INFO

Joseph Brodsky poetaren ‘Ur-marka’ saiakera euskaraz irakur daiteke aurrenekoz

XX. mendeak eman duen poeta handienen artean sailkatua, Joseph Brodsky Nobel saridunaren ’Ur-marka. Veneziari buruzko saiakera’ euskarara ekarri du Katakrak-ek. Ez da bidai liburu bat, ez eta gida bat, Venezian inspirazioz sortzen zitzaizkionak urtez urte jaso eta esanahiez bete zituenak baizik.

Ezker eskuin, Rikardo Arregi itzultzailea eta Angel Erro hitzatzearen egilea, aurkezpen ekitaldian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Jaiotzez errusiarra zen Joseph Brodsky poeta (San Petesburgo, 1940-Brooklyn, 1996), baina Sobietar Batasunetik kanporatua izan zen eta Ameriketako Estatu Batuetan ezarri zuen bere bizilekua. Ama hizkuntzan idazten zuen poesia, eta ingelera prosa, ez fikzioa eta saiakera idazteko baliatzen zuen. Orain euskaraz ere irakurri ahal izango da.

Idazleak 1972. urtean bisitatu zuen aurreneko aldiz Venezia eta, geroztik, urtero urtero, hogei urtez, mantendu zuen ohitura. Neguan egiten zuen. Ez zuen beste urtaro batean ezagutu. Egonaldi haietan begirada pausatzen zuen, ikusi, idatzi, hausnartu. Consorzio Venezia Nuova erakundeak egindako enkargua medio idatzi zuen 1989. urtean ‘Fondamenta degli Incurabili’, asteazken honetan Katakrak argitaletxeak ‘Ur-marka. Veneziari buruzko saiakera’ izenburuarekin aurkeztu duen liburua.

Euskarara Rikardo Arregi Diaz de Herediaren itzulpenari esker iritsi da. Ohartarazi duenez, honakoa ez da bidai liburu bat, ez eta Veneziatik barrena bidaiatu ahal izateko gida liburu bat ere. Zalantzak azaldu ditu Venezia bera ote den gai nagusia adieraztean. Finean, Venezia delako eszenatokia eta denbora eta urari buruz aritzeko aitzakia. Brodskyrentzat biak sinonimoak dira obra honetan.

«Nola Venezian denbora bera ikuspegi bilakatu den. Bizitza, heriotza, arbasoek utzitakoa, gure ezereza… Eta orduan esango dut agian begirada dela gai nagusia», esan du itzultzaileak.

«Veneziarrek inoiz egiten ez duten gauza bakarra gondolaz ibiltzea da», jaso zuen poetak saiakera honetan. Zeren orriotan ez da hainbeste Venezia ezagutzea baizik eta haien begirada, eta bizimodua ulertzeko moduak aletzea. Baina ez hori bakarrik. Umore handia topatuko du irakurleak, eta konturatuko da ezkon bidaietarako baino, Brodskyk dibortziondoko bidaietarako gomendatzen zuela.

Hitzatzea Angel Erro idazleak egin du. Onartu duenez, liburu honetara ailegatu berria da, ez ordea errusiarraren poemetara. Arregik berak gomendatu ziolako irakurri zuen obra, bestela ez zegoela horretarako tentatua erantsi du. «Poeten prosazko liburuekin ez naiz gehiegi fidatzen», justifikatu du.

Metafora, azken orrietaraino

Ondo ezagutzen zuen Venezia Brodskyk. Bertan «inspirazioz sortzen zitzaizkionak idatzi zituen urtez urte, horiek aberasten joan zen, eta esanahiez bete zituen», esan du Errok. Obra honek egilearen aurrean ispilu moduko bat bezala funtzionatu zuen, izan ere, Hedoi Etxarte editorearen aburuz, «idazle honek dituen arima guztiak agertzen dira Veneziaz hitz egiten duenean».

«Ura denbora da» metafora berreskuratu du Errok. Hori bezelako metaforak eta beste batzuk azken orrietaraino eraman zituen Brodskyk obra honetan, «poesian sinplea den gauza batekin» sakonagoak direnak ulertzen laguntzeraino, mirestu dio.

Klasikoentzat abangoardista zen, eta abangoardistentzat, klasikoa. «Denetarik leporatu didate, eguraldia ezik», esan omen zuen behin. Eta bere jatorriaz galdetuta («Zu zer zara, errusiarra, edo amerikarra?»), hala erantzun zuen: «Judua naiz, poeta errusiarra, saiogile ingelesa, eta herritar estatu batuarra». Honek, akaso, azaltzen du poeta izateaz gain, Joseph Brodskyk tokiari buruzko gogoeta asko egin izana.