INFO
Argazkia: Arturo Elosegi

Urak askatu bizitza leheneratzeko


Urtegiak husteak biodibertsitatea nola berpiztu dezakeen erakusten du ‘Urak aske’ dokumentalak. Europako bi presaren esperientzia jasotzen du, bata Normandiakoa eta bestea Artikutzakoa.

Belarririk ez du, baina isats lodi eta mutur luzea bai. Hortik bere izena: muturluze piriniotarra. Ur lasterretan ibiltzen da ondoen sator itxurako ugaztun txikia. Ez da erraz ikusten, batez ere gauez uzten duelako habia eta espezie mehatxatua delako, uretako kutsadura eta gizakiak eragindako beste aldaketa hidrologiko batzuk tarteko. Ezustean, baina, kamera batek ur-satorra Artikutzan atzeman du, ur-lasterrek Enobieta errekan berreskuratu duten tokian. Enobietako urtegiak okupatzen baitzuen orain gutxi arte Nafarroako ingurune horretako eremua. 42 metro garai den presak urak gelditu eta, ia 70 urtez, Artikutzako zona horrek mehatxatutako espeziea galdu zuen. Europako baso aberatsenetakoa ito zuen urtegiak.

Lohia lehortu eta lurra berdatzearekin batera bueltatu da muturluze piriniotarra bi milioi metro kubikoko ur-masak okupatzen zuen tokira. 2017an hasi ziren Enobietako presa poliki-poliki husten, eta 2019ko urtarrilean amaitu zuten prozesua. Desberdin dago orain ingurua: urte oso gutxiko epean landareek hartu dute lurra eta Enobieta errekak bere ibilgua berreskuratu du.

Presa handi bat hustearen eragina eta naturak bere horretara bueltatzeko duen ahalmena ikertzeko laborategi bilakatu da azken urteotan Artikutza. Arturo Elosegi Euskal Herriko Unibertsitateko Biologiako katedraduna izan da prozesua jarraitu duenetako bat. «Urtegia poliki-poliki hustu zen. Urtegiaren barruan sedimentuak pilatuta zeuden, lokatz asko zegoen. Presa bat-batean irekitzeak azpian bizi diren arrainak, ornogabeak eta abar kaltetu ditzake. Kasu honetan, hustuketa urte eta erdian egin da, poliki-poliki. Orduan, sedimentuak bistan geratu ahala hasi zen landaredia azaltzen. Oso inpaktu gutxi izan du prozesuak eta ikusi dugu hustuketa bukatu eta oso azkar hasi direla berreskuratzen bai erreketako komunitateak eta baita sortu den erreka berrikoak ere», esplikatu du.

Ez da ohikoa Artikutzakoa bezain besteko tamaina duten urtegiak hustea. Tamaina txikiagoko presa asko eraitsi dira Euskal Herrian, Ameriketako Estatu Batuetan eraitsi izan dira presa handiak, Kanadan ere bakarren bat hustu edo eraitsi dute, baina Europan hustu diren bi handienak Artikutzakoa eta Normandiako presa hidroelektrikoa dira.Enobietako presa 42 metro luze da eta antzeko garaiera zuen Normandian eraitsitakoak. Bi proiektuak gertutik jarraitu dituzte zientzialariek, ez baita ohikoa tamaina horretako urtegiak hustea. Argazkia: Bego Zubia

Kasualitatez, proiektu biak paraleloki egin dira

Desberdinak izan dira, halere: Normandiako Vezins-eko presak, tamainaz antzekoa izan arren, urtegi handiagoa sortzen zuen, erreka zabalagoa izanik. Eta han, Artikutzan ez bezala, sedimentuak kutsatuta zeuden. Pareta eraistea erabaki zuten Normandian. Artikutzakoa muturluze piriniotarra bada, izokina da Normandiako protagonista. Izan ere, Selune ibaira gogoz itzuli dira izokinak.

Estatu frantseseko Vezinsko presaren kasuan, bestalde, hustearen kontrako herri-plataforma indartsu bat sortu zen eta hamarkada batez tenkatu zen gatazkak atzeratu egin zuen hormaren eraistea. Izan ere, «gizarteak presen aldeko pertzepzioa izan ohi du», Elosegiren esanetan: «Jendeak pentsatzen du presa bat aintzira bat dela, baina oso desberdinak dira. Lakuak nahiko dibertsoak izaten dira eta, berriz, urtegiak, oso pobreak. Espezie gutxi izaten dira bertan». Horixe bera gertatzen zen Enobietako urtegiaren kasuan: «Haran osoan zegoen zona artifizialena urtegia bera zen eta, gainera, uraren kalitatean arazoak ikusten ziren. Urtegiaren ondorioz hainbat espezie desagertuta zeuden, horietako bat, ur-satorra».

Euskal Herrian ere, gizarteak hasiera batean presaren aldeko jarrera hartu zuela ekarri du gogora Arturo Elosegik. Halere, «denbora gutxian», Artikutzako eta inguruko biztanleek «ulertu dute presa kalte bat zela».

