Subiranotasunen etorkizuna, lege esparrurik gabe baina une historiko latz bat alde duela
Eusko Ikaskuntzak eta Institut d’Estudis Catalans-ek antolatutako jardunaldietan, testuinguru politikoari buruz hausnartu da, bai eta Europako Zuzenbide Estatua eta estatuen subiranotasun gatazken inguruan, hauei bide emateko ideia nagusi eta aukera garbi banarekin: borondatea eta une historikoa.
Eusko Ikaskuntzak eta Institut d’Estudis Catalans-ek sustatutako subiranotasuneko lurralde-gatazkak konpontzeko oinarrien dokumentuaren azken bertsioa aurkeztu eta gizarte zibilaren ekarpenak jaso nahi izan dituzte gaur astelehenean Donostiako Miramar jauregian antolatutako jardunaldietan.
Goizeko lehen panelean, egungo testuinguru politikoari buruz hausnartu da, bai eta Europako Zuzenbide Estatuari eta estatuen barneko subiranotasun gatazkak ebazteari ekarpen gisa argitasun esparru bat bultzatzeko egokitasunari buruz ere. Bertan hartu dute parte Francesco Palermo (Zuzenbide Publiko Konparatuko katedraduna Veronan), Nicola McEwen (Lurralde Politiketako irakaslea Edinburgoko Unibertsitatean), Gemma Ubasart (Zientzia Politikoko irakaslea Gironako Unibertsitatean) eta Juanjo Alvarezek (EHUko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko katedraduna).
Kasuistika ezberdin ugari jarri dituzte mahai gainean, baina bi izan dira ondorio nagusiak: une historikoa eta borondate politikoa.
Alde batetik, Europak bizi duen «bisagra unea» nabaria da, Alvarezek definitu duen moduan, Ukrainako gatazkari begira. «Tristea» dela onartuta, nabarmendu egin du une zailenak direla «egokienak» eztabaida sakonei aurre egiteko eta, kasu honetan, «Europak erantzun demokratikoa eman diezaien subiranotasun gatazkei».
Gerra honek izan ditzakeen ondorioak ere izan ditu mintzagai Ubasartek: «Europako gako batzuk alda ditzake eta nola konpontzen diren ikusi beharko da. Nabarmenagoa da Europar Batasunean subiranotasun gatazkak konpontzeko esparru baten beharra».
McEwenek Europar Batasunak, barne arazoak direla argudiatuta, bere estatu kideetako gatazka subiranistetatik kanpo mantentzeko duen «ohitura» kritikatu egin du. Bere ustez, bere «erantzukizuna» da, «interes propiokoa» dela ulertzeaz gain, EBren etorkizuna bera baldintzatzen baitu.
Dena da borondatea: baita legea ere
Bestetik, «borondate politiko» baten beharra azpimarratu dute, baina «borondate» hau askotan gertakariei lotuta doala, nahi denean eztabaida hauei bide ematen zaiela gogoratuz.
Zentzu horretan irakasle eskoziarrak gogora ekarri du Eskoziako kasua, adibide onenaren gisa. Gaur egun Edinburgoko Parlamentua erreferenduma antolatu ahal izateko legeak egiten ari da, baina 2014an prozesu hau ez zen beharrezkoa izan, Londresekin akordio batera iritsi zenean. Orduko egoera berezia ez du ahaztu McEwen-ek; gehiengo absolutua ekiditeko sistema politiko batean SNP-k lortu zuen gehiengo hori. Orduan inork ez zuen espero, orain gertatzen denaren kontra, independentismoak irabazi zezakeenik.
Francesco Palermo: «Legeak gatazkak arautu behar ditu, legezko erantzuna behar da»
Eskoziakoa, ziur asko, kasurik ezagunena izan da, baina Palermok nabarmendu egin du azken 30 urtetan asko izan direla Europa mailan egin diren subiranotasun erreferendumak, «leku, une eta formatu oso desberdinetan». «Subiranotasun gatazkak daudenean, horien gainean lan egiteko bideak eman behar ditu legeak. Legeak gatazkak arautu behar ditu». Eta Kataluniako auzia izan du mintzagai puntu horretan. «Eztabaida politikoak konponbide politikoa behar du. Legezko erantzuna behar da. Legeak ez badu hau hornitzen, lege berri bat behar dugu, hori bezain sinplea».
