INFO

Araba Bizirik-ek manifestazioa deitu du maiatzaren 14an Gasteizen Tapia Legea salatzeko

Araba Bizirik plataformak ohartarazi du azken egunetan Lakuak, «Tapia Legea Plus» delakoaren bitartez, nabarmen handitu duela ingurumen balio handiko espazioetan energia berriztagarrien zentralen megaproiektuak lehentasunezkotzat jotzeko «presioa». 

Araba Bizirik plataformak asteartean Gasteizen emandako prentsaurrekoa. (Araba Bizirik.)

Araba Bizirik-ek manifestazioa deitu du maiatzaren 14an Gasteizen, 19.00etan Bilbo plazatik abiatuta. «Tapia legea» eta, plataformaren esanetan, lege hau «interes pribatuei irekitzea» ekarriko duen «Tapia Legea Plus» neurria, gogor kritikatu ditu astearte honetan Gasteizko Legebiltzarraren aurrean emandako prentsaurrekoan.

Plataformak ohartarazi du azken egunetan Lakuak nabarmen handitu duela ingurumen balio handiko espazioetan energia berriztagarrien zentralen megaproiektuak lehentasunezkotzat jotzeko «presioa».

«Iritzi publikoa baldintzatzen saiatzen den eskaera horiekin, modu autoritarioan jarduteko aukera ematea nahi du, megaproiektu horiek kokatzeko lekurik egokienei buruzko eztabaida saihestuz eta inolako adostasun sozialik gabe», gaitzetsi du.

Hala, herri plataforma honen ustez, EAJk eta PSEk EAJk toki erakundeen «independentzia eta subiranotasuna erasotzen zuen» Tapia Legea onartu ondotik (Eudelek ere gogor salatu zuen Lakuaren ekimena), orain, Ukrainako gerraren aitzakia baliatuta, proiektu horiek «premiaz eta bat-batean» abiatu nahi ditu.

Salatu du agerian geratu dela Lakuak energiaren eraginkortasunari eta honek egin beharreko bideari buruz emandako diskurtsoa «engainu hutsa» dela: «Karbono aztarna minimizatzen duen eta Km0 produktuak lehenesten dituen banaketa kateaz hitz egiten du, nazioarteko enpresa baten planta logistiko bat inauguratzen duen bitartean. Dioenez, bere lehentasuna familia nekazaritza bermatzea da eta, hala ere, gero eta gehiago dira laborantza lurretan proposatzen diren megaproiektuak eta, gaur egun, gero eta gehiago dira ustiapenari eusteko zailtasunak dituzten baserritarrak eta nekazariak».

Landa eremuen babesa eta kontserbazioa

Hori dela eta, Araba Bizirik-ek eskatu du energiaren deskarbonizaziorako eta autohornikuntza sistemarako igarobidea natura guneen eta landa eremuen errespetuan, babesean eta kontserbazioan oinarrituta egin dadila.

«Une honetan beharrezkoa da gizarte eragile guztien parte hartzea, eta ezin da auzi hau interes pribatuak gailentzen dituztenen esku utzi», iritzi du eta, horregatik, baliabideen kudeaketa publikoa egitea aldarrikatu du, «klase popularrek ere aukerak izan ditzaten, eta pertsona bakar bat ere ez dadila baztertuta geratu».

AHT gisako proiektuak gelditzea eskatu du, ohartarazi duenez, «justifikatu gabeko dirua xahutzea» eta funts publikoak enpresa pribatuei transferitzen baitira horrelako proiektuetan, natura guneen kaltetan.

«Natura guneak ondasun komun gisa errespetatzeko eskatzen dugu, interes pribatuei soilik erantzuten dieten megaproiektuek suntsi ez ditzaten. Familia nekazaritza, landa bizitza eta lurralde bateratasuna bermatzeko ezinbestekoak diren laborantzarako eremuak benetan babesteko politika bat gauzatzea eskatzen dugu», aldarrikatu du Araba Bizirik-ek.