INFO
Entrevista
Julen Mujika
Bidasoa-Irungo eskubaloi jokalaria

«Taldea nahiko motibatuta ikusten dut EHF European Leagueko hurrengo faserako»

Julen Mujika (Errenteria, 2003-09-03) aurten irundarrekin debuta egin eta maila bikaina ematen ari den gazteetako bat da. Duela 12 urte hasi zen eskubaloian, Ereintzan, eta duela hiru Bidasoara iritsi zen. Erabaki «oso positiboa» izan dela dio eta erakusten ari den maila onak saria ekarri dio.

Julen Mujika, aurtengo EHF European Leagueko partida batean. (Jon URBE | FOKU)

Partida ugari izan dituen aurtengo otsail gogorretik bikain atera da Bidasoa-Irun, helburu guztiak beteta: Ligan bigarren dago eta ekainean jokatuko den Asobal Koparako txartela eskuratu du; hil amaieran Antequeran jokatuko den Kopako azken faseko final-laurdenetan Granollersen aurka jokatuko du; eta gaur, Fenix Toulouse (18.45) taldeari bisita egingo dio EHF European Leagueko multzo faseko azken partidan, dagoeneko hurrengo faserako txartela eskuratuta duela. Helburu horiek guztiak betetzeko, gazteen lana funtsezkoa izan da. Horietako bat da Julen Mujika eskuin hegala. Berarekin mintzatu da NAIZ, iragan asteburuan Kantabriara joan eta partida irabazi aurretik.

Otsaila bezalako hilabete gogor batetik zatozte eta asteburu honetan Sinfinen etxean jokatu duzue. Nola zaudete?

Oraintxe bertan Ligako azken txanpan sartzen hasi gara. Komentatzen ari gara nola markatu behar dugun puntu erritmo bat, astebururo joan behar garela bi puntu ateratzen eta horrek nahiko abantaila ematen digu denboraldi bukaerara iristeko eta gure aurkari zuzenekin abantaila txiki bat izateko. Azkenean Liga hortaz dihoa, erregularitatea premiatzen da. Gu bilatzen duguna da astebururo bi puntuak lortzea. Nahiz eta aurkaria jaitsiera postuan egon, aurkari horien kontrako bi puntuak ere garrantzitsuak dira eta berdin balio dute.

Noski, eta Ligan Barçaren itzala jarraitzea ezinezkoa da, ezta?

Hori da. Ez dizut engainatuko. Poderio ekonomiko askoz ere handiagoa dute beraien dirua gastatzeko. Bidasoarekin konparatuta, kristoren diferentzia dago. Eta horrek azkenean diferentzia asko egiten du. Hala ere, saiatzen gara beti Barçaren aurka jokatzen dugunean, partida horiek ahalik eta lehiatuenak izatea eta, adibidez, lehengo egunean Palaun, oso emaitza ona atera genuen. Golaverage generalerako ere garrantzitsua da. Horrekin lortzen dugu gure aurkari zuzenekin berriro ere abantaila txikitxo bat.

Otsail gogor batetik zatozte. Nekerik igartzen al duzue?

Esaten badizut asteburu honetan justu gripea hartu dudala… horrek nahiko ondo islatzen du (barrez). Bai, partida asko dira eta ulertu behar da, beste taldeekin konparatuta, agian gure errekuperatzeko kalitatea, bidaiak tarteko, gogorra dela. Fuchse Berlinekin konparatuta, adibidez, beraiek instalazio onak dituzte eta horrek garrantzia du gero ondo deskantsatzeko eta partidetara ahalik eta hobetoen iristeko. Gure kasuan, daukagunarekin ahal duguna egiten dugu eta horrekin, nahiz eta nahiko nekatuta iritsi eta lesioren bat eduki, otsail honetan nahiko emaitza onak atera ditugu.

«Daukagunarekin ahal duguna egiten dugu eta horrekin, nahiz eta nahiko nekatuta iritsi eta lesioren bat eduki, otsail honetan nahiko emaitza onak atera ditugu»

Helburu guztiak beteta, gainera.

Entrenatzaileak behin baino gehiagotan esaten du Bidasoaren helburua dela Espainiako eskubaloiaren momentu handienetan hor egotea. Komentatu zuen garrantzitsua zela, batez ere, atzeratutako partidak berriro irabaztea, Asobal Koparako garrantzitsuak diren puntuak lehen itzulikoak direlako. Valladolid eta Huescaren aurka puntuak atera beharra genuen eta horrekin lortzen genuen Asobal Koparako txartela. Horra iristean, ahalik eta paper onena egitea.