Bide beretik aritu da Ubasart, gatazkak «politikoak» eta «ez legalak» direla azpimarratuz. «Ondoren, erabaki hori bideratzeko bideak aurkitu beharko ditugu. Sistema konstituzionalak gehiengoaren borondatea bideratzeko modua aurkitu behar du. Negoziazio eta egokitze prozesu bat testuinguru demokratiko batean kokatzea, eta kontsulta mekanismoak gaitzea».
Kontsulta edo erreferenduma dira gatazka hauei bide emateko burura datozkigun tresna nagusiak, baina Palermok beste mekanismo batzuk ere izan ditu hizpide. Hala nola Konstituzio prozesuak hasteko legebiltzarreko gehiengo kualifikatua, erreferendumen arteko hauteskundeak edo nazioarteko taldeen parte-hartzea.
Erantzuna, estatuen barruan eta Europar Batasunean
Aukera guzti horiek plazaratuta, arazoa bidean dagoela, eta ez emaitzean, ondorioztatu dute. McEwen-ek gogora ekarri du Eskoziako 2014ko kasuan, nahiz-eta unionismoak garaipen argi bat lortu, «prozesu pozgarria» izan zela.
Horregatik, Europa mailan gaur egun ez dagoen marko juridikoa izatearen beharra azpimarratu du Ubasartek. «Europako mekanismo bat egon beharko litzateke, eta horren isla lurralde gatazka duten estatuetan. Gai enkistatua izateak ez du esan nahi eraldatu ezin denik. EBk ezin du onartu bere estatu kideetan enkistatutako arazorik». Horregatik, konponbideak bai nazioarteko zuzenbidean, bai barne zuzenbidean bilatu behar direla iritzi du.
Juanjo Alvarez: «Ez dago independentzia adierazpena legezkoa den ala ez adierazten duen jarraibide juridikorik»
Eta gatazka hauei aurre egiteko moduan jarri du ikusmira Alvarezek, Europar Batasunari «oinarri batzuk» eta «jarduteko agertoki argi bat» jartzeko eskatuz. «Erabakitzeko eskubidea ez dago kodetuta. Pragmatismo diplomatikoko ariketa bat da. Ez dago independentzia adierazpena legezkoa den ala ez adierazten duen jarraibide juridikorik. Borondate politikoa da», berretsi du, Pedro Sanchezek Maroko eta Sahararen arteko gatazkan egin dituen azken adierazpenak gogora ekarriz.
«Legelariok jarraibideak ezarri beharko genituzke eztabaida hori bideratzeko. Arazoa konpontzeko modurik onena hau da», gehitu du Alvarezek. «Nazioarteko zuzenbidean zumeak daude jardun ahal izateko, Europar Batasunean ere bai, eta kaos geopolitikoak eztabaida lasaia eskatzen du, gauzak ondo egiteko. Nola egingo dugu jauzi estatuek inposatzen duten blindajetik?», galdegin du.
Gogoetak, Europako Etorkizunari buruzko Konferentziara
Gogoeta guzti hauek, Eusko Ikaskuntzak eta Institut d’Estudis Catalans-ek sustatutako dokumentuaren azken bertsioaren parte dira, zeinetan 80 aditu inguruk hartu duten parte. Gaurko ekarpenekin batera, dokumentua Europako Etorkizunari buruzko Konferentzian (CoFoE) aurkeztuko dute.
CoFoE Europar Batasun indartsuago baten oinarriak eraikitzeko abiarazitako prozesua da, herrialde kideek kolektiboki etorkizunerako prestatzeko aukera izan dezaten. Kontsulta sorta bat da, eta bertan, 2021eko maiatzetik 2022ko udaberrira bitartean, Europako herritarren EB erreformatzeko ideiak biltzen dira.