INFO

‘bizHIRIak’ foroa antolatu du BDSkoop sareak Irunen martxoaren 26 eta apirilaren 2rako

BDSkoop Behe Bidasoko Ekonomia Sozial Eraldatzaileko sareak bultzatutako ‘bizHIRIak’ foroa martxoaren 26 eta apirilaren 2an egingo dute Irunen. ‘Emakumeak Plazara!’ hiri txangoa izango da lehenena eta bigarren ekimena elkarte eta mugimenduen topaketak.

‘bizHIRIak’ foroaren aurkezpena. (@Bds_Koop)

BDSkoop Behe Bidasoko Ekonomia Sozial Eraldatzaileko sareak antolatutako ‘bizHIRIak’ foroa aurkeztu du asteazken honetan. Ildo horretan, bi ekimen egingo dituzte Irunen, «bizi dugun hiriaren inguruko hausnarketa bultzatzeko asmoz».

Martxoaren 26an, 11.00etan, Irungo San Juan Enparantzatik Parean eta Mertxe Tranchek sorturiko ‘Emakumeak Plazara!’ hiri txangoa egingo du, hiriaren gauzatzean emakumeen ekarpen inbisibilizatua lantzeko.

Apirilaren 2an, aldiz, eskualdea eraldatzeko proposamenak dituzten elkarte eta mugimendu ugarirekin topaketak antolatu ditu Palmera Montero gunean.

BDSkoop Behe Bidasoko Ekonomia Sozial Eraldatzaileko sarea da. «Eraldaketa fabrika» deitu izan dute bere burua; izan ere, ekonomia kritikoa eginez, eskualdean eraldaketa sozialari ekarpena egiteko sare ekonomikoa da.

Ezinegon horretatik, eta lurraldea «eraldaketaren gakoetako» bat» dela iritzita, hiriaren gaineko hausnarketa bultzatu nahi dute. Hau da, «krisi eko-sozialak zeharkaturiko garai» hauetan, zein hiri eredurantz jo behar den, egungo erronkei aurre egiteko hiriak nola eraldatu behar diren, eta hori «behetik gora», parte-hartzea, demokrazia eta komuna dena indartuz nola egin behar den galderei erantzuten saiatuko da sarea.

Hala, gako batzuk aipatu dituzte prentsaurrekoan, eta, lehenik, ekologikoki zein sozialki justua den hiri batera jo behar dela nabarmendu dute. «Naturaren bio-erritmoekin lotuko dena (eta ez hauen kontra) eta desberdinkeria sozialen ezabatzea bilatuko duena», nabarmendu dute.

Gainera, hiriak giza bizitoki espezifikoak direla nabarmendu eta zenbait ezaugarri komun aipatu dituzte, hala nola konplexutasuna, dentsitatea, aniztasuna, zatiketa, eskala edota tertziarizazioa. Hori dela eta, hiria eta honen baldintzak «trantsiziorako abiapuntu gisa» erabili behar direla adierazi dute saretik.

Hiriei loturiko arazoak ere komunak dira hiri askotan: baliabide kontsumoa, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, demokrazia lausoae do bazterketa soziala. Horregatik, «baldintza hiritar» horiek zentrora ekartzea proposatu dute, trantsizioa termino konkretuetan planifikatzeko ezinbestekoak baitira.

Azaldu dutenez, historikoki hiriak elite ekonomiko-politiko jakinek planifikatu dituzte, eta hiria eraldatu nahi duen elkartegintzatik asko dira aldarrikapen, ideia eta planteamendu alternatiboak. «Gure aburuz, trantsizioa norabidetzeko ezinbesteko jakintza ondarea. Guzti hauetan jarriko dugu arreta eta hauetako zenbait bistaratu nahiko dira; betiere, hauek ahots propioz hitz egin ahal izateko plaza ireki», gehitu dute. 

Aipatu dutenez, Hondarribia, Irun eta Hendaia artean osatzen duten eskualdea izanen da hausnarketaren tokia. Bidasoa ibaiaren bi ertzetan diren hiru hiri, erriberetako 97.662 biztanle. «Batzuetan gainetik beste askotan azpitik, bi estatuen arteko mugan bizi den eskualdea. Errealitate anitza izanagatik ere, uste dugu badirela elkarrekin hausnartu eta ekitera gonbidatzen gaituzten hainbat arrazoi», nabarmendu dute.

Guzti honegatik lehen plaza xume bat irekitzeko saiakera egingo dute. Horixe izango baita ‘bizHIRIak’: «Bizi dugun eta nahi dugun eskualde-hiri ereduaz jarduteko plaza bat, foro anitz bat». 

Lehen edizio honetan aipatutako bi data proposamenekin dator, eta jardunaldietan izena emateko BDSkoop sarearen webgunean egin daiteke.