INFO

Pantaila txikian: urte hasierako ezinbesteko gomendio sorta

Geldialdi txiki bat egin eta lehen ondorioak xehatzen joan nahi nuke. Lehenengoa argia: Netflixen eskaintzak gainezka egiten duen arren, gero eta zailagoa da bertan kalitate goreneko telesailak aurkitzea. Eskaintza interesgarriak topatzeko aukera askoz gehiago dibertsifikatu da beste plataformetan.

«The Responder» (GAUR8)

Somebody Somewhere

HBOMAX

Bizitzari aurre egiteko (ia) ilusio gehienak galdu dituen 40 urtetik gorako emakume baten begietatik (Sam), bakardadeari, etsipenari eta frustrazioari buruzko erretratu zoragarria marrazten duen telesaila da honakoa, guztia pertsonaien irribarre ahaltsuekin bustia. Pertsonaia horiek bizitzak ez dituela merezi duten moduan tratatu sentitzen dute, eta telesaila maisuki mugitzen da komedia eta dramaren artean; ikusleari etengabe irribarreak zein malkoak ateratzen dizkio. Maite duzun pertsona bat galdu ostean bizitza berreraikitzea ez da batere erraza. Are gutxiago atzean utzi nahi izan duzun leku berean egitea eta iraganeko oroitzapen mingotsek bonbardatzen zaituzten bitartean. Istorioaren erdigunean Sam kokatzen da (Bridget Everett), ahizpa hil ondoren, hilabeteak galduta daramatzan emakumea; bizi den herrixkan etorkizunik ez duela uste du, ez da eroso sentitzen bere familian eta ez du gainditzen galeragatiko dolua. Baina lanean Joel eta bere lagun taldea ezagutzen dituenean, ikuspegi ezkor hori aldatzen hasiko da.

Zergatik ikusi beharko zenuke proposamen hau? Hasteko, Bridget Everetten interpretazio lana zoragarria iruditu zaidalako, hunkigarria eta dibertigarria aldi berean. Iraupen laburra duten zortzi ataletan, hainbat gai mahaigaineratzen ditu: homofobia, alkoholismoa, depresioa, gutxiengoentzako gune seguruak sortzearen garrantzia, AEBetan hiri handietatik deskonektatuta bizitzeak eragiten duena, erlijioak gizartean duen eragina, iragana onartu eta bizirik irauteko beharra, edo espero ez zenuen adiskidetasun harremana sortzea zeinen zoragarria izan daitekeen. Foku mediatiko eta marketin kanpaina guztietatik at geratu den ekoizpen txiki hau harribitxia iruditu zait.

As We See It

AMAZON

Munduari autismoaren espektroko nahasmenduen bidez begiratzen dion telesail berezi eta hunkigarria, autismoa duten hiru pisukideren istorioa azaltzen baitu, gizartean lekua hartzen eta beren burua gainditzen saiatzen diren bitartean. Espektro autistaren errealitatea fikziora ekartzerakoan, Jason Katimsek, telesailaren sortzaileak, pertsonaiak sortzerakoan hasieratik argi izan zuen neurodibertsitate hori zuten aktoreek gorpuztu behar zituztela, eta horrek sekulako errealismo eta samurtasun dosiak txertatzen dizkio kontakizunari; ia dokumental bat ikusten ariko bagina bezala sentituko gara. 30 minutuko zortzi atalek, hunkiberatasunez eta umorez erakusten dituzte gazte hauen bizitzak, lorpen handi zein unerik zailenak aurrez aurre jarriaz. Errealitate zaplazteko gazi-gozo bat sentituko duzue, eta enpatia ariketa egiteko ere baliagarria izango zaizue, pertsona hauek bizitzen dituzten hainbat egoeraren bitartez ezin hobeto ulertuko baituzue egunez egun bizi duten errealitatea.

The Responder

AMAZON

«Martin Freeman, minisail ingelesa eta drama poliziakoa». Hori irakurtzea nahikoa izan dut proposamen honen erraietan bi aldiz pentsatu gabe murgiltzeko. Telesaila Tony Schumacher polizia ohi eta idazlearen benetako esperientzietan oinarrituta dago eta tramaren ekintza nagusia protagonistaren astebeteko gaueko txandetan zentratzen da, gero eta tentsio handiagoz bizi duena. Horrek bizitza aldatuko dio, bai berari eta bai lankide berriari. Barrutik birrinduta egon arren, legearen agente gisa duen erantzukizuna azkeneraino bete behar duen gizon baten bidaia iluna erakusten duen gidoi sinple baina sendoa osatu du Schumacherrek, tartean, morala, maitasuna edo galera bezalako gai unibertsalak jorratzen dituen bitartean. Osasun mentala funtsezkoa da pertsonaiaren garapenean, eta baita telesailean ere noski. Gainerako pertsonaia guztiek ezagutzen dute protagonista sufritzen ari den oinazea, eta komisariako kideek osasun mentalari buruzko aurreiritzi klasikoak proiektatzen dituzte une oro. Batzuek adeitasunez tratatzen dute, beste batzuek aldiz mesfidantzaz.

