INFO

Prostituitzeko ordaintzera behartuak: Limako sexu langileen drama

Limako mafiek itota dituzte bertako prostitutak. Astero 50 eta 370 euro inguru bitartean kobratzen dizkiete sexu zerbitzuak eskaintzeagatik. Poliziek, egoera arindu beharrean, are gehiago abusatzen dute emakume hauetaz eta bortxatu eta ordainketak egitera behartzen dituzte.

Prostitutak tiroz hil izanaren aurkako manifestazioak Liman, joan den martxoaren 5ean. (Cris BOURONCLE | AFP)

Carolinak hilabete pasatxo darama apenas lanik egin gabe, konfiantzazko bezeroak artatzera mugatzen da. Izan ere, mafia proxoneta batek Limako, Peruko hiriburuko, kaleetan prostituitzeagatik kuota bat ordaindu zezan estortsionatu zuen; hala egin ezean, zigorrekin mehatxatu zuen. Horregatik, mafiaren segada baten biktima izateko beldur da.

«Ez dizuegu beste era batean hitz egin nahi gero deseroso sentitzeko. 200 (sol-eko) kuota bat ordaindu behar duzu», zioen Carolinak (fikziozko izena) jasotako whatsapp mezuak. Carolina 36 urteko venezuelarra da, Perura duela hiru urte iritsitakoa, eta denbora horren erdia San Juan de Lurigancho Limako barrutian eman du, prostituzioa ogibide.

Bere bizitza arriskuan dagoela dio. Eta ez zaio arrazoirik falta, mehatxu berdina jaso baitzuten otsaila erdialdean tiroz hil zituzten beste bi emakume ekuatoriarrek, Lima erdialdean.

Egun gutxi batzuk geroago, hilketa bikoitz hori El Agustinoko barrutian errepikatu zen, non kolonbiar gazte bat tirokatuta hil zuten astebete lehenago mafiek eskatutako prostituzio kupoa ordaintzeari uko egiteagatik.

Heriotza hauek prostituzioari buruzko eztabaida gogortu zuten eta zertxobait argitu zuen Perun bizi diren sexu-langileek pairatzen duten drama. Izan ere, diskriminazio, xantaia eta indarkeria koktel batek guztiz hondoratuta mantentzen ditu emakume hauek.

Ondo ezagutzen du sentsazio hori Leida Portalek, 30 urtetik gora prostituzioan lanean ibili den 55 urteko aktibista baita. Ogibide hau izan da Portali abusuak, torturak eta estortsioak sufriarazi dizkiona.

Portal, 150 aktibista biltzen dituen Rosa Mujeres de Lucha elkarteko kidea, alargun gelditu ostean hasi zen sexu harremanen truke kobratzen. Oraindik 20 urte betetzeke zituen bere alabari bihotzeko gaixotasun larri bat diagnostikatu ziotenean.

«Medikuek nire alaba hilko zela esan zidaten (...) eta balbula bat behar zuela eta nik, ez banuen ia jatekorik, are gutxiago balbula bat erosteko. Burdindegi desberdinetara joan nintzen eta inon ez zidaten saltzen. Medikuarengana itzuli nintzen eta esan zidan (...) ‘neska, ospitale batera joan behar zara horren bila’», kontatu du.

Gero, iparraldeko Chiclayo hirian cevichea (itsaski eta barazkiz egindako plater perutar tipiko bat) saltzen ari zela, bezeroetako batek laguntza ekonomikoa eskaini zion Limaraino bidaiatu eta bere alabari ebakuntza egin ahal izateko.

Onartu zuen. Baina ez zuen sekula imajinatu, bueltatzean, bere gorputzarekin ordaindu beharko zituela bidaiako zorrak. «Horrela hasi nintzen ni sexu-lanean, osasun behar batengatik», adierazi du emakumeak.

Bere ibilbidean zehar kosta zein oihaneko klubetatik pasatu izan da, Mexiko eta Argentinara iritsi arte.

Liman izan zen, alabaina, basakeria handienak bizi zituen lekua. Bertan, laster egin zuen topo lan egiten uzteko asteko 200 eta 1.500 sol bitartean (50-368 euro bitartean) exijitzen zizkioten mafiekin. Adin eta tokiaren arabera aldatzen zizkioten kuotak.

Polizia, konplize

Hala ere, Leidak salatu duenez, Poliziako kideek ere exijitzen zizkioten ordainketak etengabe: «Polizia etorri, politenoi igo eta Chorrilloko etxe batera eramaten gintuzten, bertan polizia gehiagorekin sartzen gintuzten eta goizalde guztian zehar artatu behar genituen. Sexua doan. Beraientzat hori guztia dibertimendu hutsa zen eta bertan gau osoa pasa ondoren, hondartzan botata uzten gintuzten (...). Tratu hori jaso nahi ez bagenuen ordaindu egin behar genuela esaten ziguten».

Okerrena 2011ko gau batean iritsi zen. Hiru subofizialek bahitu eta torturatu egin zuten «sol bat gehiago» ordaintzeari uko egin zionean.

«Izugarria izan zen. Kolpatu, biluzik grabatu eta bahitu egin ninduten. ‘Galdu dut’ esan nuen. (...) Banekien hiltzen gintuztela eta pentsatu nuen nire ordua iritsi zela», adierazi du gertaera honen inguruan, zeinak oraindik, hamaika urte geroago, justiziaren esku jarraitzen duen.

Eta erakundeek, zer?

Susana Chavez Sexu eta Ugalketa Eskubideak Sustatzeko eta Defendatzeko Zentroko (Promsex) zuzendariaren ustez, emakume prostituituak eta, bereziki, migratzaileak, mafia antolatu horien «preso» egiten dituzte.

Obstetrak ziurtatu duenez, politika publikoek prostituzioarekin lotutako delituen ikerketak oztopatzen dituzte, eta sexu-lana eskandalu publikoa izatea saihestean eta gaixotasunen transmisioa ekiditean jartzen dute fokua. «Zer dago emakume hauen baldintzen ostean? Hori ez da inon ageri», deitoratu du.

Ildo beretik, Peruko Estatuak sexu-lana baimentzean eta, aldi berean, horretara dedikatzen diren emakumeen eskubideak murriztean «koherentzia falta» duela salatu du.

Chavezek «proxenetak jazarri eta trata sareak behin betiko deuseztatzeko» beharra dagoela azpimarratu du eta, horretaz gain, emakume prostitutenganako estigma ezabatu behar dela aldarrikatu du.

Egoera honi buelta emateko politiken inguruan galdetuta, Limako Udalak uko egin dio adierazpenak egiteari azken asteetako heriotzen ikerketak «baldartuko» lituzkeela argudiatuta.