INFO

Elkarrekin Podemosek Bilboko HAPO berriaren aurka bozkatuko du

Elkarrekin Podemos IUk Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Orokor berriaren aurka bozkatuko du ostegunean. Zaharkituta jaio dela uste du eta Bizkaiko hiriburuaren etorkizuneko erronkei ez diela erantzuten.

Elkarrekin Podemoseko zinegotziak. (Elkarrekin Podemos Bilbo)

Ostegunean Bilboko Udaleko Osoko Bilkuran bozkatuko den Hiri Antolamendurako Plan Orokor berriaren aurka egingo du Elkarrekin Podemos IU taldeak.

Astearte honetan egindako prentsaurrekoan Ana Viñalsek bozeramaileak ezezko botoaren arrazoiak eman ditu: «ezin dugu babestu berandu eta gaizki datorren plan bat, zaharkituta jaiotzen dena, etorkizuneko erronkei eta Garapen Iraunkorraren Helburuei erantzuten ez diena, Gizarte Oreka bermatzen ez duena, auzoen benetako beharrei erantzuten ez diena, etxebizitzarako eskubidea bermatzen ez duena, Mugikortasun Iraunkorraren eta Ingurumen Iraunkortasunaren aldeko apustu erabakiorrik egiten ez duena».

Gainera, hirigintza feministaren ikuspegitik, plan orokorrak genero-ikuspegia ez duela barne hartzen salatu du: «Badirudi historia errepikatzen ari dela: gizonak gure hiriak diseinatzen beren irudiaren arabera. Ezin dugu Bilboren eta bertako jendearen etorkizuna hipotekatu datozen hamarkadetarako».

Koalizioaren ustez, HAPO berriak «ez du bermatzen pertsona guztiek etxebizitza eta oinarrizko zerbitzu egoki, seguru eta eskuragarriak izatea». Bozeramailearen hitzetan, Bilbok oso arazo larria du etxebizitzaren prezioarekin, bai salmentarekin, bai batez ere alokairuarekin. 13.000 pertsona baino gehiago daude alokairu sozial eta eskuragarria eskatzen, alokairu libreko etxebizitzen batez besteko prezioa 1.000 eurotik gorakoa delako.

Elkarrekin Podemosen ustez, Bilbon, gutxienez, babes ofizialeko etxebizitzen lurzoru berriaren erreserben erdia alokairu sozial- eskuragarrira bideratu beharko litzateke, «baina udal-gobernuaren aldetik ere ez dago konpromiso hori».

«Jaurlaritzak iragarri du etorkizunean Bilbok 15.000 etxebizitza berri izango dituela, baina zenbat izango dira alokairu sozialekoak? Plan horrek zehaztu lezake, baina Udal Gobernuari ez zaio interesatzen. Legea betetzen duen plana da, baina ez ditu bilbotarren egungo eta etorkizuneko etxebizitza-beharrak betetzen. Eta ezin dugu Habitazio Larrialdiari erantzuten ez dion Plan bat babestu», deitoratu du Viñalsek.

Gainera, Elkarrekin Podemosentzak plan berriak «ez du Mugikortasun Iraunkorraren aldeko apusturik egiten, Bilbon oraindik ez dugu bidegorri segururik eta interkonektaturik. Plan hau historiako hirigintza-dokumenturik berdeena bezala saldu nahi bazaigu ere, praktikan hirigintza-jarduketei lotutako zuhaitz-estandarra beteko du».

Era berean, bozeramaileak salatu duenez, «ez du oreka soziala bermatzen, ezta auzoen benetako beharrei erantzuten ere». «Ezin dugu babestu malgutasun eta diskrezionaltasun handiegia ematea planteatzen duen plan bat, gure auzoetako hurbileko ekipamendu sozial eta kulturalen ordez sustapen ekonomikoko ekipamenduak jartzeraino. Horrek kezkatu egiten gaitu, deskapitalizazio soziala ekar dezakeelako», ebatzi du.