Gaur EHF European Leagueko multzo faseko azken partida jokatuko duzue hurrengo faserako sailkatuta zaudetela. Nola dago taldea helburu hori lortuta?

Azken partida hauek sari bat bezala hartzen ditugu, disfrutatzeko, Fuchse Berlinena bezala. Taldea nahiko motibatuta ikusten dut hurrengo faserako. Saiatuko gara paper onena egiten, eta, zortea badago edota lortzen badugu hobeak izatea, pasatzen. Egia esan, ikusita nola hasi zen multzo fasea… Presoven porrota jasota zalantza sortu zen, baina Winterthurren emaitza oso ona atera genuen, eta gero Presoven etxean ere bai. Horrekin gure aurkariei abantaila ateratzen genien. Ziur aski, lehenengoen aurka tokatuko zaigu laugarren geratuko garelako baina, hala ere, denerako ekin behar da.

Sailkatzea lortuta, minutu gehiago bana ditzake entrenatzaileak.

Egia da Jacobok minutu asko banatzen dituela edozein partidatan. Nahiz eta partidak garrantzia ez izan, normalean batez ere igotzen garen gazteok minutuak izaten ditugu; gutxienez 10-15 partida bakoitzeko bai. Horrekin lortzen dugu guretzat esperientzia on bat izatea eta lehen taldeko jendeari deskantsua ematea, ez datorrena gaizki. Ez dut esango entrenatzaileak zer pentsatzen duen, ez baitakit, baina ea zerbait joka dezakedan.

«Nahiz eta partidak garrantzia ez izan, normalean batez ere igotzen garen gazteok minutuak izaten ditugu; gutxienez 10-15 partida bakoitzeko bai»

Hasiera batean, jokalari garrantzitsuen lesioengatik sartu zineten gazteok lehen taldean, baina egia da oso maila ona ematen ari zaretela. Zer esaten dizue Jacobo Cuetara entrenatzaileak?

Lehen taldearekin asko entrenatzen gara. Puntu oso positiboa dugu haien jokatzeko era ulertu eta praktikan jartzen dugula entrenamenduetan, eta partidetara iristean ez duzu hainbesteko presioa eta badakizu zertara jokatzen dugun, nola eraso aurkarien defentsari. Jacobok konfiantza handia agertzen  du gazteengan eta hori eskertzekoa da.

Zure lehen denboraldia da lehen taldearekin, Ligako lehen jardunaldian debuta egin zenuenetik. Kontaidazu pixkat zure ibilbidea zein izan den honaino iritsi arte.

Nire herriko taldean hasi nintzen, duela 12 urte. Ereintzan hasi nintzen, kategoriak igotzen joan nintzen eta infantiletara iristean Euskadiko selekzioarekin hasi nintzen joaten eta ondoren Espainiako selekzioarekin deialdiren batean egotea lortu nuen. Urteak pasa ahala, jubeniletara iritsi eta dei bat jaso nuen Bidasoatik esanez interesa zutela ni hara joateko. Komentatu behar da duela hiru urte hasi nintzela jada han entrenatzen. Aurtengoa nire lehenengo urte ofiziala da, baina badaramazkit bi urte hemen entrenatzen eta, gutxienez, beraien filosofia ezagutzen nuen iristerakoan. Lehengo urtean erabaki nuen hara joan nahi nuela; nire intentzioa zen gutxienez Batxilergoa amaitzea nire herrian eta nire jendearekin, eta gero Irunera joatea. Oraingoz, uste dut erabaki oso positiboa izan dela.

Aurtengoa nire lehenengo urte ofiziala da, baina badaramazkit bi urte hemen entrenatzen eta, gutxienez, beraien filosofia ezagutzen nuen iristerakoan

Salto handia nabaritu al zenuen beheko kategorietatik Asobalera?

Ez dut inor engainatuko, saltoa oso handia da. Hala ere, gutxienez entrenamenduetan ikusten duzu zer moduzko maila duzun besteekin konparatuta, eta horrekin aurreikus dezakezu zaila izango dela Asobal Ligako partida jokatzea. Entrenatuz eta beti ikasteko gogoa izanda lortzen duzu maila ematea edo, gutxienez, ez desentonatzea.

Zer sentitu zenuen lehen taldearekin debutatzean, Anaitasunaren aurkako derbian, gainera?

