INFO

Faxismoaren gorakadari aurre egiteko ‘Aurrean Gara Gaur’ kanpainari ekin dio Ernaik

Ernai gazte antolakundeak faxismoaren gorakadari aurre egiteko eta memoria eta antifaxismoa sustatzeko ‘Aurrean Gara Gaur’ kanpaina abiatu du Gernikan.

Ernaiko kideak Gernikako Astra eraikinaren ondoko bunkerraren aurrean eta gainean, ‘Aurrean Gara Gaur’ kanpaina aurkezten. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ernai gazte antolakundeak ‘Aurrean Gara Gaur’ kanpaina aurkeztu du, asteazken honetan, Gernikako Astra eraikinaren aurrean, 36ko gerrako bunkerrean, alegia. Kanpainaren helburua «faxismoaren eta eskuin muturraren gorakada ikusita» gazteak «aurrean» daudela ohartaraztea da. Horretaz gain, Ernaik jakinarazi du 2022ko lan ildoetako bat borroka antifaxistaren «indartzean eta aberastean» bere «aletxoa» jartzea dela. Era berean, aurreratu du datorren maiatzaren 7an, larunbatean, Bizkargi Eguna ospatuko duela.

Ernaik azaldu duenez, «1978ko erregimena, nazioarteko eskuin muturraren gorakadarekin batera, faxismoaren oldarraldi baterako agertokia da». Era berean, gazte erakundeak ohartarazi du dagoeneko gorakada horren ondorio batzuk bizitzen ari garela: «Eskuin muturraren gaitasuna gizarteko hainbat gaitan agenda markatzeko, autoritarismoaren gorakada bortitza, indar polizialetan eta Estatuko aparatu zehatz batzuetan faxisten integrazioa (...), LGTBI fobia, matxismoa, arrazismoa eta euskaldunekiko gorrotoa, besteak beste».

Kezka hauek bultzatuta, Ernaik azaldu du kanpaina honen bidez mezu nagusi bat helarazi nahi diola gazteriari: batetik, faxismoaren eta eskuin muturraren «gorakada» ikusita, «aurrean» daudela «gaur». Gaur hitzaren erabilerari dagokionez, Ernaik argudiatu du faxismoa, gaurko egunez, «gure artean bizi delako» aukeratu dutela kanpainarako; eta, bestetik, «aurrean garela» diote dagoeneko «bagaudelako».

Gernikako ekitaldian, gazte antolakundeak «Euskal Herri aske baten alde» antolatzen diren bestelako borrokei eta proiektu eraldatzaileei aitortza bat egin nahi izan die eta, gainera, borroka horietatik «ikasi» nahi dutela esan dute.

Hala ere, egungo faxismoaren jatorria ulertzeko, faxisten altxamenduak eragindako gerra ekarri dute gogora gazteek. «1937ko gertakarien memoria egiteko ardura gure egiten dugu, belaunaldiz belaunaldi gure Herriaren historia transmitituz», konprometitu da Ernai.

Ikur frankisten eraispena

‘Aurrean Gara Gaur’ kanpaina ofizialki aurkeztu aurretik, Eranik hainbat monumentu eta gurutze frankista eraitsi ditu azken boladan Bizkaian zehar.

Tartean, Ondarroakoa, Lemoatxakoa, Erandioko gurutze frankista eta, azkenik, astearte honetan Barakaldokoa eraitsi dute. Ondorioz, Bizkaiko kaleetatik monumentu frankista guztiak desagerrarazi dituela aldarrikatu du.