INFO
Entrevista
Jose Carlos Torre
EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea

«Oraindik asko geratzen da Juan Carlos Eguillor bere osotasunean ezagutzeko»

Juan Carlos Eguillorren artista izaera poliedrikoa hobeto ezagutzen eta ulertzen lagunduko du Jose Carlos Torrek atondu duen erakusketak. Horrez gain, ostegunean Zazpi Kaleetan zehar artistaren txoko kuttunak eta esanguratsuak erakutsiko dizkie bisita gidatuan parte hartzen dutenei.

Jose Carlos Torre. (NAIZ)

EHUko Arte Ederren Fakultateko irakaslea –komikia irakasten du–, Jose Carlos Torre ere Eguillorren artista izaeraren erpin berriak deskubrituz doa. Artista ardatz zuen tesia aurkeztu zuen Torrek. Berak atondu du Bira Kultur Gunean zabaldu den erakusketa eta baita ostegunean Zazpi Kaleetan egingo den bisita gidatua ere. Eguillorren txoko kuttunak eta bere bizitzan esanguratsuak izan zirenak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko da. Torre izango dute gidari partehartzaileek.

Donostiarra sortzez, bilbotartzat zuen bere burua artistak. «Han ikasitakoari esker joan zen gero Madril aldera eta bidaiatu zuen New Yorkera. Inoiz ez zuen ahaztu Bilbo, asko maite izan zuen bizitza osoan», esan du Torrek.

«80ko hamarkada Bilbon eman zuen eta oso garrantzitsua izan zen bere ibilbide profesionalean. Bertan finkatu zuen bere hastapeneko nortasuna, ondorengo urteetan bere artista izaera biribiltzeko», kontatu dio NAIZi EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasleak.

Giltzarri izan zen garai hura. Bizkaiko hiriburua borborka zegoen. Han bizitakoak eragina izan zuen euskal jendartean eta kulturgintzan. «1975ean Franco hil, eta aurretik zetorren mugimendua askatu zen, mugimendu berriak jorratzen hasi ziren, euskarari lotutakoa tartean, Aste Nagusia ere egituratu zen...», gogoratu du Torrek.

Pott Banda sortu zuen Atxaga, Ordorika, Iturralde, Sarrionandiarekin eta Juaristirekin batera. Ondoren etorri zen ‘Euskadi Sioux’ aldizkari satirikoa. Zulueta, Castellano, Bilbao, Olariaga, Zulueta, Unzurrunzaga, Ameztoy eta Agiriondo zituen bidelagun.

Bada Torreri azpigarratzekoa iruditzen zaion zerbait: «Marrazki eta ilustrazioen bidez kritika oso zorrotza egin arren, inoiz ez zuen inolako arazorik izan zentsurarekin. Eta umorearen bidez lortu zuen hori». Modu sotilean egin izanak lagundu zion garaiko zentsurari iskin egiten. Marrazkilari gisa «oso zertzelada gutxirekin asko esateko gai zen», Torreren ustez.

Garaiko artista

«Nire iritzian, artista batek egin behar duena da bere garaiaren isla izan eta lortu zuen Eguillorrek», gehitu du.

Kalean hiritarrei entzundakoa, haien artean bizitakoa, bere galbahe pertsonaletik igaro eta berriz jendeari eskaintzen zion. Hala dio Torrek. «Irakurleak, jasotzean, bere burua islatuta ikusten zuen eta barre egiten zion bere buruari, eta garai hartan oso zaila zen lortzen, garai txarrak ziren-eta. Inguruan zebilen informazio guztia ez zen batere samurra. Gatazka politikoa eta egunerokotasuna orekatzeko modua zen», adierazi du.

Garaiko minentzat «botika» antzeko zerbait zen, Torreren esanetan, Eguillorren sorkuntza. «Sumatzen zen hutsunea kulturak bakarrik bete ahal zuen».

Komisarioa sinetsita dago garai hartan sortutako aukerak ez ditugula galdutzat eman behar. «Orain inoiz baino gehiago berretsi behar dugu haiek egindako ahalegina. Ez dugu utziko gure ametsak berriro ‘anphoran’ sar ditzaten», nabarmendu du.

Artista transmedia

Artista transmedia izateagatik nabarmendu zen, batez ere; hau da, komikiak eta ilustrazioak argitaratzen zituen prentsan –‘Egin’ eta ‘El Correo Español’– eta aldizkarietan, liburuak ilustratzen zituen, diseinatzaile jarduten zuen, bere lana galerietan erakusten zuen...

«Bere komikietan sortutako pertsonaiak hainbat euskarritan garatu zituen –gogoratu du–. Medio ezberdin horien bidez istorio berbera garatzen zuen». Ezin ahaztu, esaterako, Max Bilbao, artistaren alter egoa edo Mari Agirre emakume feminista, gogor eta boteretsua. Garai haietan gisa horretako pertsonaia sortzeak ere islatzen du artistaren izaera aurrerakoia.

Torreren esanetan, euskaldunok oraindik badaukagu zer deskubritu Eguilleorren inguruan. «Gaur egungo publikoak icebergaren punta besterik ez du ezagutzen artistaz. Oraindik asko dago Eguillor bere osotasunean ezagutzeko», adierazi du.

Gidoilaria, bideoarte zuzendaria eta ‘net.art’-aren bultzatzailea ere izan zen. «Aitzindaria izan zen komikiak argitaratzen Espainia mailan eta, horrez gain, irudi infografikoaren bitartez landutako lehenengo film laburra berak sortu zuen», gogoratu du. Bideoa Sofia Erregina Arte Zentroan egon zen ikusgai, eta gero, Pompidoun.