INFO

EH Bilduren Batzar Nazionalak EAEko Hezkuntza Akordioa onartu du gehiengo zabalez

Egoera politikoa aztertzeko eta hezkuntzari buruzko Gasteizko Legebiltzarreko akordioaren edukiak eztabaidatzeko Batzar Nagusia egin du EH Bilduk larunbat honetan Arabako hiriburuan. Hitzarmena berretsi du koalizio abertzaleak. Partaideen %81ek alde bozkatu dute, %8k kontra eta %11k zuri.

Bilkideek EAEko Hezkuntza Hitzarmena berretsi dute. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Salbuespeneko egoeran gaude eta gerrak sortutako egoera ekonomikoari erantzuteko neurriak proposatuko ditugu», adierazi du Arnaldo Otegik EH Bilduren Batzar Nagusian, Arabako hiriburuko Europa Jauregian. Testuinguru politikoa irakurtzeaz gain, hezkuntzaren inguruko Gasteizko Legebiltzarreko hitzarmenaren edukiak eztabaidatu eta baieztatzeko balio izan du hitzorduak. Koalizio subiranistako kideen %81ek aldeko botoa eman dute, beste %8k aurkakoa eta %11k zuri bozkatu dute.

«Beste behin berretsi da EH Bildu akordioetan dagoenean herritarren bizitza hobetzen dela. Eragiten jarraituko dugu, konpromiso osoz», azpimarratu dute.

Astelehenean, egoera ekonomikorako proposamen zehatz bat

Otegik adierazi duenez, Batzarrak ongi baloratu du EH Bilduk hezkuntza proiektu honetan egin duen ahalegina eta lana, hiru probintziatarako besterik ez bada ere, eta horregatik babestu du.

Bestetik, Ukrainari buruz luze eta zabal hitz egin dutela azaldu du, inbasioaren kontra daudela argi eta garbi utziz berriz ere. «Gernikako seme-alabak baikara, baita NATOri ezetz esan zion herrikoak ere. Armen kontrako apustua ere egiten dugu, eta negoziazioaren eta irtenbide demokratikoaren aldekoa».

Hortik harago, gerra honek arlo sozial eta ekonomikoan zer nolako eragina duen ikusten ari dira: energiaren garestitzea, elikagaiekin dauden arazoak... «Bagentozen salbuespenezko egoera batetik eta orain areagotu egin da. Zentzu horretan, asteleheneko mahai politikoan hau errepasatuko dugu zehazki: jendea sufritzen ari den eragin ekonomiko eta sozialaren inguruan hausnartuko dugu eta honi aurre egiteko proposamen zehatz bat planteatuko dugu».

Legebiltzarkideen %90 baino gehiagoren atxikimendua

Hezkuntza Akordiora itzuliz, babes zabala izan du EH Bildun, eta baita Gasteizko Legebiltzarrean ere. Euskara eta eskola publikoa ditu ardatz, eta legebiltzarkideen %90 baino gehiagoren atxikimendua lortu du. Hori ez da batere ohikoa, eta duen balioa nabarmendu dute alderdi sustatzaileek, EH Bilduk, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk.

PP+Cs izan da akordioaren kontra azaldu den alderdi bakarra, EH Bilduren aurrean men egiten duen ituna dela argudiatuta.

Hitzarmenak orain garatu behar den legearen oinarriak jasotzen ditu. Puntu asko zehaztu dituzte. Adibidez, ikastetxeei «gaitasuna eta ahalduntzea» ematea, ikaslea erdian jarrita ikastetxe bakoitzak bere proiektua egiteko, ebaluatu egingo beharko dena eta ikaslearen irteera profila lortu beharko duena. Beste atal asko legeak berak finkatu beharko ditu.

Lehen itun hori erdietsita, astelehenean, martxoak 28, batzordean eta apirilaren 7an, osoko bilkuran onartuko da. Handik Gobernu Kontseilura joango da, talde parlamentarioen eztabaida abian jarriz. Lege proiektua hurrengo urteko udaberrirako egon daiteke martxan.