo, baina jaiotzetan baxu

Pandemia garai honetan ere haurren zein adinekoen zaintzaren ardura ia beti emakumeen gain egon da. Ana Asla Asmube Beasaingo emakume taldeko kideak nabarmendu duenez, «bada garaia onartzeko erantzukizunek guztienak izan behar dutela. Denok inplikatu behar dugu gehiago. Etxe bakoitzean landu behar dira harremanak, baina instituzioek ere badute zer egina. Adibidez, familiei laguntza ekonomikoak ematen ahal dizkiete». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jaiotza tasa Europako bigarren baxuena da; aldiz, bizi itxaropena munduko handienetakoa. «Ez al da desorekatua? Denok dugu erronka bat: zer jendarte motatan bizi nahi dugun gogoetatzea», aldarrikatu du.