INFO

Manchesterrek eta Amsterdamek final-laurdenetarako beste bi talde erabakiko dituzte

Manchester United-Atletico Madril (1-1 joanekoan) eta Ajax-Benfica (2-2) partidak jokatuko dira astearte honetan, biak 21.00etatik aurrera. Old Trafforden Cristiano Ronaldoren momentu ona eta Johan Cruyff Arenan Sebastien Haller golegile nagusiaren abilezia aztertuko dira.

Cristiano Ronaldok gol sena berreskuratu du Atletico Madrilen aurka lehiatu aurretik. (Lindsey PARNABY | AFP)

Aste honetan Txapeldunen Ligako final-laurdenetara pasako diren beste lau talde ezagutuko ditugu. Astearte honetan bi, eta asteazkenean beste bi. Aurreratu gabe, lehenengo bi partiden berri emango dugu albiste honetan: Manchester United-Atletico Madril (1-1 joaneko partidan) eta Ajax-Benfica (2-2).

Joaneko neurketetako emaitzei begira, argi dago ezer ez dagoela erabakita. Gainera, kanpoko golen balio bikoitza ezabatuta, aukera gehiago egon daiteke luzapena egoteko. Hasiera batea, Old Trafforden jokatuko den partidak eramango ditu begirada guztiak, edo gehienak behintzat.

Manchester United denboraldi kaxkarra ari da egiten, eta horren erakusle da bere aurrelari eta izar Cristiano Ronaldo. Aurten iritsi zen berriro Manchesterrera, baina ez dirudi Real Madrilen eta “Ametsen Antzokian” lehenago egondako etapako berbera denik. Hori bai, Txapeldunen Ligan hutsik egiten ez duen horietako jokalaria da, eta badirudi berpiztu egin dela, asteburuan Premier Leaguen, Tottenhamen kontrako garaipenean (3-2), hiru gol sartu ostean.

Lehenengoa areaz kanpotik eskuin zartako batekin lortu zuen, bigarrena Jadon Sanchoren erdiraketa bati erantzun bikaina emanez eskuratu zuen, eta hirugarrena, garaipena lortzeko, buruz sartu zion Hugo Lloris atezainari. Ez da bere denboraldirik onena, baina ahal ere 18 gol daramatza portugaldarrak, horietako sei Txapeldunen ligako sei partidetan.

Eta astearte honetan Atletico Madril izango du aurkari. Inork ez dizkio Ronaldok bezain gol kopurua sartu madrildarrei. 25 gol egin dizkie aurrelariak 36 neurketetan. Gainera, Txapeldunen Ligako bi partidetan, Real Madrilekin 2016-2017ko finalerdietan eta Juventusekin 2018-2019ko final-zortzirenetan, hiru gol sartu zizkion Atleticori neurketa bakoitzean. Horrez gain, 2015-2016ko finalean, San Siron, penaltiz beste bat egin zien.

Simeonek gidatzen duen Atletico Madrilen, ordea, Ronaldoren herrikide den Joao Felix arituko da astearte honetan. Jokalari hau izar bezala iritsi zen Madrilera 2019ko udan, baina ez du espero zen maila eman. Oraingoz behintzat. Gaztea izanik, gorabehera ugari izan ditu portugaldarrak, baina orain badirudi bide onean doala.

Atleticorekin jokatu dituen 104 partidetan, aurrelaria ez da inoiz hain erabakiorra izan. Azken bost partidetan bost gol sartuta –horietako lau, partidako 7. minutua baino lehen–iritsiko da Old Traffordera. Cholo Simeoenk behar zuen jokalaria da Joao Felix.