Urtegia hustearen garrantzia ulertzen lagunduko dute, agian, ur-masa zen lekuan orain hazten ari diren haltzek, lizarrek edo sahatsek. «Bi urtean zuhaitzak lau metro hazi dira eta izugarrizko martxan datoz. Pentsatzen dugu oso denbora gutxian hau guztia haltzadi bat, baso bat izango dela», dio Elosegik.

Ur-masatik lupetzera eta lupetzetik berdatzera, prozesu guztia kameraz jaso dute Pixel ekoiztetxeak eta Elhuyarrek. Bi erakundeek bazuten harremana aurretik ere, eta Arturo Elosegirekin eta harekin Artikutzan aritu den zientzialari taldearekin ere lan eginikoak ziren. Enobieta inguruan gertatutakoa erakutsi eta esplikatzea garrantzitsua zelakoan, indarrak batu eta ‘Urak aske’ dokumentala egiteko lanean hasi ziren. Urtegia urtegi zenetik landareek eta zuhaitzek lurra hartu bitarteko prozesua filmatu dute. Eta ikerketan parte hartu duten zientzialarien eta adituen azalpenak jaso.

«Lehenengo irudiak 2017koak dira. Lehenengo irudietan urtegia beteta ikusten da, eta azkenengoetan urtegia zegoen eremu hori berdatuta», adierazi du Bego Zubia ‘Urak Aske’ dokumentalaren zuzendariak.

Artikutzakoaz gain Normandiako presa hidroelektrikoaren esperientzia ere jasotzen du ikus-entzunezkoak, gizartean sortu zuen harrabotsa barne. «Gatazka handia sortu zen herritarrekin, epaitegietara jo zuten, era guztietako ekintzak egin zituzten eta hamar urtez luzatu zen proiektua. Urtegiaren inguruan bazeuden txaletak, turismo instalazioak… Frantzian turismo handiko ingurunea da Mont-Saint-Michel, eta, hori dela eta, ezin zuten utzi urtegiko lohiak itsasoratzen, kutsatuta baitzeuden», azaldu du Zubiak.

Zientziatik badu «Urak aske» lanak, baina baita artetik ere. Dantzak, musikak eta literaturak azpi-kontakizun bat josten dute eta Artikutzako irudiek edertzen dute ikus-entzunezkoa. Argazkia: Bego Zubia

Zientzia eta naturatik badu, beraz, Pixelek eta Elhuyarrek ekoiztutako dokumentalak, baina dantzari, literaturari eta musikari ere eman zaio bide. Kasik paraleloan doan kontaketa artistiko horrek ikuslea harritu egingo dela ziurtatu du zuzendariak: «Hasieran ziur aski ezustean harrapatuko du, baina nik uste bukaerarako asko laguntzen diola ikus-entzunezkoari». Hori horrela, Igor Arroyok berariaz dokumentalarentzat sortutako musikak eta Bitoriano Gandiaga, Arantxa Urretabizkaia, Toti Martinez de Lezea eta Edorta Jimenezen testuak aurkituko ditu ikus-entzuleak. Azpi-kontakizuna dantzak borobilduko du. Dena Artikutzan eta Normandian hartutako irudiek edertuta, Juantxo Sardon argazki-zuzendariaren bisaia zorrotzetik harrapatutakoak. Eta altxor bat, harrapatzen zailena: muturluze piriniotarra.

Hausnarrerako bide ematea ere badu helburu Bego Zubiak zuzendutako dokumentalak, are, klima krisia iraultzea lehentasun den garaiotan. «Askotan esaten da orain arteko hazkunde prozesuarekin ezin dugula segitu eta beste era bateko neurriak hartu behar direla. Dokumentalean ikusten da beste neurri horiek zeintzuk izan daitezkeen. Hemen planteatzen da urarekin zer egin. Urak gordetzeko urari joaten utzi behar zaio batzuetan», ondorioztatu du Zubiak.

Arturo Elosegik ere iritzi du datozen hamarkadetako erronkarik handienetakoa ingurumena izango dela. «Zalantzarik gabe», dio: «Halabeharrez zentratzen gara kutsaduran, zaborrean, ingurune antropizatuenetan eta horiek izango duten eraginean. Hori guztia garrantzitsua da, baina horrekin batera ezinbestekoa da zona batzuk ahalik eta hobekien kontserbatzea. Horiek dira biodibertsitatearen gordailuak. Biodibertsitatea erraz galtzen da, baina nekez berreskuratu».

Pasa den ostegunean estreinatuko zen Donostiako Trueba aretoan ‘Urak aske. Presak kendu, ibaiak berreskuratu’ dokumentala. Eta emaria herriz herri zabalduko du aurrerago, kasurako, datorren aste honetan (16) Gasteizen eta martxoaren 30ean Arrasaten.

Artikutza hainbat mende gaztetu da urtegiaren hustuketaren ondorioz. Egun bizi den inork ez du ikusi Goizuetako haran hau gizakiaren eraginetatik horren salbu, urtegia eraiki aurretik ere gizakiak sartua baitzuen eskua bertan.

