INFO

Este navegador no soporta el elemento video.

Jose Luis Elkoro eta Mari Karmen Ayastuiren lana aitortu eta omendu dute

Lagunez, herritarrez, senideez, ezker abertzaleko buruzagi eta kideez lepo egon da Bergarako Seminarixoa aretoa, Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk herriaren alde bizitza betean egin duten ekarpena aitortu eta saritzeko. «Elkarrekin» beti, poetak esan bezala, dagoen hitz ideologikoenarekin.

Jose Luis Elkoro begira duela, Mari Karmen Ayastuy eskerrak ematen, gaurko ekitaldian. (Raul Bogajo | FOKU)

Egun ederra izan da Bergaran. Jendetza batu da udaletxeak eta Olaso Dorrea Fundazioak Euskal Utopikoei Saria banatzeko ekitaldira. Herriaren alde eta herriarekin bat bizitza osoa lanean eman duten Jose Luis Elkoro eta Mari Karmen Ayastuy senar-emazteek jaso dute Monzon-Ganuza saria, bete-beteta zegoen Seminarixora hurbildutakoen txaloen artean.

MCCko burua bezalako enpresa munduko ordezkariak, EH Bilduko eta Sortuko buruzagiak, EHU-UPVko ordezkariak,  “Berria” eta GARA egunkarikoak, Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiakoak, alkate eta alkate ohiak, Donostiakoa, Arrasatekoa, eta bergarar pila-pila  bat, horiek guztiak egon dira ekitaldian.

 «Biok eutsi diozue erronkari, maite duzuen Euskal Herriari zuen onena emanda. Ekarpen mugagabe hori aitortu nahi dizuegu»

 

Biolin eta biolontxeloen laukote baten musikaz lagunduta, dantza eta irudiak tartekatuz, ekitaldia azkarra eta samurra izan da. Bergarako alkate Gorka Alberdiren eta Olaso Fundazioko lehendakari Iratxe Esnaola Arribillagaren hitz-hartzeak etorri dira aurrena. Sarituen ibilbidea errepasatu dute, herrian, ikastolaren sorreran, presoen alde, alkateen mugimenduan, Herri Batasunan eta “Egin” egunkarian, enpresa mailan, egin dituzten ekarpenak errepasatuz. «Ekina, hurbila, hitzezkoa, diskretua eta leiala» izatea beren balio eta egiteko modua izan direla azpimarratuz.

Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk esker oneko hitzak izan dituzte. Eta Telesforo Monzonek esandakoaren ildoan, labur eta zorrotz, Elkorok utopiak aldarrikatu eta oraingo eta lehengo, kanpoko eta barruko euskal utopikoen lana aldarrikatu du, «haiei esker daukagu herri eder eta aberats hau», utopiaren ildoan anbizio berrietara abiatzeko prest.