Euskal hiztunen eskubideen defentsan, mobilizazioa deitu du Kontseiluak Iruñean maiatzaren 7an
Nafar Gobernuak proposatutako Merezimenduen Dekretuaren harira, «herritarrak ez gutxiesteko» eta euskal hiztunen eskubideak defendatzeko aldarrikatu du Kontseiluak. Zentzu horretan, mobilizazioa deitu dute Iruñean maiatzaren 7rako.
Euskalgintzaren Kontseiluak mobilizazioa deitu du maiatzaren 7rako, Iruñean. ‘Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat’ lelopean, nafar Gobernuak aurreikusia duen Merezimenduen Dekretuaren aurka eta «geure eskubideak kontuan hartuko dituen politika indarren» alde aterako dira kalera.
Nafar hiriburuko Laba aretoan egindako agerraldian, Kontseiluko idazkari nagusi den Paul Bilbaok hartu du hitza, hainbat eragilek lagunduta. «Berriz ere bildu gara, Nafarroako herritarrak gutxietsi ez ditzatela aldarrikatzeko». Adierazi duenez, «amesgaizto hori amaitutzat» jotzen zuten, baina hizkuntza eskubideen inguruko azken mugimenduek kontrakoa jarri dute mahai gainean.
Euskarak Nafarroan duen zonifikazioan kokatu du «jatorrizko gaitza», baina azkenaldian «lege diskriminatzailearen irakurketa are diskriminatzaileagoa egiten ari direla» nabarmendu du. «Edozein logika gainditzen duen» erabakitzat jo du Nafarroako administrazioan berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza euskararen ezagutzaren gainetik jartzea.
Gogora ekarri du, aurreko legealdian, nafar Gobernuak «urrats batzu egin nahi izan zituela», baina Auzitegiak «kamustu» zituela hauek. Maria Chiviteren Gobernuak, aldiz, «Auzitegiak onartutakoa ere ezabatu nahi du». «Horrek erakusten du Merezimenduen Dekretu berriaren helburua ez dela Auzitegiak baliogabetutakoari irtenbidea ematea, baizik eta euskal hiztunon eskubideak zokoratzea», gehitu du.
Neurri hauen aurka, baina, Nafarroan «gero eta euskaldun gehiago garela» ospatu du Bilbaok. «Ez doa guk nahiko genukeen abiaduran, baina badoa. Kontua da herritar horiek automatikoki baztertzen direla administraziora jotzean».
Parametroak aldatu
Horren aurrean, parametro edo meritu sistema batez aritu beharrean «eskubideaz» aritzearen alde egin du. «Ez gara ari gauza abstraktu batez, administrazioan euskaraz jarduteko eta erantzuna euskaraz joasotzeko eskubideaz ari gara. Arreta euskaraz eskaintzea».
Eta ikusmira botere publikoek eskubide hau bermatzeko hartu beharreko neurrietan jarri du. «Eskubideak erdigunean jartzen baditugu, nekez uler daiteke Nafarroan egungo Gobernuak daraman politika. Ez dago ulertzerik proposatutako Merezimenduen Dekretua».
Urraketa hau kontuan hartuta, «kalera ateratzeko beharra» ikusi du Kontseiluak. «Ez dago euskal hiztunon komunitatea desagerraraziko duen legerik, ez dago euskarak bizitzeko borondatea desagerraraziko duen dekreturik» eta maiatzaren 7an mobilizatuko dira «geure eskubideak kontuan hartuko dituen politika indarrean jar dadin eskatzeko».