Artikutzari buruzko idatzizko lehenengo dokumentuak XIII. mendekoak dira. «Orduan, Orreagarena zen Anizlarrea Goizuetak eta Artikutzako haranak osatzen zuten. Meategiak, burdinolak, ziren bertan. Urte askoan iraun zuen horrela. 1815 inguruan liskar asko zeuden Goizuetako herriaren eta Orreagaren artean, mila gauza, tartean ustiatzeko eskubideak, lurren eskubideak… orduan erabaki zen Anizlarrea bitan zatitzea. Zati bat Goizuetarentzat izan zen eta bestea, gaur egungo Artikutza, Orreagak hartu zuen. Handik gutxira desamortizazioak heldu ziren, orduan, Elizari jabetza guztiak kendu zitzaizkion. Orreagari Artikutza kendu zioten eta enkante publikoan atera zen, partikular batzuen eskuetara pasatuz», esplikatu du Iñaki Uranga Artikutzako administratzaileak.

Partikular horiek etekin ekonomikoa bilatzen zuten Artikutzan, eta egurra, ikatza eta beste ustiatzen jarraitu zuten. «Garai horretakoa da Artikutzatik Pasaiaraino eraiki zen trenbidea», oroitu du Urangak.Enobietako presa 42 metro luze da eta antzeko garaiera zuen Normandian eraitsitakoak. Bi proiektuak gertutik jarraitu dituzte zientzialariek, ez baita ohikoa tamaina horretako urtegiak hustea.
Argazkia: Gotzon Garazabal

XIX. mendearen bukaera aldera Donostia handitzen ari zen eta arazoak zituen hiria urez hornitzeko; uraren kalitatea ere ez zen ona, tifus izurrite bat tarteko. Añarbe ibaiko presa txiki batetik hartzen zuen ura Donostiak, baina, handik gora, Artikutzako bizilagunek Añarbeko urak kutsatzen zituzten. «Donostiako Udalak Artikutzarekiko interesa erakutsi zuen XIX. mendearen bukaeran. Lehenik kontzesio batzuk lortu zituzten hango ibaietatik ura hartzeko, baina ez ziren nahikoa eta negoziatzen hasi ziren Artikutza osoa erosi eta horrela han bizi zen jendearen kontrola nahiz han egiten zen jarduera guztien kontrola izateko», azaldu du administratzaileak.

Udalak 1919an erosi zuen Artikutza 3.200.000 pezeta ordainduta. Haranaren jabetza izanik, Artikutza zaintzen hasi zen, «batez ere ura zaintzeko», dio Urangak, bertako errekek hornitzen baitzuten Donostia. Geroago eraiki zen Enobietako urtegia, 1950eko hamarkadan, ur premia geroz eta handiagoa zela eta. Halere, laster geratu zen txiki hori ere. «Urtegiak arazo handiak eman zituen hasieratik. Presa eraikitzen hasi ziren eta ezkerreko aldea ondo ixtea ez zuten lortzen, urak ihes egiten zuen. Ez zuten presa bukatzerik lortu eta hasierako proiektua baino txikiagoa geratu zen urtegia. 1975ean Añarbeko urtegia eraiki zuten, Artikutzakoa baino askoz ere handiagoa eta geroztik Añarbetik hartu zuten ura», esan du Iñaki Urangak.

Duela 45 urte Enobietako urtegia erabiltzeari utzi zion Donostiak, baina han mantendu zuen presa, balioa galduta eta segurtasun arazoekin. Bi bide har zezakeen Udalak. Dirutza inbertitu presaren segurtasun arazoak konpontzeko edo urtegia hustu eta ingurunea leheneratzeari bide eman. Bigarren aukeran egin zuen aurrera eta 2017an urtegia husten hasi zen.

«Estetikoki polita zen urtegia eta gerturatzen zen jendeak pena hartzen zuen», onartu du Urangak. «Baina ingurumen aldetik zer kalte sortzen zituen jakinda, ulertzen duzu kendu beharra zegoela. Gizakiak eraikitako presa bat da eta jada erabilerarik ez duenean uste dut kendu egin behar dela, batez ere Artikutza bezalako toki batean».

2019ko urtarrilean bukatu zen Enobietako urtegiaren hustuketa. «Hasieran kosta zitzaion berdatzen, baina azken urteetan bultzada handia izan du. Haltzak ikusten dira batez ere»

‘Urak aske’ dokumentalaren bidez Enobietan egindako lanak gizarteratzearen garrantziaz mintzatu da Artikutzako administratzailea. «Jendeari esplikatu behar zaio bere garaian garrantzitsua zen azpiegitura bat eraiki zela, baina, bere funtzioa betetzeari uzten dionean, esfortzu bat egin behar dela basoa eta mendia lehenago zegoen bezala uzten. Dokumental honek hori erakusten digu: azaltzen dira zeintzuk izan ziren arrazoiak eta zein izan zen prozesua».

Ur-lasterrak, hotzak eta garbiak ditu gustuko muturluze piriniotarrak. Orain du jaiotzen garaia, martxotik uztailera bitarte. Eta orain, Enobietan bizitzako aukera, urtegiak askatutako ur-lasterretan.