Ez da telesail biribila inondik inora ere, hasiera batean mahaigaineratzen diren gai sakon horiek apur bat azaletik jorratzen dituelako, baina eraginkorra da oso, entretenigarria, eta osasun mentalari eta moraltasunari buruzko hausnarketa esanguratsu eta urragarria.

Station Eleven

HBOMAX

Artea da guztiz kolapsatu den mundu baten euskarri nagusia, eta kultura, pandemia batean bizirauteko ezinbesteko elementua. Hori da telesail berezi, poetiko eta eder honek utzitako mezu garrantzitsuetako bat. Bi denbora tarte erabiliz –pandemia iristen den unea eta 25 urte geroago– mundu postapokaliptiko baten ikuspegi berritzailea aurkezten digun ekoizpena da, zeinetan honelako narratibetan ohikoa izaten den kontrara, indarkeria ez den planetaz jabetu. Tartean pertsonaia sorta paregabea eraiki du Patrick Somerville sortzaileak. Hauen garapena zoragarria iruditu zait, behar den denbora hartzen baitu ezagutu eta ulertu ditzagun. Une batzuetan, “The Leftovers” gogorarazi dit, eta hori asko esatea da. Oraindik martxoan gauden arren, 2022ko telesail onenen motxilan sartu dut dagoeneko. Ezinbestekoa.

Archive 81

NETFLIX

Adi beldurzaleok: suspensea, fenomeno paranormalak eta thriller psikologikoa. Zer gehiago behar duzue? Zenbat gozatu dudan mundu propioa eraiki duen nortasun handiko beldurrezko proposamen honekin. Formatu honetan grabatua ez dagoen arren, found footage azpigeneroa («aurkitutako metrajea» deritzona, “The Blair Witch Project” filmak modan jarri zuena) eta honek eskaintzen dituen erremintak ezin hobeto zukutzen dituen telesaila iruditu zait, eta beldurrezko zinemaren topiko eta erreferentzia ugari maisuki artikulatzen dituena. Enpresari boteretsu batek bideoak zaharberritzen aditua den Dan Turner protagonistari 90eko hamarkadan New Yorkeko Visser eraikinean izandako sute batetik erreskatatutako zintak zaharberritzeko eskatu dio. Horretarako, basoan isolaturik dagoen eraikin batean lan egin beharko du, zinten egoera hain delikatua izanik, ezin direlako bertatik atera. Hortik aurrera, gidoiak berak ezin hobeto aktibatzen ditu generoaren baliabideak eta, horrekin batera, Dina Shihabi eta Mamoudou Athie protagonisten interpretazio nabarmenak. Gertakariaren berreraikuntzan sartu ahala, telesaila gero eta klaustrofobiko eta nahasiago bihurtzen da. Une batean, ikusleak ez daki protagonista burua galtzen ari den, joko makabro batek menderatzen duen bere bizitza, edo ikusten ari den zinten bidez iraganera sarbidea duen.

Pam & Tommy

DISNEY

Pamela Anderson eta Tommy Lee-ren arteko harremanaren istorioa kontatzen duen ekoizpena. 1995ean elkar ezagutu eta ordu gutxira ezkondu zirenean hasi zen erromantze gorabeheratsua ardatz hartuz, eta bereziki, beraien arteko sexu harremanak erakusten zituen bideoa argitara atera zenean sortu zen mundu mailako eskandalua.

1090eko hamarkadako errusiar mendi nostalgikoa den minisaila da, satira kutsua duena, atsekabez eta egia deserosoz betea, eta bereziki gure gizarteak publikoki emakumeez nola abusatzen duen moduari buruz hausnartzen duena. Robert Siegel sortzaileak istorioa kontatzeko modu erabat originala eraiki du eta kapitulu bakoitzean kateatzen diren eszenaratze ideiek aberastasunez hornitzen dute kontakizuna. Oso dibertigarria eta entretenigarria izatearekin batera, pentsarazteko moduko egoerak ere mahaigaineratu ditu. 90eko hamarkadaren erdialdean, pornoaren industria bere gorenean zegoen eta VHSaren garapenak irauli egin zuen ikus-entzunezko merkatua. Aipaturiko bideo horrek egoera horiekin uztartzean koktel esplosibo bat eragin zuen, bereziki Pamela Andersonek sufrituko zuena. Telesailaren tonuak, umore lotsagabearen eta dramaren artean nabigatzen duen arren, une garrantzitsuetan seriotasunez heltzen dio gaiari; iritzi publikoan horrelako bideo intimoak filtratzeak pertsonengan eragin dezakeen kaltea nabarmentzeko, bi figuren deseraikuntza nahiko inteligentea eginez eta haien itxaropenak, ametsak eta anbizioak –pertsonalak eta profesionalak– gauetik goizera nola desagertzen diren erakutsiz. Ospearen aldakortasunaren, AEBetan nagusi den puritanismoaren eta Interneten arriskuen erretratu satiriko eta dramatiko paregabea iruditu zait.

