INFO

EAEn Estatuak eragindako biktimak aitortzeko epe berria eskatu du Foro Sozialak

Estatuak eragindako EAEko Biktimen Legearen garapenak izandako emaitzak baloratu eta etorkizunari buruzko zenbait gomendio aurkeztu ditu Foro Sozialak. Aitortza-eskaerak aurkezteko epea berriro irekitzeko eskatu du, besteak beste.

Nekane Altzelai eta Agus Hernane, Foro Sozialeko kideak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Foro Sozialeko Nekane Altzelaik eta Agus Hernanek prentsaurrekoa eman dute astearte honetan Donostian EAEko 12/2016 Legearen (Estatuaren indarkeriak eragindako Biktimen Legea) garapenak jasotako emaitzak baloratzeko eta etorkizunari buruzko zenbait gomendio aurkezteko. Zehazki, aitortza-eskaerak aurkezteko epea berriro irekitzeko eskatu dute. Egiari Zorrek ere aukera hori aipatu zuen NAIZi emandako elkarrizketan, emaitzak eskasak zirela egiaztatu ondoren.

Azaldu dutenez, Foro Sozialaren helburua mota guztietako biktimenganako diskriminazioa gainditzea da, «izan hitzezkoak edo ekintzakoak». «2021an, presoen harreraren gaia behin betiko ixteko beharrezko baldintzak sortuz amaitu genuen. Orain, beste biktima batzuek ere jasaten dituzten diskriminazio-adierazpenak gainditzeko pauso erabakigarriak emateko garaia da: Estatuaren indarkerien biktimak», adierazi dute.

Joan den abenduan bukatu zen 12/2016 Legeari aitortza-eskaerak aurkezteko epea. Geroago, Lakuako jakinarazi du 710 eskaera aurkeztu eta onartu direla tramitatzeko (jakina denez, beste 500 polizikide eta guardia zibilek mahaigaineratutakoak ziren, iruzur eginez, legearen helburua desitxuratzeko asmoz). «Kopuru horrek erakusten du oraindik bide luzea egin behar dela biktima horien aitortzarako, eta balorazio gazi-gozoa egitera eraman gaitu», diote Foro Sozialetik.

Izan ere, aitortza-eskaera egin duten biktimek oraindik gutxi direla adierazi dute. «Estatuaren indarkeria horiek 366 hildako, 1172 zauritu eta 4113 tortura kasu (ofizialki aitortuak) eragin dituzte. Horietatik, 88 hildako eta 66 zauritu onartuak zeuden aurreko dekretuen bidez. Hau da, %13k bakarrik eman dute aitortza eskaerak aurkezteko pausoa», azaldu dute.

Kopuru txiki horren atzean hiru arrazoi nagusi identifikatu dituzte, eta gainditzeko bidean jartzeko proposamenak egingo dituztela.

Lehena, biktimek justiziarekiko duten «mesfidantza». «Identifikatutako Estatuaren 366 biktimetatik, %38 argitu gabeko kasuak dira. Eta esan beharra dago argitu gabeko kasu hauek agenda publikotik kanpo daudela».

Bigarrena, biktima horiek instituzioetako politiketan duten «konfiantzaren haustura sakona».

Hirugarrena, «abandonatuta egotearen sentsazio sakona, bigarren mailako biktima izatearen sentsazioa eta etengabeko bir-biktimizazioa».

Gainera, biktima hauentzat justiziaren bidea itxita dagoela salatu dute, «bai epaitegietan baita Sekretu Ofizialen Legean ere (joan den ostiralean CNIk Zabalza kasuari emandako erantzunarekin ikusi genuen bezala). Honek guztiak erabateko inpunitatea sortzen du».

Gomendioak

Egoera horren aurrean, gomendio hauek egin ditu Foro Sozial Iraunkorrak:

Aitortza-eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea. Horrekin batera, komunikazio-kanpaina egokia egin beharko litzatekela uste du taldeak, «bai eta biktimei laguntzeko hurbileko zerbitzu bat martxan jarri ere, bitarteko eta prestakuntza egokiekin».

Gainera, Balorazio Batzordeari lan-baliabide gehiago eman behar zaizkiola uste dute, «orain arte jasotako 710 espedienteak arrazoizko epe batean ebatzi ahal izan ditzan, epeak luzatu gabe, zeren eta luzatzeak segurtasun falta eragingo lieke biktimei».

Lakuak, espedienteak ebaztearekin batera, biktimei konfiantza emateko erreparazio ekimenak antolatu beharko lituzke, Foroaren ustez.