INFO

Integrazio Batzordeak antolaturiko sostengu kanpainak 176.000 euro biltzea du helburu

Integrazio Batzordeak behar bereziak dituzten ikasleen inklusioa bermatzeko lan egiten du Ipar Euskal Herriko ikastoletan. Urtero bezala haur horien erronka pedagogikoak agerian jarriz elkartasun kanpaina abian eman du. Lehen hitzordu nagusia heldu den martxoaren 26an iraganen da.

Integrazio Batzordeko eta Seaskako ordezkariak aurtengo kanpaina aurkezteko agerraldian. (Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan presente izanen da aurten ere Seaskako ikastoletan gaitasun bereziak dituzten haurren eskolaratzea baldintza egokietan bermatzen duen Integrazio Batzordeak urtero antolatzen duen kanpaina.

Martxoaren 36an ezarriko dituzten informazio mahaien bidez jakin ahal izanen dute herritarrek elkarteak garatzen duen lana.

Frantses Estatuan hutsune handia bada elbarritasunaren bat dituzten haurrak ohiko zentroetan ikasketan egiteko, Integrazio Batzordearen partaide diren familiek eta boluntarioek aitzineratzen duten lana aintzat hartu gabe nekez lortuko lituzkete aipaturiko haurrek ikasketak euskaraz jarraitzea.

Aurtengo kanpainaren xedeak aurkezturiko Donibane Lohizunen martxoaren 16an eskainitako prentsaurrekoan Christelle Minaberry Integrazio Batzordeko kopresidentea, Maiena Etcheverry koordinatzailea eta Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria presente izan ziren.

«Elkarrekin, urrunago goaz!» da aurtengo kanpainaren lema. «Krisi egoeretan ikusi ohi denez, elkar lagunduz eta elkarrekin lan eginez gainditzen baitira zailtasunak» azaldu zuen kanpaina aurkezteko agerraldian Christelle Minaberryk.

Inklusioaren aldeko ekimen nagusiak

Martxoaren 26ko hitzordu nagusi horren osagarriz beste hainbat data finkatu ditu egutegian Integrazio Batzordeak. Atzo, martxoaren 20an, Itsas Laminen Korrika egin zuten Angelun, eta hilaren 28an Larzabalen haur autista baten amak hitzaldia eskainiko du ikasleen aurrean. Finean apirilaren 3an, Neska Korrika antolatu dute Azkainen.

Apirilaren 24an, berriz, Donibane Garaziko zineman dokumental bat emanen dute eta Kanbon Brik a Brak salmenta eguna prestatu dute maiatzaren 26rako.

Sentsibilizazio lana egiteko baliatzen du Integrazio Batzordeak aipaturiko ekimen horiek guztiak. Izan ere, beharrak gero eta handiagoak direnez elbarritasunak dituzten haurrak ikasgeletan jasotzeko, diru-bilketa zinez garrantzitsua da.

Hala, 176.000 euro biltzea litzateke aurtengo kanpainaren helburua.