INFO

Salbuespena salbuespenaren barruan; emakume presoek pairatzen duten egoera salatu du Sarek

Otsaileko datuen arabera, batez beste, euskal emakume presoak Euskal Herritik 245 kilometrora daude oraindik. 27 dira orotara, haietako 11 Euskal Herriko espetxeetan, 12 espainiar Estatukoetan eta lau frantziar Estatuan. Gainera, horietako lau guztiz bakartuak daude.

Este navegador no soporta el elemento video.


Martxoaren 8aren atarian eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak biharko deitutako deialdiekin bat eginez, elkarretaratzea egin du Sarek astelehen honetan Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Emakume presoek espetxean, salbuespenezko egoera horretan, pairatzen dutena salatu nahi izan dute: «Emakume presoak izateagatik are bakartuago eta are urrunduago egon dira», adierazi du Jone Galartzak.

Sareko kideak nabarmendu egin du azken hilabeteetan, euskal presoen gerturatzearekin «egoera apur bat aldatu egin den arren», oraindik 16 emakume daudela Euskal Herritik kanpoko espetxeetan, 12 espainair Estatuan eta lau frantziar Estatuan. Horietako lau, gainera, bakartuta.

Salbuespen egoera horri «emakumeen kasuan gizonentzako soilik pentsatua den eremu batean zigorra bete behar izatea gehitzen zaio», azpimarratu du Galartzak. «Ez-leku batean aurkitzen dira, sistema patriarkal honetan onartezina baita emakumea delitugilea izatea. Emakume onak birsortzeko fabrikak bilakatzen dira espetxeak, emakume presoak ber-hezteko».

Zentzu horretan, emakume presoek «zigor hirukoitza» sufritzen dutela adierazi du. «Zigor soziala, patriarkatuak emakumeari ezartzen dion rol pasiboa apurtzen duelako. Zigor pertsonala, emakume txarraren edo ama direnen kasuan ama atxarraren epaia gehitzen baitzaio. Eta zigor penala, emakumeentzako prestatua ez dagoen sistema penalaren pean bete behar baitute kondena».

Hori, euskal presoei ezarri zaien salbuespeneko espetxe politika gehituta. «Emakumeentzako izendatuta dauden espetxeen eskasia dela-eta, euskal emakume presoen gerturatzea eta batzea gizonezkoena baino zailagoa da». Otsaileko datuen arabera, euskal emakume presoak, batez beste, Euskal Herritik 245 kilometrora daude oraindik.

«Salbuespen egoerari, masifikazioari, urruntze politikari, osasun arreta eskasiari, isolamenduari eta maiz jasan behar dituzten bortxa eta umiliazio tratuei, emakume izatearen konponente sexistak gehitzen zaizkio, zigor morala eta estigmatizazioa, edota mehatxu eta irainak hasi eta emakumeentzako egokituta ez dagoen osasun zerbitzu eta espazioetararte», azpimarratu du Galartzak.

Hori dela-eta, sistema patriarkala «desegiteko», espetxeak ere «landu beharreko espazioak» direla iritzi du Sarek.