INFO

Indarkeria matxistagatik egunero lau salaketa jarri ziren iaz Nafarroan

2021ean egunero lau salaketa jarri zituzten emakumeek Nafarroan tratu txarrak jasan izanagatik. Aurtengo urtarrilean soilik 136 izan dira. Berdintasun Institutuak emandako datuen arabera, egun 346 kasu aktibo daude herrialdean; horietatik bik «muturreko arriskua» dute eta zazpik, arrisku «altua».

Nafarroak iaz jaso zituen indarkeria matxistdn kasuen berri eman du ostegun honetan. (Raúl BOGAJO | FOKU)

Nafarroan 1.639 salaketa erregistratu ziren indarkeria matxistagatik 2021ean, hau da, egunean lau salaketa baino gehiago eta hilean 135 salaketa inguru. Datuek goranzko joera berresten dute, izan ere aurreko urtean baino %5,81 gehiago jaso ziren.

Eva Isturiz Nafarroako Berdintasun Institutuko (INAI) zuzendariak ostegun honetan agerraldi batean jakinarazi duenez, iaz Foruzaingoak 667 salaketa jaso zituen. Aurtengo urtarrilean, bestalde, 136 salaketa aurkeztu ziren lau polizia-kidegoetan.

Indarkeria matxistaren biktimei eta haien seme-alaba adingabeei arreta integrala emateko taldeen (EAIV) bitartez, INAIk 1.085 emakume eta 68 seme-alaba artatu zituen iaz. Horietatik 126 larrialdi-zentroetara bideratu ziren, 11 harrera-etxeetara eta 7 etxebizitza-egoitzetara, seme-alabekin batera (guztira 135 adingabe). Hemen ere goranzko joera dago: 2020an baino %8,39 emakume gehiago baitira.

Isturizek gogorarazi du laguntza hori jasotzeko ez dela beharrezkoa salaketa bat egotea. «Badakigu zein zaila den emakume askorentzat pauso hori ematea. Hala ere, emakumeen aurkako indarkeria-delituak zigorrik gabe ez geratzeko tresna da salaketa», esan du.

«Emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko modu bakarra berdintasun-politika publikoak dira, gizarte zibilarekin koordinatuta», adierazi du Isturizek, eta mezu bat helarazi die indarkeria-egoerak pairatzen dituzten emakumeei: «Haien ondoan gaude laguntzeko, lagundu diezaiekegu, eta, hain zuzen ere, horretan ari gara».

Foruzaingoak hiru eremutan erregistratu ditu emakumearen aurkako indarkeriaren salaketak: erasotzailea bikotekidea edo bikotekide ohia den indarkeria matxista, sexu-askatasuna eta ‘etxeko indarkeria’. Salaketa guztien %76,31 lehenengo kategoriakoak dira.

Kopuruan ondoren kokatzen dira sexu-askatasuneko delituak, (erasoak eta abusuak, adingabeen edo desgaitasunen bat duten pertsonen ustelkeria eta erakustaldi lizuna barne), %14,69rekin; ‘etxeko indarkeria’ko delituak, berriz, salaketen %9 dira.

Nafarroan, gaur egun, indarkeria matxista 346 kasu aktibo daude; horietatik bik «muturreko arriskua» dute eta zazpik, «arrisku handia». Egoera horietan, poliziaren babesa behar da eguneko 24 orduetan.

Salaketaren unea, garrantzitsuenetakoa

Cristina Eseverri Foruzaingoko ikuskatzaileak azaldu duenez, indarkeria matxista kasu bat detektatzean esku hartzen da, arriskua gutxitu ondoren: «Gure lehentasuna biktimei eta seme-alabei arreta espezializatua eta kalitatezkoa eskaintzea da. Lehen une horretan, biktimak entzun, ulertu eta konfiantza eta laguntza eskaini behar zaizkio gure aldetik».

Salaketa jartzeko unea prozesuaren zati garrantzitsuenetako bat dela erantsi du, eta hiru edo lau orduz luza daitekeela. Eseverrik adierazi duenez, zailtasun handiko unea da biktimarentzat, indarkeria-egoerek emakumeengan duten eragin bereziagatik. Hori dela eta, biktimari laguntzen dioten agenteek premisa batzuk izan behar dituzte kontuan biktimarekin harremanetan jartzerakoan. Hala nola, gorputz-hizkuntza zaintzea, bizipenak baliozkotzea, intimitatea eta konfidentzialtasuna zainduko dituen giroa ahalbidetzea eta biktimaren erabakiak errespetatzea.

Ildo horretan, ‘Zero Protokoloa’ izenekoa ezarri da, salaketa jartzeko zailtasunak dituzten biktimekin lehen polizia-harremana izateko jarraibideak ezartzen dituena. Helburua zera da: gertakarien tokian bertan indarkeria-adierazleak identifikatzea, balizko arriskuen balorazioaren kalitatea bermatzeko informazio baliotsua baita.