INFO

Ipar Euskal Herriko 49 herriko etxek sinatu dute Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna

Hizkuntza gutxituen Europako Itunaren baitan dagoen ‘Tokiko Xarta’ sinatu dute ostiral honetan Ipar Euskal Herriko 49 herriko etxek. Hala, euskara biziarazteko konpromisoak hartu dituzte herriek, Europako Kontseiluaren babespean.

Irudian, Yves Ugalde Baionako alkateordeak Tokiko Hizkuntza Gutxituen Xarta izenpetzen. (@mikel_irastorza | @kazetaeus)

Euskararen garapena laguntzeko, Hizkuntza Gutxituen Europako Tokiko Ituna sinatu dute ostiral honetan Ipar Euskal Herriko 49 udalek, Itsasun eginiko ekitaldian. Europar Kontseiluaren babesa jasotzea eta bizi publikoan ikusgarritasuna ematea du helburu izenpetze honek.

Izenpetzaileen artean daude Baiona, Biarritz, Ziburu, Hazparne, Donapaleu, Urruña edota Uztaritze, oso udalerri garrantzitsuak beraz, baina helburua herri gehiago batzea da, eta Euskal Hirigune Elkargoak ere ituna izenpetzea espero dute horiek. Ekitaldean Aditu batzordeko Suitzako Claudine Brohy doktorea Euskal Herrira bertaratu da.

Estatu frantsesak Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna onartu badu ere, ez du inoiz berrestu, besteak beste frantsesa delako hizkuntza ofizial bakarra, eta horrek ez du hori ahalbidetzen. Geroztik Europako Kontseiluak tokiko erakundeek engaiatzeko aukera ematen duen xarta sortu dute, horrela, besteak beste, udalei horrelako engaiamenduak hartzeko aukera ematen zaie.

Gauzak honela, lehenago Alsazian urrats bera eman zuten herrietako adibidea eredu hartuta, Euskal Konfederazioa herriko etxeekin biltzen hasi zen iaz Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren inguruko informazioa emateko eta, horrela, herriko etxeak Tokiko Ituna egitera animatzeko. Itsasu izan zen tokiko itun edo karta sinatzeko konpromisoa hartu duen lehen herria, eta itunaren inguruko kudeaketak ere abiatu zituen.

Europako itunak eskaintzen dituen 49 aukeren artean 35 konpromiso hartu behar dituzte herriko etxeek. Herri bakoitzak hautatuko du nolako neurriak hartuko dituen, batzuek neurri zorrotzagoak hartuko dituzte besteek baino, baina hartutako konpromisoak Europako Kontseiluak onartu ostean publikoak dira eta edozein herritarrek ikus ditzake. Hala, Europatik jarraipena egiten dute, epeak finkatuz eta ebaluazioak eginez.