Emaitza hauek berriro bide onetik ipini dituzte madrildarrak, baina Liga irabazteko aukerak uxatuta ditu. Txapeldunen Liga besterik ez zaio falta, eta aurrera jarraitu nahi badute, astearte honetan garaipena behar dute. Felixekin batera Antoine Griezmann Realeko jokalari ohia arituko da hamaikakoan. Bi jokalariek arrisku asko dute eta estatistikak hor daude: hamar partidetan aritu dira elkarrekin zelaian, bai titular gisa (4 partidetan) edo ordezko bezala (6), eta zortzi gol sartu dituzte bien artean –hiru Felixek eta bost Griezmannek–.

Bi jokalari hauek huts egiten badute, aulkian Luis Suarezek eta Angel Correak euren aukera itxoingo dute.

Hamaikakoak:

Manchester United: De Gea; Dalot, Maguire, Varane, Telles; Fred, Pogba, Matic o McTominay; Sancho, Rashford eta Cristiano Ronaldo.

Atletico Madril: Oblak; Llorente, Savic, Gimenez edo Felipe, Reinildo, Lodi; De Paul, Herrera, Koke edo Kondogbia; Joao Felix eta Griezmann.

Epailea: Slavko Vincic (Eslovenia).

Zelaia: Old Trafford.

Ordua: 20.00 (21.00 Euskal Herrian).

Sebastien Haller, Ajaxekin gol bat ospatzen. (Carlos COSTA/AFP)

Sebastien Hallerren azterketa

Biharko beste partidan Ajax eta Benfica beste txartela eskuratzen ahaleginduko dira eta begirada guztiak Sebastien Hallerrengan egongo dira. Ajaxeko aurrelariak 11 gol lortu ditu zazpi neurketetan Europan, eta orain iritsi zaio aukera bikaina pauso bat aurrera egiteko.

Azken zazpi parridetan gutxienez gol bat eskuratu du bolikostarrak. Lau sartu zituen lehenengo jardunaldian Sporting Lisboari, beste bat bigarren jardunaldian Besiktasi, beste bat hurrengoan Borussia Dortmundi, beste bat laugarrenean talde beraren kontra, bi bosgarrenean Besiktasi, beste bat seigarrenean Sporting Lisboari eta bat gehiago Benficari, final-zortzirenetako joaneko partidan –gainera, bere atean beste bat sartu zuen–.

2022an hamar gol sinatu ditu bederatzi neurketetan, eta denboraldiari erreparatuta, 32 gol sartu ditu 33 lehiatan.

Ajaxek ezin du markagailuarekin jokatu, kanpoko golen balio bikoitza ez baitio balio. Beraz, Erik ten Hag entrenatzailearen taldea erasora joango da ziurrenik. Horregatik da ezaguna bere taldea, eta gainera etxean jokatzen du.

Benficak, aldiz, aireko jokoaz baliatu beharko du arriskua egiteko. Zelaiak, gainera, oroitzapen onak ekartzen dizkie portugaldarrei, Amsterdamen irabazi baitzuten, 1962an, bere bigarren Txapeldunen Liga. Di Stefano, Puskas eta Gentoren Real Madrilen aurka egin zuten.

Nelson Verissimo Benficako entrenatzaileak ezin izango du Lucas Verissimo, Rodrigo Pinho eta Seferovicekin kontatu, baina bai Yaremchuk aurrelari ukrainarra (joanekoan gola sartu zuen eta bere herriko sinboloa erakutsi zuen guda hasi baino egun bat lehenago), Otamendi atzelari argentinarra eta Gilberto hegal brasildarrarekin.

Hamaikakoak:

Ajax: Onana; Blind, Martinez, Timber, Mazraoui; Gravenberch, Alvarez edo Klaassen; Tadic, Berghuis, Antony dos Santos; eta Haller.

Benfica: Vlachodimos; Gilberto, Vertonghen, Nicolas Otamendi, Alex Grimaldo; Rafa Silva, Julian Weigl, Adel Taarabt, Everton; Darwin Nuñez eta Gonçalo Ramos.

Epailea: Carlos del Cerro (Estatu espainola).

Zelaia: Johan Cruyff Arena.

Ordua: 21.00.