INFO

Kiev eta Donetsk dira zonalde zigortuenak, hildako umeen balantzeari erreparatuta

Ukrainako Fiskaltzak larunbat honetan ziurtatu duenez 136 haur hil dira gerraren ondorioz inbasioa hasi zenetik. Horietatik erdia Kieveko eremuan eta kopuru handi bat ere Donbassen, Donetsken hain zuzen ere.

Umeak artatzen Zaporiyiako erietxe batean. (Emre Caylak | AFP)

Ukrainako Adingabeen Fiskaltzak larunbat honetan ziurtatu duenez, gutxienez 136 haur hil eta 199 baino gehiago zauritu dira Errusiak otsailaren 24an herrialdea inbaditu zuenetik larunbat honetara arte egindako erasoetan.

Datuak oso zalantzazkoak dira gerra honetan zehar, Errusiak eta Ukrainak emandakoen artean alde handiak baitaude eta horiek neurtzeko baldintzetan den erakunde independienterik ez baita agertu. Hori aurretik jarrita, Fiskaltzaren balantzetik ondorio batzuk atera daitezke, esaterako gerra Kiev ingurua eta Donbass kolpatzen ari dela bereziki.

Izan ere, hildako eta zauritutako haur gehienak Kiev hiriburuan izan dira (64), ondoren Donetsk (50), ondoren Kharkov (44), Txernigov (38), Jerson (20), Zaporiyia (20), Yitomir (15) eta Sumy (14), beti ere Ukrainako Fiskaltzaren arabera.

Era berean, Fiskaltzak salatu du 570 ikastetxek (adin guztietakoak) kalte materialak izan dituztela inbasioaren hasieratik, eta horietatik 73 erabat suntsituta geratu direla.

Eskola gehienak Donetsk eskualdean jazo dituzte erasoak, herrialdearen ekialdeko frontean, non 138k jaso duten errusiarren erasoen eragina. Kiev hiriburuko 41 eskola inguru ere kaltetu dira.

Nazio Batuen Erakundeak 2.788 biktima zibil erregistratu ditu Ukrainan, Errusiak otsailaren 24an erasoaldi militarra abiatu zuenetik, horien artean 1.081 hildako, 93 haur barne, baina erakundeak berak uste du benetako datua «nabarmen handiagoa» izango dela.