Severance

APPLE TV+

Urte hasiera honetan gehien harritu nauen proposamena eta guztietatik biribilena eta originalena, zalantza izpirik gabe. “Black Mirror” eta “The Office” telesailen elementuak koktel-ontzi batean sartuko bagenitu, “Severance”-ren tankerako zerbait aterako litzateke. Lehena gaiarengatik eta zabaldu nahi den gizarte kritikarengatik. Bizitzeko lan egin ala lan egiteko bizi? Bigarrena, aldiz, agerikoena, ofizina batean girotzen delako, enpresa batean, eta umore dosi txikiak badituelako –“The Office” askoz ere dibertigarriagoa da jakina, honakoa ez delako umorezko telesaila, gehiago baitu thriller psikologikotik–. Mark Scout-ek lantalde bat zuzentzen du Lumon Industries deituriko enpresan. Bertako langileak prozedura kirurgiko baten eraginpean daude –printzipioz borondatez egindakoa–, beraien oroitzapenek lan eremua eta bizitza pertsonala guztiz bereiztea eragiten duen baten eraginpean. Alegia, lanean dauden bitartean ez dutela bizitza pertsonaleko ezer oroitzen, ezertxo ere ez; ez dakite non bizi diren, familiarik duten ala ez edo zoriontsu ala triste bizi diren, esaterako. Laneko ateak gurutzatu eta bizitza pertsonalera bueltatzen direnean, aldiz, alderantzizkoa gertatzen da. Badakite fisikoki non egiten duten lan, jakina, beraiek hala nahi dutelako baitoaz bertara, baina ez dakite zer lan mota egiten duten, zeintzuk diren lankideak, lana gorroto duten ala ez, eta abar. Lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka makabro eta harrigarri honetan kokatzen den esperimentu ausart hau zalantzan jartzen hasten den unean, ordea, Mark misterioz beteriko espiral batean murgilduko da. Gai eta istorio original honi, gainera, Ben Stiller-ek maisuki zuzendutako lehen mailako aktore zerrenda gehitu behar zaio: Adam Scott, Patricia Arquette, Dichen Lachman, John Turturro eta Christopher Walken, besteak beste.

Estetika ere txundigarria iruditu zait. Erakargarritasun nagusietako bat Stillerrek mikromundu bat sortzea lortu duela da. Departamentu bakoitza ekosistema propioa da, eta bertan barne iraultzak, liskarrak eta ustekabeko adiskidetasunak ere gertatzen dira. Guztia da hain aseptikoa, hain txukuna, hain garbia, hain zuria, baina era berean jariatzen duen lurrina hain dago faltsukeriaz betea eta hain da artifiziala, ikusle gisa oso deseroso sentiarazten baitzaitu, aztoragarria izateraino. Lagunartean eta familian eztabaidak piztuko dituen harribitxia.

Anne

FILMIN (martxoaren 25etik aurrera)

Lau atalez osaturiko minisail gogor eta dramatikoa, oso. Benetako gertaera batean oinarritua, Liverpoolen girotzen da, 1989. urtean eta Hillsborougheko tragedia bezala ezagutzen den gertaera azaltzen du. Urte hartako maiatzaren 15ean futbolaren historian egon den hondamendi handienetakoa jazo zen. Ingalaterrako Kopako finalerdietako partida Nottingham Forest eta Liverpoolen artean jokatzen ari zen bitartean, jende olde baten ondorioz Hillsborough- eko zelaian 96 pertsona hesiaren aurka zapaldu eta hil egin ziren. Telesailak gertaera hori helduleku gisa erabiltzen duen arren, izenburuari erreferentzia egiten dion Anne Williams-en –bertan hil zen gazteetako baten ama– pertsonan zentratzen da. Ama gorpuztuz, Maxine Peake-ren antzezpen lana ikusgarria iruditu zait, sufrimendu horrek guztiak pantaila zeharkatzea lortzen baitu gure bihotza birrindu arte. Egia ezagutzeko eta justizia egiteko borroka nekaezin horren testigu bilakatuko zara lehen segundotik.