Eguneko Kilometroak jaietik urte osoko Milimetroak eredura salto egin du Ikastolen Elkarteak
Oarsoaldean eta Tolosaldean egingo dira Milimetroak; apirilaren 26an eta maiatzaren 20an, hurrenez hurren. Gipuzkoako eta, aurrerago, Euskal Herriko ikastolen saretzea bilatzen du ekimen berri honek.
Oarsoaldeak eta Tolosaldeak hartuko dute estreinakoz Milimetroak ikastolen proiektu berria. Aurten Ibarrako Uzturpe ikastolak antolatuko duen Kilometroak jai erraldoi eta bakarraren ordez, urte osoan ikastolen arteko saretzea eta auzolana bilatuko ditu Milimetroak eredu berriak, eta eskualdeka antolatuko da.
Astearte honetan aurkeztu dute proiektua Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko kideak eta Orereta zein Tolosaldeko hainbat ikastoletako ordezkariek. Artolak esan du Kilometroak jaiak eredu berri batean sinesten duela eta bide horretan kokatzen dutela Milimetroak.
Oarsoaldean eta Tolosaldean egingo dira; apirilaren 26an eta maiatzaren 20an, hurrenez hurren. Eredu berriaren ezaugarrien artean ondorengoak aipatu ditu Artolak: «Jai parte hartzaileagoa egitea; ikastola batetik ikastola guztietara salto egingo duena eta herritik atera eta Gipuzkoara hedatuko dena, baita Euskal Herrira ere. Eta egun batetik urte osora zabalduko dena; komunitate osoaren parte hartzea sustatuko duena, bereziki ikasleena. Era berean, ikastolek berezko duten kultur sorkuntzari plazak eskainiko dizkie, besteak beste».
Datozen urteetan ekimena eskualde gehiagoetara heltzea du asmo Ikastolen Elkarteak, «pixkanaka Gipuzkoako ikastolen ekarpen hau lurralde osora zabaldu dadin».
Naziotasuna eta burujabetza
Gai bana aukeratu dute Tolosaldean eta Oarsoaldean Milimetroak ekimena girotzeko. Naziotasuna hautatu du lehenak, aurrez-aurreko elkar ezagutzaren bidetik. Hala, eskualdeko ikasleen arteko harremana eta elkar ezagutza sustatuko dituzte eta keinu egingo diote Euskal Herrian antolatzen diren ikastolen aldeko beste lau jaiei (Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Herri Urrats).
Oarsoaldean, berriz, herritarren eta herrien burujabetzaren inguruan antolatu dute apirilaren 26ko eguna. Egun horretan, hain zuzen, beteko da Gernikaren bonbardaketaren 85. urteurrena eta data baliatu nahi izan dute.