INFO

Zurriolako hondartzan apiriletik urrira sorosle zerbitzua jartzea proposatu du EH Bilduk

Martxoaren 15ean paddle surf egiten ari zen estatubatuar bat hil ostean, surflari eta bainularien kezka aregaotu egin da. Izan ere, Zurriolako hondartzari sustapen handia egin diote erakundeetatik eta jende ugari erakartzen du, baina segurtasun aldetik ez dator horrekin bat.

Surflari bat olatu baten barruan, Zurriolan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Donostiako Zurriola hondartzan garatzeko proiektu pilotu bat proposatzeko ekimena erregistratu du EH Bilduk. Hondartza honen erabiltzaileek eta sorosleek proposatutako neurri bat da honakoa, Euskal Herriko beste hondartza batzuetan hartu dituzten neurriak adibidetzat hartuta, hala nola Biarritzen.

Apiriletik urrira bitartean Zurriolako hondartzan sorosle zerbitzu publiko aktibo bat egotea proposatzen dute, surferako aproposa den hondartza izanik, urte osoan zehar egoten delako bertan jendea. Egun, surflariak taldeka antolatzen dira Udal Gobernuak sorosle zerbitzu publikoa ezartzen ez duen hilabeteetan. Adierazi dutenez, iazko apirilean, Aste Santuko oporretan, 16 esku-hartze egin zituzten arriskuan zeuden surflari eta bainulariak salbatzeko. Pasa den martxoaren 15ean, berriz, paddle surf egiten ari zen estatubatuar bat hil zen. Hori dela eta, Zurriolako hondartzako segurtasunari buruzko eztabaida areagotu egin da.

Erakundeek Zurriolako hondartza asko sustatu dute eta horregatik turismoa izugarri areagotu da. Egun Donostia Surfeko Hirien Nazioarteko Sarearen buru da, eta berari dagokio jarduerak eta ekitaldiak koordinatzea. Haatik, «hori ez dator bat eskaintzen diren funtsezko zerbitzuekin». Hala, EH Bilduk eskatzen du «Donostiako turismo sustapena serioski birplanteatu beharko litzatekeela baina, bitartean, sustapen horrekin batera, erabilerari dagozkion garbiketa, segurtasun eta kalitate zerbitzuak ere eskaintzea».

Sufrlari eta bainularien eskarien aurrean, Eneko Goia alkateak adierazi du «oso zaila» ikusten duela sorosle zerbitzua bermatzea, eta «erantzunkizun indibiduala» eskatu du. «Egoskorkeria» hori «ulertezina» dela uste du EH Bilduk, ezin baita «gonbidatu Donostiara etortzeko munduko surflari guztiei, urteko edozein garaitan, eta, aldi berean, oinarrizko zerbitzuak ukatzea, bai bertako erabiltzaileei, baita bisitariei ere».

Koalizioaren ustez, inguruan badira surfa sustatu duten hiriak, baina «koherenteak» izan dira horrekin eta salbamendu zerbitzuak egokitu dituzte. «Horren adibide da Biarritz, non bere 6 hondartzetan erabilera eta arriskuak aztertu ondoren, sorospen ordutegiak egokitu egin diren. Hiru hondartzatan udako ordutegia mantentzen da, ekainetik irailera, eta beste hiruretan sorospen zerbitzua egokitu egin da, eta maiatzetik urrira zabaldu da, bakoitzaren erabileraren eta egindako surfaren sustapenaren arabera», azaldu dute.

Hori dela eta,. Udal Gobernuari eskatzen diote egindako proposamena kontuan har dezala eta 2023 urtera begira proiektu pilotua martxan jan dezala apiriletik urrira bitarteko sorospen zerbitzua bermatzeko.