Telebistaz ikusten nuen beti Asobal eta Ligako partida batean jokatzea eta, gainera, derbi batean, beti tentsio estra bat dagoela, egia esan, nahiko urduri atera nintzen. Esperientzia polita izan zen eta uste dut bizitza osoan gogoratuko dudala.

EHFn, ordea, laugarren jardunaldian egin zenuen debuta, hiru gol sartuta. Hor ere nabaritzen al da aldea?

Europako taldeak askoz ere fisikoagoak dira. Espainiarekin konparatuta, askoz ere altuera eta indar handiagoa dago. Gure jokatzeko moduak behin baino gehiagotan Europan emaitzak ematen ditu oso azkarrak garelako, eta hori, azkartasuna, jende altuaren aurrean  baza ona da eta horrekin lortzen dugu puntuak eta garaipenak eskuratzea.

Egindako lan onak bere saria izan du. Hau da, Espainiako junior selekzioak deitu dizu, Irunen ospatuko den kontzentrazio baterako. Nola hartu duzu?

Asko poztu ninduen deialdi horrek. Jubenil selekzioaren deialdiren batean egon nintzen, Europako Txapelketara joan nintzen, baina esan behar da ez nuela asko jokatu. Espainiako selekzioarekin berriro joateak ziurtatzen dit oraindik maila onean nagoela eta oraindik nire adineko jendearekin lehiatu naitekeela Espainiako onenen artean egoteko. Egia esan, ohore bat da.

Taldeko beteranoek zer esaten dizuete gazteoi?

Asko laguntzen digute. Adibidez, (Jose Manuel) Sierrak asko zuzentzen dit; batez ere, defentsan. Julenek (Aginagalde) aholku asko ematen dizkit, eta  Xoanek (Ledo) ere bai. Horrek, behin baino gehiagotan, lasaitasuna ematen dizu partidak jokatzeko garaian, badakizulako non dituzun gauzak hobetzeko eta zer egin behar duzun hainbeste huts ez egiteko. Alde horretatik, taldea oso ona da; asko erakusten dit.

«Taldeko beteranoek asko laguntzen digute eta lasaitasuna ematen dizu partidak jokatzeko garaian. Alde horretatik, taldea oso ona da; asko erakusten dit»

Eta zer sentitzen da zure inguruan esperientzia handiko hainbeste jende izanda?

Ni eskubaloiaren fanatiko bat naiz. Behin baino gehiagotan ikusten dudanean entrenamenduetan zer nolako maila dagoen flipatuta geratzen naiz. Adibidez, Rodrigoren (Salinas) mugimenduak asko begiratzen ditut, oso azkarra delako jokatzen eta beti egiten du zeozer berria. Adibidez, zinta berri bat egiten du eta nik beti begiratzen dut jakiteko nola egin duen edo zergatik egin duen. Hori ere ikasteko modua da. Oso polita da beraiek entrenatzen eta jokatzen ikustea.

Artaleku beti izan da polita eta beroa jokatzeko. Aurreko ostiraletik aurrera %100ean bete ahal dira zelaiak eta kirol instalazioak. Zuek pixka bat itxaron beharko duzue etxean jokatzeko, baina pena eman al dizue orain arte %100ean beteta ez ikustea?

Bai, baina gero eta gehiago entzuten da jendea. Adibidez, Presoveko partidan nabaritu nuen Artalekuko jendea asko animatzen zuela eta gurekin zegoela. Egia da, lehengo denboraldian Bidasoan egon zen norbaiti galdetzen badiozu, diferentzia gehiago nabarituko zuela. Lehengo urtean afororik gabe jokatzea oso gogorra izan behar zuen, baina niri asko gustatzen zait pertsonalki Artalekuko giroa. Guretzat oso baliagarria den laguntza bat da.

Atzo Kopako azken faseko zozketa egin zen. Gogoekin al zaudete eta zer espero duzue?

Barça egia da Barça dela, baina hortaz aparte, talde oso oso onak daude eta batez ere oso momentu onean daudenak. Adibidez, Cangas, nahiz eta partida pare bat galdu oso arriskutsuak dira; Granollers –final-laurdenetan aurkaria izango dena–, Benidorm… Edozein tokatzen bazaigu, horien aurka denarekin joan beharko da.

Eskatzekotan, behintzat, ahal bada, Barça finala arte ekiditea, ezta?

Bai, hori izango zen ona (barrez).