INFO

Gastu militar globalak behera egin du, baina armen inportazioa %19 hazi da Europan

Europak izan du azken bost urteotan arma inportazioen hazkunderik handiena mundu osoan, eta joerak azkartze bat adierazten du, Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkaren aurrean herrialdeek iragarri berri duten berrarmatzeagatik, astelehene honetan zabaldutako txosten baten arabera.

Soldadu bat, tankeak suntsitzeko arma bat eskuetan. (Sergei SUPINSKY | AFP)

Stockholmeko Bakea Ikertzeko Nazioarteko Institutuaren (Sipri) txosten batek ohartarazi duenez, 2012-2016 urte tartearekin alderatuz, 2017-2021 bitartean mundu mailako armen salerosketak %4,6ko beherakada izan du. Alabaina, armen inportazioa %19 hazi da Europan; %20 ekialdeko Asian eta %59 Ozeanian.

«Mundu-mailako arma-transferentzien beherakada txikiak aldaketa handiak ezkutatzen ditu eskualdeetako joeretan», azaldu du 30 urtez Sipriko Armen Transferentziaren Programako ikertzailea izan den Pieter D. Wezemanek.

«Aurrerapauso positibo batzuk egon diren arren, hala nola Hego Amerikako arma-inportazioak azken 50 urteetako mailarik baxuenera heldu izana, Europa, Ekialdeko Asia, Ozeania eta Ekialde Hurbileko armen inportazioaren tasaren hazkunde edo jarraipenak armen pilaketa kezkagarri bati lagundu die», esplikatu du ikerlariak.

Oro har, Europako herrialdeen armen inportazioak %19 hazi dira eta Europara egindako inportazioek mundu mailako tasaren %13 suposatu dute. Era berean, Erresuma Batua, Norvegia eta Herbehereak izan dira armen inportazio tasaren hazkunde handiena izan duten herrialde europarrak eta D. Wezemanek aurreikusten duenez, «oraindik ikaragarri haziko da gure gastu militarra».

Krimea Errusiara anexionatu zenetik, Europan goranzko joera hori nabaritzen hasi zela ondorioztatu du D. Wezemanek: «Gauza hauek bere denbora eskatzen dute. Erabaki, agindu eta produzitu egin behar duzu, eta horrek, gutxienez, urte batzuk hartzen ditu. Egiatan, joera 2014ko Krimearen anexioaren ostean hasi zen eta gaur horren ondorioak ikusten ari gara».

Erositako produktuei dagokionez, ikerketak plazaratu du «fabrikazio estatu batuarreko konbate hegazkinak», F-35 moderno eta garestiak, izan direla gehien eskatu dituztenak. Era berean, misilak, artilleria eta gainerako material pisutsuen inportazioak ere egon dira.

AEB, esportazioen jaun eta jabe

2017-2021 bitartean, AEBren arma esportazioak %14 hazi dira, bere mundu mailako kota %32tik %39ra handituz. Ikerketak nabarmendu du, AEBek bigarren esportatzaile nagusiak, Errusiak, esportatutakoaren bikoitza baino gehiago esportatu dutela. Gainera, AEBek Ekialde Hurbilera bidali ditu azken bost urteetan esportatu dituen armen %43.

Errusiak, bere aldetik, mundu mailako esportazio armamentistikoen %19 burutu du, baina aurreko bost urteekin konparatuz, esportazioak %26 murriztu ditu. Sipriren txostenak India eta Vietnamen eskaeren jeitsieraren bidez azaldu du Errusiaren beherakada.

Hirugarren postuan, Estatu frantziarra da arma gehien esportatu dituena. Konkretuki, azken bost urteetan %59ko hazkundea izan dute honen esportazioek.